Lehen lehendakariordeak bere lekua eskatu du Euskadirentzat eta euskararentzat ‘Mondiacult 2025’ munduko biltzarrean

0

Gaur goizean egin da Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoan, ARTIUMen, Kultura Arloko Konferentzia Sektorialaren Osoko Bilkura. Ibone Bengoetxea lehenengo lehendakariordeak eman dio ongietorria Ernest Urtasun Kulturako ministroari, eta, autonomia-erkidegoetako erakundeen ordezkari guztiekin argazkia atera ondoren, osoko bilkura hasi da.

Urtasun ministroa buru izan duen bileran, besteak beste, Kultura Eskubideen Planaren aurrerapenak eta hainbat autonomia-erkidegok bidalitako proposamenak aztertu dituzte, eta 2025ean Bartzelonan egingo den Mondiacult nazioarteko biltzarrari buruzko informazioa partekatu dute.

Bileraren ostean, Ernest Urtasun Kulturako ministroa eta Ibone Bengoetxea lehenengo lehendakariordea komunikabideen aurrera agertu dira.

Lehenik eta behin, lehendakariordeak hartu du hitza, eta adierazi du bileran Kulturako ministroari eskatu diola Euskadik eta euskarak bere lekua izatea “Mondiacult 2025” munduko biltzarrean. Bengoetxearen ustez “biltzarra aukera paregabea da UNESCOko 194 estatu kideen aurrean Estatuaren hizkuntza-aberastasuna eta izaera plurinazionala erakusteko”.

Kultura Eskubideen Euskal Legea “Mondiacult 2025” biltzarrean

UNESCOk kulturaren egoerari buruzko munduko lehen txostena aurkeztuko du Mondiacult nazioarteko biltzarrean, eta lehendakariordearen ustez Euskadik bere lekua merezi du, ekarpen oso positiboa egin baitezake kultura-eskubideei dagokienez: “Gobernu gisa, sektoreari berme juridikoa emango dion Kulturaren Euskal Legea ateratzeko konpromisoa hartu dugu. Lege integral baten aldeko apustua egin nahi dugu, administrazio publikoak, sektore publikoa, eremu pribatua, herritarrak eta sortzaileak, azken batean, euskal kulturaren sektorea osatzen duten eragile guztiak, barne hartuko dituena”.

“Benetan uste dut Euskadi eredu izan daitekeela kulturari oinarri sendoak dituen sistema bat, sektorea kultura-eskubideak gauzatzeko gaituko duena, emango dion lege integral bat nola egin behar den ikusteko, hezkuntza-sisteman edo osasun-sisteman gertatzen den bezala. Uste dut Mondiacult 2025 biltzarra leku aparta dela beste herrialde batzuekin legegintza-proposamen hau kontrastatu eta aberasteko eta estatuen artean loturak sortzeko”.

2030 Agenda eta Kulturari eta Hizkuntza Aniztasunari buruzko 18 GJH

Bigarrenik, eta aurretik aipatutakoari dagokionez, Bengoetxeak balioetsi du Euskadin, UNESCOren Munduko 2030 Agendak markatutako 17. Garapen Jasangarrirako Helburuen barruan, beharrezkoa ikusten zela “beste helburu bat gehitzea, kulturak eta hizkuntzak, kasu honetan arreta bereziki euskaran jarrita, paper garrantzitsua izan dezaten gainerako GJHekin batera, erkidego baten garapen pertsonalak eta kolektiboak nahitaez esparru horretatik ere igaro behar duela iritzita”.

“Hala, Euskadin beste helburu bat gehitu diogu 2030 Agendari, 18.a, Kulturarekin eta Hizkuntza Aniztasunarekin lotuta. Izan ere, guretzat behar-beharrezkoa da euskal herritarrek kultura gure hizkuntzan, euskaraz, sortzeko eta jasotzeko eskubidea izan dezaten bermatzea. Horregatik guztiagatik, Euskadirentzat eta euskararentzat bere lekua eskatzen dut Mondiacult 2025 biltzarrean”, esan du amaitzeko lehendakariordeak.