Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua Begoña Alfaro Nafarroako Gobernuaren Hirugarren Lehendakariorde eta Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako sailburuarekin bildu da, etxebizitza-arloko erronkak jorratu eta jardunbide egokiak partekatzeko, bi lurraldeetako politika publikoak hobetzea xede.
Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua eta Nafarroako Gobernuaren Hirugarren Lehendakariorde eta Etxebizitzako Politiketako arduraduna bildu dira gaur. Bi gobernuen arteko bileran, etxebizitza eskuratzeko hainbat arazo eta erronka jorratu dituzte, arlo horretan lankidetza indartzeko eta jardunbide egokiak partekatzeko, politika publikoak hobetzea xede.
Gai-zerrendako puntu nagusietako bat izan da bizitegi-merkatu tentsionatuko eremuen figura elkarrekin aztertzea; figura berri hori 2023an onartutako Etxebizitza Eskubidearen Legeak ezartzen du. Bi autonomia-erkidegoak mekanismo eraginkorrak definitzen ari dira, eremu horietara bideratzeko estatu-funtsak jaso ahal izateko. Eremu horien ezaugarri nagusiak dira eskaintza gutxia dagoela eta etxebizitza eskuratzea garestitu dela. Hainbat gairen artean, Etxebizitza eta Hiri Agendako Ministerioarekin (MIVAU) batera egindako indizearen diseinua jorratu dute, baita bizitegi-merkatu tentsionatuko eremu izendatzeko prozedura administratiboak ere.
Gainera, honako alor hauetako esperientziak ere partekatu dituzte: birgaitzeko laguntzak, erkidego bakoitzaren berezko dirulaguntzak, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren Europako funtsak, IDEA eta Birgaikuntzan Energia Efizientziarako Programa. Bi ordezkaritzek nabarmendu dute garrantzitsua dela erakundeen artean behar bezala koordinatzea, laguntza horien aplikazioa optimizatzeko.
Eraikuntzaren arloko industrializazioa ere jorratu dute bileran, bi eskualdeetan etxebizitza-eskaintza handitzeko asmoz. Era berean, bi gobernuek Babes Ofizialeko Etxebizitzak esleitzeko ekimenak partekatu dituzte, hala nola etxebizitza publikoak esleitzeko zozketa-sistemak eta aplikatutako baremoak, eta arreta berezia eskaini diote Etxebizitzaren Euskal Behatokiaren eginkizunari; etxebizitzaren politika publikoetan ezagutza eta aplikagarritasuna transferitzeko datu eta azterlan garrantzitsuak bildu, aztertu eta testuinguruan jartzeko jarduten du.
Etxebizitza eskuratzeko kezka gero eta handiagoa da Europa osoan, eta bileraren egunak bat egin du Dan Jorgensen Etxebizitza eta Energiako Europako komisario berriaren izendapenarekin. Bi agintariek azpimarratu dutenez, etxebizitzaren arazoa behin eta berriz agertu da Mendebaldeko hainbat herrialdetako hauteskunde-kanpainetan, eta horrek adierazten du beharrezkoa dela erronka hori maila anitzeko ikuspegitik eta eragile publiko eta pribatuen lankidetzarekin lantzea, etxebizitzaren arazoa XXI. mendeko metropolientzat erronka partekatua baita.
Itxasok eta Alfarok berretsi egin dute gobernu autonomikoen arteko komunikazio estua mantentzeko eta jardunbide egokien trukea sustatzen jarraitzeko konpromiso publikoa, etxebizitza eskuratzeko politikak hobetzeko eta gizarte osoari eragiten dion arazo horren konponbidean aurrera egiteko.