Lehenengo Harreragunea hilabete honetan irekiko da Bilbon. Migratzaileak Hartzeko Euskal Zerbitzuaren eredu pilotua da. Eusko Jaurlaritzak eta Bilboko Udalak sortu eta Zehar-Errefuxiatuekin erakundeak kudeatzen du, eta Justizia Jauregiaren inguruan izango du bulegoa, Colon de Larreategui kaleko 3. zenbakian.
Zerbitzu berri honek lankidetza estua du kulturen arteko harrera- eta bizikidetza-programak garatzen urteak daramatzaten gizarte-erakundeen sarearekin, eta, orain, Abandoko bulegotik lagundu nahi die Bilbon ezartzen diren pertsona migratzaileei, hirian egokitzeko prozesuan, eta eskubideak eta aukerak berdintasun-baldintzetan eskuratzeko bidean.
Bulegoan, migratzaileei erantzun pertsonalizatua emango zaie, informazioa jaso dezaten gai hauen inguruan: erroldatzea, atzerritartasun-izapideak, osasun-txartela, adingabeen eskolatzea, hizkuntza ofizialen eta beste hizkuntza batzuen ikaskuntza eta lan-orientazioa, besteak beste.
Zerbitzu hau Euskal Harrera Ereduaren hedapenaren barruan kokatzen da, eta Migraziorako Itun Sozialean eta Herritartasun, Immigrazio eta Asiloari buruzko 2022-2025 Kultura arteko VI. Planean bere gain hartutako erakunde arteko konpromisoei erantzuten die. Plan horretan jada aipatzen zen baliabide guztiak bateratuko zituen erreferentziazko gune bat gaitzeko beharra. Zerbitzuak 2030 Agendaren Garapen Jasangarrirako Helburuak lortzen ere laguntzen du.
2024ko urtarrilaren 1ean atzerritar jatorriko biztanleen % 17,3rekin (60.000 pertsona baino gehiago, Bilboko Immigrazioaren Tokiko Behatokiaren txostenen arabera), Bizkaiko hiriburuak errealitate demografiko anitza islatzen du. Hala, aniztasun horrek eta Bilboko Udalak lehendik dituen baliabideek (esperientzia handiko teknikariak besteak beste) eragin dute lehen Harrerragune pilotua Bilbon kokatzea.
Erreferentziako zerbitzu publikoa
Harreragune zerbitzuaren xedea migratzaileei orientabidea ematea, laguntzea eta baliabide erabilgarriak eskaintzea da, Bilbon izaten ari diren ezarpen-prozesuan. Bere ikuspegia da Bilbon erreferentziazko zerbitzu publikoa izatea, migratzaileen beharrei helduko diena migrazio-proiektuan, haiek iritsi, ezarri eta bertan garatzeko prozesuan, gainerako biztanleekiko berdintasun-baldintzetan eskubideak eskuratu eta balia ditzaten sustatzeko.
Harreragunek atzerritar jatorriko migratzaileen iritsierako lehen faseko jarduerak indartzen ditu. Hain zuzen ere, Migraziorako Euskal Itun Sozialak nabarmentzen du harrera oso garrantzitsua dela integrazio-prozesuetan eta kulturen arteko bizikidetzan.
Eskaintzen dituen zerbitzu zehatzak
Harreragunek hainbat zerbitzu espezializatu eskaintzen ditu, premia espezifikoenetara egokituta:
- Atzerritartasun-aholkularitza juridikoa
- Prestakuntza- eta lan-orientazioa
- Ikasketen homologazioa eta baliozkotzea
- Laguntza psikosoziala
- Familia berriz elkartzeko laguntza
- Gizartean eta kirolean parte hartzea
Talde- eta komunitate-jarduerak ere antolatzen ditu integrazio-prozesuan laguntzeko, besteak beste:
- Gaztelania eta euskara ikastaroak
- Informazio-saioak gai hauei buruz: lan-eskubideak, atzerritartasuna, berdintasuna, osasuna, hezkuntza-sistema, etxebizitza, finantza-hezkuntza, tratu-berdintasuna eta diskriminaziorik eza…
- Informazio-saioak gai hauei buruz: euskal kultura eta gizartea, parte-hartze aktiboa Bilboko komunitate-bizitzan
- Kulturen arteko bizikidetza-jarduerak
Migraziorako Itun Soziala eskubideen ikuspegitik Euskadin inklusioa eta kulturen arteko bizikidetza sustatzen dituen ekimena da.
Hain zuzen ere, Itunaren esparruan, joan den astean, EUDELek eta Eusko Jaurlaritzak ‘Euskadin atzerritarrei harrera egiteko politikak diseinatzeko eskuliburua’ aurkeztu zuten, euskaraz ‘Harrera Ehundu’ izenekoa. Tokiko harrera modu autonomoan eta udalerriko errealitate espezifikoaren arabera kudeatzeko tresna da, eta harreraguneak udalerrira iristen diren pertsonak baliabideen eta eragileen sarearen bidez orientatzeko eta laguntzeko giltzarria dira honetan.