Mikel Jauregi Industriako sailburuak Tecnalia bisitatu du, ekosistema teknologikoko eta ikerketa aplikatuko Euskadiko erreferentziazko zentroa

0
PRUEBA

Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu Mikel Jauregi Derion izan da gaur, Tecnaliak Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean dituen instalazioetan, eta bertako zuzendari nagusi Jesús Valerok egin dio harrera. Tecnaliaren aldetik, José Luis Elejalde Trantsizio Energetiko, Klimatiko eta Urbanoaren zuzendaria, David Sánchez Industria et Mugikortasuneko zuzendaria eta Elena Schaeidt Garapen Korporatiboko zuzendaria bisitan ere izan dira.

Ikerketa eta garapen teknologikoko Europako erreferentziazko zentroa da Tecnalia, eta BRTA – Basque Research and Technology Alliance aliantzako kide da, beste 16 euskal zentro teknologikorekin batera. Egoitza nagusia Donostian Gipuzkoako Parke Zientifiko eta Teknologikoan duen arren, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan, Zaragozan edo Madrilen ere instalazio ugari ditu, baita ordezkaritzak ere Txinan, Kolonbian, Frantzian, Italian edo Serbian. Jarduera-eremu nagusiak ditu fabrikazio adimenduna, eraldaketa digitala, trantsizio energetikoa, mugikortasun jasangarria, osasuna eta elikadura, hiri-ekosistema eta ekonomia zirkularra.

Bisitan zehar, Mikel Jauregi sailburuak Tecnaliako zuzendaritzarekin partekatu ahal izan ditu Sailak ikerketaren eta teknologiaren arloan legegintzaldi honetarako dituen lehentasunak, eta bertatik bertara ezagutu ahal izan ditu zentroak arlo horietan dituen ildo estrategikoak. Ondoren, Tecnaliaren zenbait instalazio berezi bisitatu dituzte, besteak beste, alor hauetakoak: sare elektriko adimendunak, zibersegurtasuna eta adimen artifiziala, offshore energia berriztagarriak, sentsorika kuantikoa, ikusmen artifizialean oinarritutako adimen artifiziala eta mugikortasun jasangarria – gidatze autonomoa.

Gaur egun, 1.520 langile baino gehiago ditu Tecnaliak, eta horietatik 315 doktoreak dira. Aurreko ekitaldian, 137 milioi euroko diru-sarrerak izan zituen. Hori guztia dela eta, Tecnalia ikerketa aplikatuko eta garapen teknologikoko Estatuko zentro nagusia da.

Mikel Jauregi sailburuak adierazi duenez, «Tecnalia erreferentzia da Euskadiko, Estatuko eta Europako teknologiako eta ikerketako ekosisteman, eta berrikuntzaren esparruan gure bandera-ontzietako bat bihurtu da. Ziur gaude I+G+b-ak benetako zentzua hartzen duela gure ehun ekonomiko produktiboaren zerbitzura jartzen dugunean, helburu baitu aberastasuna eta kalitatezko enplegua sortzea, gure enpresen lehiakortasuna handitzea eta gizarte gisa bizi-maila hobetzen duten etorkizuneko erronka konplexuei erantzutea. Enpresetara teknologia transferitzea erabat betetzen du Tecnaliak; 2023an, bezeroen % 73 ETEak izan ziren, eta horrek bat egiten du Euskadiren errealitate ekonomikoarekin. Hain zuzen, enpresa txiki eta ertainak dira horren oinarria».

«Gure etorkizunerako funtsezkoak diren arloetan aitzindarietako bat da Tecnalia, hala nola fabrikazio adimendunean, energia berriztagarrietan, mugikortasun jasangarrian edo adimen artifizialean», nabarmendu du Jauregik. «Herrialde gisa, harro egoteko modukoa da Tecnalia Euskadiren etorkizuna definituko duten erronkei aurre egiteko aliatu garrantzitsua izatea. Industria gehiago, industria hobea eta emisio gutxiago lortzeko bidean funtsezko kide izango dugula ziur gaude».