Gobernu Kontseiluak gaur onartu ditu Ogasun eta Finantza Sailaren, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailaren, Segurtasun Sailaren, Osasun Sailaren eta Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren egitura organikoak eta funtzionalak ezartzen dituzten dekretuak.
Ogasun eta Finantza
Sail honek bi sailburuordetza ditu: Ogasun Sailburuordetza eta Finantza Politika eta Aurrekontu Sailburuordetza. Kontrol Ekonomikoko Bulegoa ere barne hartzen du.
Era berean, Ogasun Sailburuordetzak hiru zuzendaritza ditu (Zerga Administrazioa, Ondare eta Kontratazioa, eta Erakundeen Baliabideak). Bestalde, Finantza Politika eta Aurrekontu Sailburuordetzak beste hiru zuzendaritza ditu (Finantza Politika eta Gizarte Aurreikuspena, Politika Ekonomikoa eta Europako Kohesioa, eta Aurrekontuak).
Ogasun eta Finantza Sailari atxikitzen zaizkio, halaber, Lehiaren Euskal Agintaritza administrazio-erakunde autonomoa, Finantza Politika eta Aurrekontuetako Sailburuordetzaren bitartez, bere autonomia organikoa eta funtzionala alde batera utzi gabe, eta Finantzen Euskal Institutua zuzenbide pribatuko erakunde publikoa, sailburuaren bitartez.
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu
Sailak lau sailburuordetza ditu: Erakunde Harremanak, Araubide Juridikoa, Enplegu Publikoa eta Administrazio Digital eta Zerbitzu Orokorrak. Sailburuordetza horiek, era berean, zuzendaritzetan antolatzen dira, gai espezifiko bakoitzaren arabera.
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuaren mende daude Zerbitzu Zuzendaritza, Kabinete eta Komunikazio Zuzendaritza eta Autogobernu Zuzendaritza.
Erakunde Harremanetarako Sailburuordetzaren mende daude: Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaritza, Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritza eta Gobernu Irekirako eta Gobernu Onerako Zuzendaritza.
Araubide Juridikoaren Sailburuordetzaren mende daude: Lege Garapen eta Arau Kontrolerako Zuzendaritza eta Auzibideen Zuzendaritza.
Enplegu Publikoko Sailburuordetzaren mende daude: Enplegu Publikoko Zuzendaritza eta Lan Harremanen Zuzendaritza.
Eta, azkenik, Administrazio Digitalaren eta Zerbitzu Orokorren Sailburuordetzaren mende daude: Estrategia Digitalaren Zuzendaritza, Herritarrak Hartzeko eta Administrazio Berrikuntzarako Zuzendaritza eta Baliabide Orokorren Zuzendaritza.
Sailak legegintzaldi honetarako ezarritako helburu nagusietako bat eraldaketa digitalean aurrera egitea da, administrazio modernoagoa eta hurbilagoa lortzeko. Ildo horretan, Sailaren egitura egokitu da, administrazio publikoa digitalizatzeko eta arintzeko beharrari eta erronkari erantzuteko. Beraz, Sailburuordetza Administrazio Digitala eta Zerbitzu Orokorrak izena hartuko du. Eta, aurrerantzean, Herritarrak Hartzeko eta Administrazio Berrikuntzarako Zuzendaritza sailburuordetza honi atxikita egongo da.
Segurtasun
Segurtasun Sailak egitura-dekretu berri bat izango du, eta saileko bi sailburuordetzak berrituko ditu. Alde batetik, Segurtasuneko sailburuordetza egongo da, eta hari dagokio, besteak beste, Ertzaintza kudeatzea, pertsonen segurtasuna, ondasunak eta herritarren segurtasuna, udaltzaingoen koordinazioa eta segurtasun pribatua. Segurtasun Sailburuordetza Ricardo Ituarteren eskuetara pasatuko da. Ituartek hurrengo egunetan erretiroa hartuko duen Rodrigo Gartziaren lekukoa hartuko du.
Egitura-dekretu berriarekin, Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetza Babes Zibileko Sailburuordetza izango da aurrerantzean. Sailburuordetza berriari dagokio babes zibila eta larrialdiak, meteorologia, trafikoa eta bide-segurtasuna zuzentzea eta koordinatzea, baita jokoen, ikuskizunen eta jolas-jardueren araubidea eta hauteskunde-prozesuak zuzentzea eta koordinatzea ere. Joana Egiluz Ibarguenek hartuko du sailburuordetza berri honen ardura.
Segurtasun Sailak Giza Baliabideen eta Kudeaketa Ekonomikoaren zuzendaritza bat ere izango du sailaren ekonomia- eta aurrekontu-administraziorako. Zuzendaritza honen arduraduna Miriam Anitua Aranzabal izango da.
