Zaintza azaroaren 7tik 10era eta abenduaren 5etik 8ra indartuko da Euskadiko errepide-sareko bide eta kaleetan
Eusko Jaurlaritzak abiaduraren kontrola areagotuko du azaroaren 7tik 10era eta abenduaren 5etik 8ra egingo diren kanpainekin. Ertzaintzak, udaltzaingoekin lankidetzan, abiadura-mugak betetzen diren zainduko du, Euskadiko errepide-sareko istripuen tasa eta zaurituen eta hildakoen kopurua murrizteko. Kontrolak, edonola ere, prebentziozkoak izango dira, eta abiadurari lotutako arriskuko bide-zatietan egingo dira, bai eta ezarritako muga gaindituta zirkulatzen den eta istripu-tasa handia dagoen puntuetan ere.
Estíbaliz Olabarri Trafikoko zuzendariaren arabera: “Hildakoak izaten diren istripuetan, abiadura desegokia izaten da errepikatzen den faktoreetako bat, bai eta arreta galtzeak eta alkohola edo drogak kontsumitzea ere. Horregatik azpimarratzen dugu segurtasuna bermatzeko ezinbestekoa dela ezarritako mugak errespetatzea, abiadura eguraldiaren eta errepidearen inguruabarretara egokitzeaz gainera”.
Egiaztatuta dago abiadurak zerikusi zuzena duela trafiko-istripuen kaltegarritasunarekin. Abiadura handian gidatzen denean, ezbeharren kopuruak eta horien larritasunak gora egiten dute modu esponentzialean. Era berean, kontuan izan behar da zenbat eta handiagoa izan abiadura orduan eta distantzia handiagoa behar dela ibilgailua gelditzeko. Kalkulatzen da, batez beste, 120km/h-an zirkulatzen bada, futbol-zelai batena baino distantzia handiagoa beharko dela gelditzeko.
Abiadura kontrolatzeko kanpaina hauek trafikoa eta garraioa zaintzeko eta kontrolatzeko urte osorako programatutako 38 kanpainen egutegiaren barruan daude.