Donostiak Bideberdea aurkeztu du, etorkizun %100 elektriko eta jasangarri baterako bidea

0
PRUEBA

Dbus garraio publikoko konpainia aro berri batean sartu da, eta 2030ean % 100eko flota elektrikoa izango da

Gaur, Dbusek ekitaldi instituzional bat egin du Tabakaleran, eta bertan Bideberdea: etorkizun %100 elektriko eta jasangarri baterantz aurkeztu du. Konpainiak orain hasiko duen eta 20230ean, flota %100 elektrikoa duenean, bukatuko den aro berriaren jendaurreko aurkezpena da.

Bideberdea da Dbusek eta Donostiako Udalak garraio publikoa zerbitzu garbi, isil bihurtzearen alde egiten duten apustua, zeinak zerbitzu hobea ematen duen, bere Dbus ZERO autobus berrien bitartez. Gainera, Bideberdea harago doa. Ez da soilik garraio proiektu bat, konpromiso sozial bat ere bada, bai eta Donostiako herritar guztientzat etorkizun hobe bat bilatzen duen hiri proiektu bat ere.

Ekitaldia mugikortasunaren sektoreko erakunde, eragile eta profesionalen aurrean egin da, eta bertan Eneko Goia Donostiako alkateak nabarmendu duenez, “gaur ezagutzen eta aurkezten duguna ez da soilik Tranbiaren Konpainiaren apustua. Hiri oso baten apustua da. Hiri garbiagoa eta ke eta zarata gutxiago duen hiria izatearen aldeko apustua. Hiri jasangarriagoa eta bere emisioak arintzen eta murrizten duen hiria izatearen aldeko apustua. Mugikortasun eredua aldatuz hiria eraldatzearen aldeko apustua”.

Gainera, Goiak gaineratu du “hamarkada bat barru donostiarren garraio eta mugikortasun ohiturak aldatu egingo direla eta, gero, atzera begiratzean, konturatuko garela hartzen ari diren erabakiak norabide egokian doazela.  Atmosferara egiten diren emisioak murriztu nahi baditugu, sakoneko erabakiak hartu eta benetako alternatibak eskaini behar ditugu jendeak autoa etxean utz dezan”.

Etorkizun %100 elektriko baterantz

Bideberdea prozesuaren aurkezpenean, Olatz Yarzak, Mugikortasun eta Garraio Jasangarriko zinegotziak, nabarmendu duenez, “Donostiako Udalak urteak daramatza garraio publiko eraginkor, jasangarri eta kalitatezkoa eskaintzearen aldeko apustu argia egiten, garraio publikoa hiritik mugitzeko lehen aukeretako bat bihur dadin herritarrentzat. 2024an erregistratzen ari garen bidaien datu historikoek adierazten dute aurten izango dela konpainiaren historian autobusa gehien erabili den urtea, eta erabiltzaileek gutaz egiten duten balorazio altuak helburu hori lortzen ari garela ziurtatzen du, zalantzarik gabe”.

Harago joateko unea da, eta zerbitzu %100 elektrikoa eta garai berrietara egokitua lortzeko prozesua amaitu, hirian duen ingurumen inpaktua ahalik eta gehien murrizteko eta erabiltzaileen esperientzia are gehiago hobetzeko”, azpimarratu du zinegotziak.

Ondoren, Dbuseko zuzendari gerente Igor Gonzalezek datozen urteetan Dbusen izango diren mugarriak azaldu ditu, horiei esker “horizonte moduan ezarrita dugun urtera iritsi ahal izango dugu, 2030eko urtera, alegia, urte horretan ikusi ahal izango dugu-eta Dbuseko eta Donostiako etorkizuneko garraio publikoa izango dena.

Hori lortzeko, datozen 6 urteetan Donostiako Tranbia Konpainiak bere historiako 138 urteetan izan duen eraldaketarik handienari ekingo dio, zerbitzua deskarbonizatuko baitu, flotari ez ezik Konpainian eguneroko funtzionamenduari eusten dion azpiegitura guztiari eraginda”.

Eraldaketa hori Donostiako Udaleko Ingurumen Sailak egindako Klima 2050 Planaren barruan kokatzen da, Klima Aldaketak planteatzen dituen erronkei eta horrek herritarren bizi kalitatean izan dezakeen inpaktuari erantzuteko. Hori lortzeko, prozesua bihurketa progresibo gisa planteatzen da, Dbus eta Donostia gero eta berdeago izatera daramatzaten mugarri hauekin:

    • • 12 metroko autobus guztiak %100 jasangarri bihurtzea (elektrikoak eta hibridoak).

