Eusko Jaurlaritzak 2024-2025eko Neguko Bidezaintza Plana aurkeztu du

0
PRUEBA
  • Negu honetan elurra kentzeko 215 makina eta ibilgailu astunak erretiratzeko 7 garabi izango dira
  • Iazko neguan 5 aldiz aktibatu zen Neguko Bidezaintza Plana

Eusko Jaurlaritzak koordinatzen duen 2024-2025eko Neguko Bideozaintza Planean jaso denez, foru aldundien eta autobideen elurra kentzeko 215 makina aktibatzeko aukera izango da (iaz baino 9 gehiago), bai eta tona askotako ibilgailuak erretiratzeko puntu estrategikoetan kokatuko diren 7 garabi astun eta koordinazio- eta zaintza-lanetan laguntzeko beste 130 ibilgailu ere. Horiei Ertzaintzaren trafikoko lurralde-unitateetako patruilak batu behar zaizkie, eta patruila-kopurua ertzain-etxeetako baliabideekin indartu eta osatu ahal izango da. Planean aurreikusten da 2024-2025eko negurako 28.500 tona gatz eta 775.000 litro gatzun izatea.

Iragarpen meteorologikoen eta meteorologiak Euskadiko errepideetan duen eraginaren arabera baliabideak mugitzen dituzten erakundeak eta autobideen emakidadunek koordinatzeko plan bat da. Estibalitz Olabarri Eusko Jaurlaritzako trafiko zuzendariak esan duenez: “NBPren jarraipen-eta informazio-fasea elur-maila 1.000 metroan kokatzen denean aktibatuko da, eta fase operatiboa, berriz, elur-maila 700 metrora iristen denean eta prezipitazio-kopuruak horrela egitea aholkatzen duenean. Garrantzitsuena da prezipitazioak trafikoan duen eragina aztertzea eta, ondorioz, neurririk egokienak hartzea egoera meteorologiko txarretan bide-segurtasuna bermatzeko”.

Neguko Bidezaintza Plana 5 aldiz aktibatu zen aurreko neguan

Jarraipen- eta informazio-fasea bost aldiz aktibatu zen iazko neguan (2023-2024), 2022-2023koan baino behin gehiago. Fase operatiboa, berriz, behin bakarrik aktibatu zen, eta 2022-2023ko neguan bi aldiz aktibatu zen. Azken neguetako aktibazio operatiboen kopuru baxuena da. Nabarmendu behar da 2017-2018ko neguan guztira 17 aktibazio erregistratu zirela, eta horietako 10etan fase operatiboa aktibatu behar izan zela.

Aktibazioak NBP 2023-24 2022-23 2021-22 2020-21 2019-20 2018-19 2017-18
Jarraipen fasea 5 4 6 5 6 8 17
Fase operatiboa 1 2 3 2 2 2 10

Laburbilduz, 2023-2024ko negua azken urteetako lasaiena izan zen, Euskadiko errepide-sarean izandako elurrak edo izotzak trafikoan izan zuen eraginaren ikuspegitik. Berez ez zen beharrezkoa izan NBPren Koordinazio Organoa deitzea; eta 2017-2018 ekitaldian, adibidez, organo hori 5 aldiz elkartu zen Krisi Mahaian.

Aholku praktikoak

Baldintza meteorologikoak txarrak direnean abiadura moteldu behar da eta tarte handiagoa utzi behar da aurrean doazen ibilgailuekin, zoru bustian distantzia handiagoa behar baita ibilgailua gelditzeko.

Funtsezkoa da pneumatikoak egoera onean egotea, pneumatiko higatuek ez baitute ura behar bezala husten eta istripua eragin dezakete. Neguko pneumatikoak jartzea gomendatzen da, zoruan ura, izotz zuria, izotza eta elurra dagoenean trakzio, frenatze-ahalmen eta kontrol hobea eskaintzeko diseinatuta baitaude. Neguko pneumatikoak jartzen ez badira, bidean elurra dagoenean behar-beharrezkoa da ibilgailuetan kateak eramatea eta jartzen jakitea zirkulatu ahal izateko.

Hotz handia egiten duen egunetan kontuz izotzarekin, ABS edo lau gurpileko trakzioa bezalako sistemek ere ez gaituzte libratzen irristatzeko arriskutik. Ezinbestekoa da, beraz, astiroago eta zuhurrago gidatzea.

Beira-garbigailuak dira zaindu beharreko beste elementuetako bat: baldintza onetan eduki behar dira beti, euria edo elurra ari duenean errepidea ongi ikusi ahal izateko.

Era berean, funtsezkoa da bat-batean ez frenatzea eta abiadura handian ez zirkulatzea. Leunki eta pixkanaka frenatzen ahalegindu behar da, gurpilak blokeatu ez daitezen eta ibilgailuaren kontrola gal ez dezagun. Horrelakoetan, frenoko pedala askatu beharko da trakzioa berreskuratzeko, eta motor-frenoa erabili frenoko pedalarekin txandakatuta.

Azkenik, elurrarekin abiatzean garrantzizkoa da pixkana egitea. Gurpilek irrist egiten badute, martxa handiagoa sartu beharko dugu gurpilei indar gutxiago aplikatzeko.