Etxebizitzaren Euskal Behatokiak, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren ekimenak, Europar Batasuneko etxebizitza eskuragarriari buruzko txostena argitaratu du gaur. Ikerlanak agerian uzten duenez, etxebizitza eskuratzeko krisia “Europa osoan hedatuta dago, ez soilik Espainian, eta larriagotu egiten da hegoaldeko hainbat herrialdetan, esaterako Grezian, Italian edo Portugalen”, adierazi du Mario Yoldik, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen zuzendariak.
Azterlanak agerian uzten du etxebizitza duina eta eskuragarria eskuratzea erronka bihurtu dela EBko herrialde gehienetan. Etxebizitza-kostuen gainkarga-tasak, familiek etxebizitzara bideratzen dituzten diru-sarreren ehunekoa neurtzen dutenak, handitu egin dira eskualde osoan. Espainian, esaterako, merkatu-prezioko alokairuan bizi diren familien % 30,6k diru-sarreren % 40 baino gehiago bideratzen dute etxebizitza-kostuak estaltzera, EBko batez bestekoa nabarmen gaindituz (% 20,6). Horrek erakusten du alokairuaren merkatuan dagoen tentsioa eta eskaria asetzeko etxebizitza eskuragarrien eskasia.
Makroekonomiaren eta eguneroko bizitzaren arteko deskonexioa
Txostenak azpimarratzen duenez, zenbait adierazle makroekonomikok (Espainiako BPGaren hazkundea, esaterako, % 2,1era iritsi zen 2023an) emaitza onak izateak ez du familien ongizate ekonomikoa hobetzen. Inflazioa 2022ko % 10,4tik 2023ko % 3,4ra jaitsi bada ere, eragin metagarriek familien erosteko ahalmena murriztu dute, batez ere etxebizitzari dagokionez. Ildo horretan, Etxebizitzako sailburuorde Miguel de los Toyosek aitortu duenez, “prezioen igoerak eta hipoteka-kostuen igoerak, Euriborrak iaz izan zituen igoeren ondorioz, finantza-karga handitu dute etxebizitza bat erosi edo alokatu nahi dutenentzat”.
Etxebizitza-politika publikoak bertan behera uztea
Txostenaren ondorio nagusietako bat da Europako herrialde gehienetan etxebizitza-politika publikoek pixkanaka behera egin dutela. “Utzikeria horrek mesede egin dio sektore pribatuak etxebizitzaren prezioak nabarmen bultzatu dituen inguruneari, espekulazio-ikuspegiarekin, etxebizitza finantza-aktibo bihurtu baitu, premia biziko ondasun bat denean”, De los Toyosek azaldu duenez. Eskaintzaren eskasiak eta gero eta eskari handiagoak, batez ere metropoli-eremuetan, familia askorentzat etxebizitza eskuraezina izatea ekarri dute.
Egoera bereziki larria da Europa hegoaldeko herrialdeetan, non familiek gehiegizko ahalegina egiten duten etxebizitza bat eskuratzeko. Grezia, Italia eta Portugal bezalako herrialdeetan, etxebizitzara bideratutako diru-sarreren ehunekoa Espainiakoaren antzekoa edo handiagoa da, eta horrek desberdintasun sozialak larriagotzen ditu. Etxebizitza publikorik eta alokairu-merkatua arautzeko politikarik ezak emantzipatzeko eta etxebizitza egokia eskuratzeko aukera gutxi utzi dizkie klase ertain eta baxuei.
Esku-hartze politiko eraginkorraren premia
Egoera horren aurrean, txostenak dei egiten du EBn etxebizitza-politika publikoak suspertzeko, etxebizitza eskuragarrien eskaintza handitzeko eta merkatua arautzeko. Etxebizitzako sailburuordearen arabera, “nahitaezkoa da etxebizitzak desberdintasuna areagotzen duen faktore izateari uztea eta berriro ere oinarrizko eskubide demokratikotzat hartzea”. Horretarako, beharrezkoa da estatu kideen konpromiso bateratu bat, arau-esparru komun bat garatzeko, kolektibo ahulenak babesteko eta etxebizitza duin bat eskuratzeko aukera bermatzeko.
Hori dela eta, Yoldik txalotu egin du Europako Batzordearen erabakia, Etxebizitza eta Energiako komisario berri baten figura bultzatzeagatik -Dan Jorgensen daniarra-; izan ere, “etxebizitza-eskumenetan mugak izan arren, funtsezko eginkizuna izango du hiri-berroneratze eta energia-efizientziako jarduketak bultzatzeko, eta horrek Europako etxebizitza-parkea eguneratzea eta hobetzea ekarriko du, eta, ziurrenik, etxebizitza eskuragarriak sustatzeko finantza-laguntzak sartuko ditu”, nabarmendu du.
Txostenaren esteka:
https://observatoriovivienda.euskadi.eus/x39-ovad02/eu/contenidos/informacion/ovv_asequible2023/eu_ovv_admi/index.shtml