Osakidetzako Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIak, New Medical Economics aldizkari ospetsuaren eskutik, jardunbide onenaren saria jaso du pazienteen esperientziari dagokionez; osasun-alorrean izen handikoa den aldizkaria da, zeinak urtero aintzatesten baititu erakundeen eta profesionalen merezimenduak.
Zehazki, sari horiek aintzatetsi dute ESIan 2013tik egiten den “Prozesu asistentzialen hobekuntzan pazienteen eta senideen esperientzia txertatzeko estrategia”. Horren baitan, pazienteen esperientzia-tresnak baliatzen dira 21 patologia edo ibilbide asistentzialetan: iktus, bularreko minbizia, ezpain-ahosabaiko arraila, hesteetako gaixotasun inflamatorioa, bronkiolitis, laguntza bidezko ugalketa, prostatako minbizi lokalizatua, Zainketa Intentsiboen Unitatea, erredura handiak, fibrosi kistiko pediatrikoa, etxeko ospitalizazioa, COVID-19ko pazienteak, COVID-19ko paziente diren profesionalak, belauneko artrosia, esklerosi anizkoitza, Parkinson, etxeko errehabilitazioa, Onkologia Pediatrikoa, asma akutua, korneako kirurgia eta artritis erreumatoidea.
Estrategia honen helburua da aurrera egitea osasunaren garrantzia nabarmentzeko bidean; horretarako, funtsezkoa da pazienteei benetan ardura zaiena identifikatzea eta jakitea zeintzuk diren haien benetako beharrak, eredu asistentziala eraldatzera bideratu daitezen ekintzak.
Estrategia ezartzeko urte hauetan, 214 paziente/laguntzaile baino gehiagori eman zaie ahotsa, eta horri esker hobetu beharreko 386 alderdi baino gehiago identifikatu dira; hala, komunikazioa eta prozesu asistentziala hobetu dira, espazio humanizatuagoak sortu dira, lankidetza-akordioak lortu dira askotariko elkarteekin eta humanizazio-proiektuak egin dira kanpoko eragileekin.
PAZIENTEEN ETA FAMILIEN ESPERIENTZIA
Ibilbide luzea egin du Osakidetzak arreta eman zaien pertsonen asebetetzea neurtu eta horren gaineko jarraipena egiteari dagokionez.
Arreta eman diegun pertsonei buruz hitz egiteak haratago joatea dakar, orain arte jorratu ez ditugun alderdiak izango baititugu aztergai, esaterako pertsona bakoitzaren eremu emozionala.
Estrategia behar bezala gauzatzeko asmoz, askotariko tresnak baliatzen ditu Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIak, hala nola pazienteek eta familiek parte hartzeko tailerrak, non prozesu asistentzial guztia aztertzen baita, prozesu asistentzialaren zuzeneko behaketa egiten da; hori guztia, pazienteei, familiei eta profesionalei egindako elkarrizketekin uztartzen da, baliagarria baita patologia kronikoak dituzten pazienteen esperientziaren gaineko inkestak egiteko nahiz prozesuak duen garrantzia nabarmentzeko.