Orain dela aste batzuk agertu ziren mezu xenofoboak zituzten pintada hauek Aiako herritik Asteasuko herrira bitartean dagoen errepidean zehar. Udan bertan, Gipuzkoako beste herri batzuetan, festa giroan, ikusi dira antzeko pintada eta orain dela bi aste egin zuten Gobernu Batzordean gaia aztertzen hasi ziren Aiako Udala osatzen duten alderdi politiko ezberdinak.
Jon Ander Azpiroz, Aiako Alkatearen hitzetan “arduratuta gaude, gure udalerriko errepide batean, etorkinen aurka agertu diren pintaketa nazkagarri eta mespretxagarri hauekin” izan ere, alkateak adierazi duenez “anonimotasunetik eta koldarkeriaz eginiko zikinkeria hauek, ez baitute inondik inora Aiako biztanleriaren sentimendurik adierazten!”.
Azpirozek dionez, “eraso hauek, euskaraz eginak egoteak eta ikur abertzaleen (lauburua) ondoan agertzeak, kezka eragiten digu. Euskaldunengan mezuak barneratzea baitu helburu eta mundu abertzalean, gisa honetako jarrerak sortzeari bide ematea”.
Adierazi dutenez, mozio bateratu bat prestatzen ari dira udalean gertaera hau salatzeko eta ez dute beste ekintzaren bat egiterik baztertzen.
Bere historia ahazten duen herria, errepikatzera kondenatua dagoenaren esaera ez da oraingoa, eta horri helduz, Aiarrak gaineratu du: “Ez da, herri honen edo aberri honen historian hainbeste atzera joan behar, jakiteko berau ere egun batean, bere herria utzi eta etorkin izan zela, beste herrialde batzuetan, hemen errepresioa pairatzen zutelako. Errepresio horren, arrazoi nagusia bere herriarekiko maitasuna izanik, euskara erabiltzen zutelako edota abertzaleak zirelako. Euskaldunok, bere historiarengatik, herri bezala irekiak eta abegikorrak izan behar dugu, lau haizetara”.
“Honelako jarrera dituenak aurrean edukiko gaitu! Ez dugu honelako mezurik onartuko, ez hizkuntza honetan, ez herri honen izenean ezta abertzaleon izenean ere!” bukatu du.