• Lehen Dbus ZERO autobus artikulatu (18 metro) eta %100 elektrikoak sartzea autobus flotan. Aurreikusita dago 2024an lehen 6 ibilgailuak iristea eta 2025ean beste 9.

• 17-Gros-Amara-Miramon linea zerbitzuaren lehen linea erabat elektriko bihurtzea.

• Aurreikusten da 2026 eta 2030 bitartean batez beste 16 Dbus ZERO autobus jasoko direla (12 metroko 11 autobus eta 18 metroko 5 autobus),

Helburu horiek guztiak gauzatu ahal izateko beharrezkoa da kotxetegietako azpiegitura elektrikoa berritzea, ibilgailu berrien energia eskaera asetzeko, bai eta kargagailuak instalatzea ere.

Testuinguru horretan, jarduera hauek nabarmendu daitezke:

    • • 2024an linea elektriko baten trazadura egin da, Egiako banaketako transformazio azpiestaziotik Kotxetegien inguruetaraino, 1,5 kilometro inguruko distantzian non sekzionamendu zentro bat kokatu den. Sekzionamendu zentro horretatik hasiko da Dbuseko eraikin nagusiko teilatuko eta sotoko aparkalekuetako plazen banaketa.

• Kargagailuak eta pantografo alderantzikatuak instalatzea eta abian jartzea, autobusak kargatzeko.

• Kotxetegien kanpoaldeko aparkalekua elektrifikatzea Zubiaurre pasealekuan sare elektrikorako konexio berri batekin, 2025aren amaierarako aurreikusita dagoen 17-Gros-Amara-Miramon linearen elektromugikortasun beharrak asetu ahal izateko.

 

17-Gros-Amara-Miramon BEI linea berria (Bus Elektriko Adimenduna)

17-Gros-Amara-Miramon linea aukeratu zen BEI sistema bertan ezartzeko, linea estrategikoa delako; izan ere, Euskotrenen eta Dbusen arteko intermodalitatea ziurtatzea ahalbidetzen du, Topoaren Anoetako geralekuko pasanteari esker. Gainera, 15 km inguruko ibilbidearekin, linea horrek Gros, autobus eta Renfe geltokiak, Amara, Donostiako ospitale gunea eta Miramongo parke teknologikoa lotzen ditu.

BEI emisiorik gabeko garraiobide elektrikoa izango da, eta hiria jasangarriagoa, kerik gabeko, eta kutsadura maila baxukoa izaten lagunduko du. Gainera, oro har, hobekuntza ugari eskaintzen ditu, eta hobekuntza horiek lagunduko dute erabiltzaileek bidaia esperientzia oso ona izaten.

  • autobusera igotzeko eta bidaia egiteko denborak murriztuko dira, sartzeko ate gehiago gaituko direlako,
  • ordaintzeko ticketing eragiketak (QR bidaia txartelak erostea edo txartelak kargatzea) geltokian bertan eta autobusera sartu aurretik egin ahal izango dira
  • semaforoetan lehentasuna izateko sistemak egongo dira
  • autobusen barrualdea diseinu abangoardista eta erosoagoa izango du
  • markesinek diseinu berritzailea izango dituzteeta funtzionalitate berriak eskainiko dituzte, hala nola informazioa alde bietatik ematen duen pantaila digitala eta 17 linea identifikatzeko totema, LED argiekin eta minutuak adierazita.

Linearen elektrifikazioarekin, egungo diesel autobusen ordez 18 metroko bederatzi autobus elektriko artikulatu jarriko dira, eta autobus berri horiekin edukiera hobetuko da eta erabiltzaileak erosoago joango dira.

Era berean, BEI linea berria abian jarrita, urtean 239.528 litro gasolio gutxiago kontsumitzea eta 645 Tn CO2 gutxiago isuritzea aurreikusten da.

17 linea BEI zerbitzu bihurtzea 2022ko otsailean Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak sinatutako hitzarmenari esker izan da posible, 25,7 milioi euroko aurrekontuko hitzarmena baitzen. Eusko Jaurlaritzak, EAEko 2021-2027 EGEF Programaren bidez, proiektuaren kostuaren %65 kofinantzatuko du, eta Donostiako Udalak, berriz, gainerako %35a, hau da, 9 milioi euro.

Arrakasta kasuak

Konpainiak aurre egin beharreko mugarri guztiak aurkeztu ondoren, mahai inguru bat egin da, eta bertan garraio publikoaren elektrifikazioari buruz hitz egin da, bai eta sistema aurreratuen inplementazioari buruz ere, esaterako, Bus Elektriko Adimendunari buruz

Erlazionatutako dokumentuak

2024/11/04-an argitaratua