Gobernu Kontseiluak espetxeetan 261 plaza sortzeko oniritzia eman du

0

Datozen asteetan lanpostuak sortzeko dekretua onartu aurreko urratsa da 

Gobernu Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoko espetxeetan 261 plaza sortzeko aurrekontuaren gehikuntza baimendu du gaurko bileran, eta datozen asteetan onartuko da, beraz, lanpostu horiek sortuko dituen dekretua. Zehazki, hiru espetxeetan banatutako 213 plaza dira, eta beste 49 espetxeetako zerbitzu zentraletarako dira.

Justizia eta Giza Eskubideen Sailak langile-kopurua handitzea eskatu zuen, espetxeen arloko eskumen-aldaketan oinarrituta, eta gaur eman zaio oniritzia eta aurrekontuan islatuko da.  Gipuzkoako espetxerako 96 plaza, Arabako espetxerako 104 eta Bizkaiko espetxerako 13 dira.  Plaza horiek hainbat eremutakoak dira: bizikidetza-kudeatzaileak, zerbitzuari laguntzekoak, psikologoak, gizarte-hezitzaileak, gizarte-langileak, legelariak edo koordinatzaileak, besteak beste.

Gainera, beste 48 plaza sortuko dira espetxeetako zerbitzu zentraletan; kasu horretan azpiegituren kudeaketarekin, langileekin, berdintasunarekin, lan-arriskuen prebentzioarekin eta informatikarekin lotuta, besteak beste.

Aukerak

Era berean, Gobernu Kontseiluak Aukerak – Gizarteratzearen Euskal Agentzian beste 26 plaza sortzeko oniritzia ere eman du, eta 74 langile izango ditu, beraz, aurrerantzean.

Horrela, legegintzaldi honetan erakunde publiko horri bultzada eman ahal izango zaio, gizarteratzeko eta laneratzeko benetako tresna bihur dadin, María Jesús San José Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak Legebiltzarrean egin berri duen agerraldian azaldu zuen bezala.