D ‘Anjou Ogasun sailburuak: «15.728 milioi baliatuko ditugu gaurko eta biharko Euskadi eraikitzeko»

0

Noël d ‘Anjou Ogasun eta Finantzetako sailburuak Eusko Jaurlaritzaren 2025erako aurrekontu-proiektuaren datu garrantzitsuenak azaldu ditu. 15.728 milioi eurokoa izango da, hau da, iazkoa baino % 4,7 handiagoa

Gobernu Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoko 2025eko Aurrekontu Orokorren Proiektua onartu du gaur, 15.728 M/€. Aurrekontu orokorra 703 M€-tan handitu da, hau da, iaz baino % 4,7 handiagoa da. Noël d ‘Anjou Ogasun eta Finantzetako sailburuak aurkeztu du proiektua, Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan. «Proiektu honek legegintzaldiko lehen aurrekontuari ekiteko dugun espiritu ausarta islatzen du. Eusko Jaurlaritzak gaurko eta biharko Euskadi eraikitzeko aukera aprobetxatuko du, hiru zutaberen gainean: zerbitzu publikoak indartzea, etorkizuna prestatzeko eraldaketetan inbertitzea eta gure komunitate zentzua indartzea «, adierazi du D ‘Anjouk.

Proiektu honen giltzarrietako bat da Eusko Jaurlaritzak, lehen aldiz, bere baliabideetako 1.500 M€ baino gehiago jarriko dituela inbertsio publikorako. Zehazki, 1.531,08 M€, hau da, aurreko urteko aurrekontua baino % 8,8 gehiago (124 M€ gehigarri). Horri gehitu behar zaizkio Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoen (SEM) bidez egindako inbertsioak eta Hegoaldeko Trenbide Saihesbidean (HTS) eta Euskal Y-an egindako inbertsioak. Horiekin zenbatekoa 1.837 M€-ra iristen da. Eusko Jaurlaritzak bi arlotan jartzen du arreta: batetik, I+G+Ban, 680 M€-rekin, hau da, 2024an baino 39 M€ gehiago —hartara, urtez urte % 6 handitzeko konpromisoa betetzen da—; eta, bestetik, ongizatean eta bizi-kalitatean, aurrekontuaren % 76,6 politika horietara bideratzen baita, 11.434,2 M€-rekin (500 M€ inguru handitu da).

“Proiektu hau 2025ean % 2,1eko hazkunde ekonomikoa izango den testuinguruan kokatzen da. Urte horretan gutxi gorabehera 16.000 enplegu sortzea, langabezia-tasa % 6,8koa izatea eta barne-produktu gordin nominala % 4,3 haztea aurreikusten da” azaldu du d’Anjou sailburuak.

Urriaren 31n erregistratuko da aurrekontu-proiektua Eusko Legebiltzarrean, eta sailburuek azaroaren 4tik 7ra bitartean egingo dituzte agerraldiak Legebiltzarrean. Sailburuen agerraldien ondoren, bilera sorta irekiko da talde politikoekin, Jaurlaritza sostengatzen duten alderdietatik haratago aurrekontuak zer babes izan dezakeen aztertzeko, aurrekontua abenduaren 20an behin betiko onartze aldera.

Oposizioko alderdiekin egitekoa duten negoziazio errondari dagokionez, Ogasun sailburuak argi utzi duenez, «lidergoa guri dagokigu. Aurrekontuak aurrera ateratzeko gehiengoa dugu, baina zenbat eta babes gehiago, orduan eta hobeto. Erronda bat egingo dugu alderdi demokratiko guztiekin, Vox alde batera utzita», erantsi du.

“Espero dut guztiok gai izatea negoziazio honi ikuspegi zabaletik heltzeko, taktizismo politikoetatik ihesi eta garrantzitsuena den horretan oinarrituz: herri honen ongizatea eta garapen ekonomikoa sustatzen jarraitzea, tokikotik lehiatu behar baita mundu global batean” aditzera eman du sailburuak.

2,3 milioi gehiago desgaitasuna duten pertsonen lanpostuei eusteko María Ubarretxenak, bestalde, Kontseiluan hartutako beste erabakien berri eman du. Enplegu Sailari dagokionez, Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuak 2,3 milioi euro pasatxo gehiago bideratuko ditu Enplegu Zentro Berezietan kontratatutako desgaituen lanpostuak 2025. urtean mantentzeko laguntzetara. Laguntza horien zenbatekoa, guztira, 71.712.750 eurokoa izango da.

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren eta Gaztaroan Ekin, Berriztu eta Gaztedi elkarteen arteko hainbat lankidetza-hitzarmen luzatzea, harrera- edo gizarteratze-neurriak bete behar dituzten gazteei eta adingabeei laguntzeko, baita gizartearen aldeko prestazioak egiteko ere.

Bestalde, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburu Nerea Melgosak proposatuta, Agintzari kooperatibari dirulaguntza zuzena ematea onartu du, Trapezistak programaren hedapena finantzatzeko. Trapezistak programak gizarteratzeko eta helduarora igarotzeko ibilbidean laguntzen die familiari laguntzeko sarerik ez duten gazteei.

Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren aginduari, 2024. urterako Errioxa JDKren babespeko Arabako mahastizainentzat guztira gehienez 1.700.000 euroko ezohiko laguntzak deitzeko denari. Laguntza horiek 2025eko kanpainan euren ekoizpen-ahalmena berreskuratzen laguntzeko dira.

Prentsa dosierra

Gai-zerrenda