Osasun
Osasun Sailak, egitura-dekretu berriarekin, bi sailburuordetza ditu, Osasunarena eta Administrazio eta Finantzaketa Sanitariokoa, eta horiek, era berean, hainbat zuzendaritzatan egituratzen dira: Kabinete eta Komunikazio Zuzendaritza, Alberto Martínez sailburuaren mendekoa; Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza, Osasuneko Eraldaketa, Plangintza eta Digitalizazioaren Zuzendaritza, Ikerketa, Berrikuntza eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritza, eta Arreta Soziosanitarioko Zuzendaritza, Osasun Sailburuordetzaren mendekoak; eta Araubide Juridiko, Ekonomiko eta Zerbitzu Orokorretako Zuzendaritza, Aseguramendu eta Kontratazio Sanitarioko Zuzendaritza eta Farmazia Zuzendaritza, Administrazio eta Finantzaketa Sanitarioko Sailburuordetzaren mendekoak.
Halaber, aipatutako dekretuak Osasun Sailari atxikitzen dizkio honako hauek: «Osasun Publikoaren Euskal Institutua» organismo autonomoa; «Osakidetza–Euskal osasun zerbitzua» zuzenbide pribatuko ente publikoa; eta «BIOEF – Berrikuntza eta Ikerkuntza Sanitariorako Euskal Fundazioa» sektore publikoko fundazioa.
Osasun Sailaren ustez, proposatzen den antolaketa-konfigurazioa egokia da osasun-sistema publikoaren eraldaketaren oinarriak finkatzeko, izan ere osasun-kudeaketaren paradigma berri bat hartu beharko du bere gain, Alberto Martinez Osasuneko sailburuak Legebiltzarrean egindako agerraldian iragarri zuen bezala.
Halaber, egokia da osasunaren sustapena eta prebentzioa sustatzeko, zahartzeari, kronikotasunari eta mendekotasunari arreta emateko neurriak ezartzeko, osasun-sistemaren jasangarritasuna eta modernizazioa bultzatzeko, osasunaren arloko ikerketa- eta berrikuntza-estrategian aurreikusitako jarduerak hedatzeko eta Euskadiko gobernantza soziosanitarioaren ereduaren garapena bultzatzeko.
Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoa
Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak bi sailburuordetza ditu: Ongizate Sailburuordetza eta Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailburuordetza. Sailburuordetza horiek, era berean, hainbat zuzendaritzatan egituratzen dira, hainbat erronka eta helbururi aurre egiteko.
Alde batetik, adingabeen oinarrizko eskubide eta askatasunak sustatzea eta babestea, eta haien parte-hartze soziala.
Bestetik, gazteak emantzipatzea eta helduarora igarotzea; familia-proiektu berriak eratzea, jaiotza-tasa eta kontziliazio erantzukidea.
Gainera, bizitza osorako laguntza eta aukeren eredu propioa aktibatuko da, zahartzearen erronkari erantzuteko eta komunitatean bizitza independentea bultzatzeko.
Bestetik, pertsona eta familia etorkinak erakartzea, atxikitzea, hartzea eta integratzea bultzatuko da; eta, zeharka, hirugarren sektore sozialaren eta ekintza komunitarioaren ekarpena sustatuko da, baita kohesio soziala, bizikidetza eta belaunaldien arteko elkartasuna ere.
Sailak aipatutako bi sailburuordetza izango ditu, baita hainbat zuzendaritza ere: Kabinetearena eta Komunikazioarena, Zerbitzuena eta Aniztasun, Bizikidetza eta Belaunaldien arteko Elkartasunarena, Nerea Melgosa sailburuaren mende egongo direnak; Bizitza Osorako Laguntzen Zuzendaritza, Hirugarren Sektore Soziala eta Ekintza Komunitarioa Sustatzeko Zuzendaritza eta Gizarte Zerbitzuen Goi Ikuskaritzako Organoa, Ongizate Sailburuordetzatik sortuak; eta Haur, Nerabe eta Familien Zuzendaritza, Gazteria eta Emantzipazio Zuzendaritza eta Etorkinei Harrera egiteko eta Gizarteratzeko Zuzendaritza, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailburuordetzatik sortuak.
Sailaren ikuspegia da euskal gizartea, 2040an, gero eta orekatuagoa izatea demografikoki, eta gero eta aniztasun handiagoari egokitu izana, pertsonen eta familien ekitatea eta aukera-berdintasuna bultzatuz, eta gizarte-loturak, parte-hartzea eta pertenentzia sena indartuz, baita gizarte-kohesioaren, harreraren eta bizikidetzaren mailak ere.
Testuinguru horretan, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren misioa bi eremu hauetan oinarrituko da:
- Erronka demografikoaren kudeaketa proaktiboa eta integrala.
- Beharrezko eraldaketak sustatzea, trantsizio-politiken eta proiektu traktoreen bidez, zaintza- edo laguntza-sistema publikoa eta bizi-mailako politikak trantsizio soziodemografiko eta teknologiko-digitalera egokitzeko.
Hori guztia ikuspegi transbertsal eta integraletik, generokotik eta intersekzionaletik egingo da, gizarte-babeseko euskal sistema bere osotasunean kontuan hartuta.