Europako Batzordeak, berriki, suizidioaren prebentziorako Osakidetzaren BIZI programa hautatu du osasun mentalaren arloko Europako etorkizun handiko jardunbide. Bere kategorian boto kopururik handiena jaso du. Hala jakinarazi dute Osasun Sailak eta Osakidetzak, urtero urriaren 10ean ospatzen den Osasun Mentalaren Mundu Egunean.
BIZI programa suizidioaren prebentzioari buruzko oinarrizko kontzeptuak jorratzen dituen online prestakuntza-ikastaro bat da. Ikastaroa profesional ez-sanitarioei edo profesional sanitario ez-klinikoei zuzentzen zaie, eta erraz ulertzeko moduko hizkuntza erraza erabiltzen du. Prestakuntzaren helburu nagusia da talde zaurgarriekin harremanetan dauden pertsonak ahalduntzea, eta, horretarako, informazioa eta tresnak eskaintzea, arrisku-egoeran dauden pertsonak detekta ditzaten, lehen laguntza eman diezaieten eta baliabide espezializatuekin harremanetan jar ditzaten.
Online ikastaro hori 2022an abian jarri zenetik, 3.700 pertsona inguruk jaso dute suizidioaren prebentzioaren arloko prestakuntza. Ikastaro hori Osakidetzako langile guztien eskura jartzeaz gain, pertsona zaurgarriekin harremanetan dauden profesionalei ere eskaintzen zaie, baita gizarte-zerbitzuekin, farmazia komunitarioarekin, gobernuz kanpoko erakundeekin, elkarteekin, erretiratuen eta adinekoen egoitzekin, BetiOn Telefono bidezko Arreta Zerbitzuarekin edo Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuarekin lotzen diren profilei ere.
Pertsona horiengana iristeko, difusio- eta hedapen-estrategia koordinatua garatu da, Osasun Saileko Osasun Publikoko Zuzendaritzaren eta Osakidetzaren elkarlanarekin eta Eusko Jaurlaritzako beste sail batzuen, instituzioen eta erakundeen parte-hartzearekin.
SUIZIDIOAREN PREBENTZIOAREN ARLOKO PRESTAKUNTZA
BIZI programa Osakidetzaren Osasun Eskolak eskaintzen duen suizidioaren prebentzioari buruzko prestakuntza da. Plataforma horrek informazioa eta prestakuntza eskaintzen die herritarrei eta profesionalei, osasunaren eta gaixotasunaren gaineko jarrera arduratsua eta aktiboa izan dezaten. Programa sortu zen 2019ko Suizidioa Prebenitzeko Estrategiaren ekintzetako bati erantzuteko. Zehazki, 6. ildoan (komunitate-esparrua) aipatzen da suizidioaren prebentzioa barne hartu behar dela talde zaurgarriekin harremanetan dauden profesionalen etengabeko prestakuntzan eta jarduketa-protokoloetan (hezkuntza, gizarte-zerbitzuak, lan- eta familia-esparrua), eta suizidio-arrisku duten pertsonen identifikazio goiztiarra erraztu behar dela eta lehen laguntza eman behar dela komunitatetik bertatik.
Programa gatekeeper prestakuntzan oinarritzen da. Eredu horren arabera, estrategikoki kokatuta dagoen edozein pertsonak (gatekeeper), beharrezko ezagutza, jarrera eta konfiantza badu, prebentzioan parte har dezake. Suizidioaren prebentzioan hedatuen dagoen neurrietako bat da.
IKASTARO TEORIKO-PRAKTIKOA
Prestakuntza-programa hau ikastaro teoriko-praktiko elebiduna eta interaktiboa da. Oinarrizko kontzeptuak lantzen dituen bloke teoriko bat du, eta 4 kasu jorratzen dituen bloke praktiko bat. Ikastaroa egiteko, batez beste 90-120 minutu behar izaten da, eta 3 aste daude izena ematen denetik amaitu arte. Erregistroa doakoa da eta deskarga daitezkeen materialak ditu, baita azalpen-bideo bat ere.
Ikastaroan zehar suizidioaren oinarrizko ideiei buruz hitz egiten da, baita arriskuan dauden pertsonak eta alarma-seinaleak detektatzeari buruz. Horrez gainera, balizko suizidio-arrisku baten aurrean nola jardun behar den aztertzen da, eta arrisku handiko egoera batean laguntzeko eta jarduteko 4 urratsetan sakontzen du.