Diagnostikoaren inguruan Euskadiko Osasun Itunaren Mahaian parte hartzen duten eragileen arteko adostasun zabalak aukera ematen du bigarren fase bati ekiteko. Fase hori datorren urriaren 30erako deitutako bileran hasiko da, eta etorkizuneko estrategia eta ekintzak zein printzipiotan oinarrituko diren zehaztea du helburu, osasun-sistema proaktiboago, prebentiboago, integratuago eta komunitarioago baterantz igarotzeko ezarritako 4 faseak osatzen dituzten heinean.
Alberto Martinez Osasuneko sailburua buru zela egin da, gaur goizean, Donostian, Euskadiko Osasun Itunaren Mahaiaren bigarren bilera. Imanol Pradales lehendakariak sustatuko mahai horretan Euskadiko eragile sozial, politiko eta sanitario nagusiek parte hartzen dute, osasun-sistemaren eta haren orainaren eta etorkizunaren ikuspegi integralaren inguruko politikak eta programak artikulatzeko helburuarekin.
Donostiako Biogipuzkoa eraikinean egin den bigarren lan-saio honetan, beste erakunde batzuk ere izan dira mahaian: ESK sindikatua, Gaixotasun Mentala duten Pertsonen eta Senideen Elkarteen Euskadiko Federazioa (FEDEAFES), Optiko-Optometristen Elkargo Ofiziala eta SAE erizaintzako teknikarien sindikatua. Eragile horiek batu zaizkie hasieratik parte hartzen duten eragileei: medikuen, erizainen, farmazialarien, psikologoen, odontologoen, gizarte-langileen, fisioterapeuten, biologoen eta albaitarien elkargo ofizialetako ordezkariei; EAJ-PNV, PSE, EH Bildu, PP eta Sumar alderdi politikoei; Osakidetzako Mahai Sektorialean ordezkaritza duten sindikatuetako ordezkariei (ELA izan ezik, horrek ez baitu parte hartzea onartu); LAB, CCOO, UGT, Sendagileen Sindikatua eta SATSE sindikatuei; UPV/EHU, Deustu eta Mondragon Unibertsitateei; Confebaski eta pazienteen elkarteei.
Osasuneko sailburuaren agur laburraren ondoren, Mahaiko lanen koordinatzaile Javier Meana UPV/EHUko Medikuntzako doktore eta Farmakologiako katedradunak diagnostikoaren alderdi nagusiak azaldu ditu. Biek ala biek nabarmendu dute Mahaiko kideek egindako ekarpenekin aberastu dela azken diagnostikoa. Dokumentuak 7 alderdi zehatz aztertzen ditu: diagnostiko demografikoa; morbilitatea eta hilkortasuna; determinatzaile sozialak eta bizimoduak; asistentzia-baliabideak eta horien erabilera; testuinguru soziala eta teknologikoa; baliabide ekonomikoak; eta herritarren esperientzia.
Javier Meana berak azaldu duenez, diagnostikoan barne hartu diren ekarpenez gain, estrategiei buruzko 3. fasearekin lotzen diren beste ekarpen asko ere bildu dira. Horiei heltzeko, honako 6 gogoeta-esparru hauek bereiztearen alde egin da:
Osasuna eta herritarren eskaria
- Osasuna sustatzea
- Beharrei erantzutea
- Asistentzia-dispositiboak eta plan espezifikoak
- Gaixotasun kronikoak, kronikotasuna, kolektibo espezifikoentzako arreta (adinekoak, haurrak, emakumeak eta osasun mentala)
- Arreta soziosanitarioaren integrazioa
- Herritarren eta pazienteen parte-hartzea
- Osasuna sustatzeko programak eta prebentzio-programak bultzatzea
Kalitatea eta segurtasuna
- Zerbitzuak toki eta une egokietan egiten direla bermatzea
- Asistentzia-prozesu integratuak
- Bereizmen handiko prozesuak
- Etxez etxeko arreta eta etxeko ospitalizazioa
- Zainketa aringarriak
- Pazientearen kalitate- eta segurtasun-politika
- Jardun farmazeutikoak
- Arreta denboran eta forman eskaintzen dela bermatzea
Profesionalak
- Langile-politika
- Profil berriak
- Gobernantza
- Karrera profesionalaren garapena
- Giza baliabideen kudeaketarako esparru berria
Informazioa
- Erabakiak hartzeko prozesua eta jardun klinikoa errazteko duten informazio-sistemak garatzea
- Osasunaren arloko emaitzak neurtzea
Osasun Sektorea balio-sortzaile gisa edo hazkunde-ekonomikoaren motor gisa
- Estrategiak bultzatzea
- Itunak bultzatzea
- Osasun-klusterrak garatzea
- Nazioarteko harremanak bultzatzea
- Berrikuntzaren arloko ikerketa sustatzea eta emaitzen transferentzia
- Erantzukizun sozial korporatiboa
Osasun-azpiegituren modernizazioa
- Osasun-zentroaren eraikuntza eta eraberritzea
- Berrikuntza teknologikoa
- Bereizmen handiko zentroak
Hasiera batean, aurreikus daiteke, 2025eko martxoan erabat operatibo egotea Euskadiko Osasun Ituna. Itunaren helburuak dira:
- Herritar guztien sarbide unibertsala bermatzea, haien egoera sozioekonomikoa edo bizilekua edozein izanik ere.
- Asistentziaren kalitatea hobetzea, osasun-arretan bikaintasuna sustatzera begira.
- Sistemaren jasangarritasuna, epe luzerako bideragarritasuna ziurtatuko duten neurrien bidez.
- Herritarren parte-hartzea eta herritarrei hitza ematea osasun-politikei buruzko erabakiak hartzean, gardentasunetik eta administrazioaren eta biztanleriaren arteko elkarrizketatik.
- Osasunaren sustapena eta prebentzioa, betiere ohitura osasungarrien sustapena eta prebentzioa lehenetsiko dituzten politikak sustatzearen bidetik, osasunaren determinatzaile sozialei helduz.