Lehen Mailako Arreta indartzea da osasun-arloko aurrekontuaren lehentasun nagusia

0
PRUEBA

Lehen mailako arreta indartzea eta osasun-sistema publikoaren ardatz bihurtzea. Horixe da, hain zuzen, Osasun Sailaren 2025erako aurrekontuaren lehentasun Nagusia. Aurrekontua 5.115,8 milioi eurokoa izango da, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu osoaren % 32,5. Horrek esan nahi du iaz baino % 4,4 handiagoa dela. Azken hamarkadan izandako hazkundea % 49,26koa izan da, gobernu osoaren hazkundea baino bost puntu handiagoa. Hori dela eta, Euskadin pertsona bakoitzeko 2.316 €-ko osasun-gastua izango da —2020an, pandemia hasi zenean, 1.801 €-ko gastua zen—.

Alberto Martínez Osasuneko sailburuaren hitzetan, datu horiek argi erakusten dute Eusko Jaurlaritzak herritarren osasunaren alde egiten duen benetako ahalegina eta apustua. Sailburuak agerraldia egin du gaur goizean Eusko Legebiltzarrean, bere sailak 2025eko ekitaldirako prestatu duen aurrekontuaren berri emateko. Aurrekontuen aurkezpenean, sailburuarekin batera izan dira Lore Bilbao Administrazio eta Finantzaketa Sanitarioko sailburuordea, Enrique Peiro Osasuneko sailburuordea eta Susana López Altuna Osakidetzako zuzendari nagusia.

Bere hitzaldian, sailburuak pertsonen osasunaren arloko erronka nagusiak aipatu ditu —Osasun Itunaren inguruko lan-prozesuan egiaztatu direnak—: zahartzea eta horrekin lotzen diren gaixotasunak eta desgaitasunak; osasun mentaleko patologien gehikuntza; asistentzia-baliabideen eskakizun sozial handiagoa; osasun-kostuen igoera; eta erabiltzaileen humanizazio- eta ahalduntze-maila handiagoa.

Erronka horiei eraginkortasunez erantzute aldera, Alberto Martinezek zuzentzen duen Sailaren aurrekontuak honako lehentasun hauek ezartzen ditu:

  • Lehenik eta behin, Lehen Mailako Arreta indartzea eta osasun-sistema publikoaren ardatz bihurtzea.
  • Lehen Mailako Arretaren, Etengabeko Arretako Guneen eta Larrialdi Zerbitzuen funtzionamendua hobetzeko plana diseinatzea.
  • Arreta espezializatuko itxaron-zerrendak murrizteko estrategia sakontzea.
  • Erakunde sanitario bakoitzean —batez ere itxaron-zerrenda handiena dutenetan— jarduera espezializatuaren kudeaketari buruzko auditoria egitea, kudeaketa hobetze aldera.
  • Pazienteak osasun-zerbitzuak emateko kontratatutako erakundeetara bideratzeko eredua
  • Osasuna hobetzeko eta gaixotasunak prebenitzeko neurriak nabarmentzea, eta, horretarako, ohitura osasungarriak sustatzea, baheketak zabaltzea eta Osasun Publikoaren Legea garatzea.
  • Plantillaren egonkortasuna hobetzea, 2023, 2024 eta 2025eko enplegu-eskaintza publikoen deialdia eginez.
  • Enplegu-eskaintza publiko berezia egitea hutsik dauden Lehen Mailako Arretako fakultatiboen plazak bete daitezen, bereziki «betetzeko zailak» diren lanpostuak bete daitezen.
  • Lehen Mailako Arretako eta ospitaletako azpiegituretan inbertsioa handitzea.
  • “Big data” analisi-tekniketan eta adimen artifizialeko tekniketan oinarritutako soluzio teknologikoak garatzea, egungo eta etorkizuneko erronkei erantzuteko gai izan daitezen.                          

OSAKIDETZA

Sailburuak bere hitzaldian nabarmendu du euskal osasun-sistemako profesionalen plantilla indartzea eta egonkortzea eta azpiegiturak hobetzea eta berritzea direla Osakidetzaren kontuen lehentasuna. Horretarako, 2025ean 4.106 milioi euro izango ditu, hau da, % 4,26 gehiago. Aurrekontu osoaren % 65 langileentzat izango da, eta 160 milioi euro, berriz, osasun-zentroetan eta ospitaleetan inbertitzeko.

Osakidetzako enplegu-eskaintza publikoak ebaztearekin, plantillako 11.000 plaza finkatuko dira datorren urtean zehar, eta
horiei gehitu behar zaie lan-eskaintza espezifiko berri bat, lehen mailako arretako medikuen artean betetzeko zailak diren 108 lanpostutarako. Gainera, 2025ean 2023ko EPEko (1.265 plaza), 2024ko EPEko (1.001 plaza) eta 2025ari dagozkion hautaketa-prozesuak deituko dira. Era berean, datorren urte honetan amaituko da plantillaren dimentsionamendu berriari buruzko azterketa, 2.000 plaza inguru handitzea planteatzen duena.

SAILAREN PROGRAMAK

Osasun Sailak bultzatutako programen artean, ehuneko hazkunderik handiena Osasun Publikoaren programak izan du, % 12,6koa; izatez, 7,1 milioi euro jarri dira, koherentziaz, adin guztietan osasuna prebenitzeko eta sustatzeko politikak handitzea aintzat hartzen duen lehentasun estrategikorako, baita Osasun Publikoaren Legea garatzeko ere.

Txertaketa- eta baheketa-programek ere % 30eko hazkundea izan dute joan den urtearekin alderatuta. Programa horiek 30 milioi euro inguruko aurrekontua izango dute. Hor sartzen dira baheketak zabaltzeko neurriak eta helduaroan zein haurtzaroan ahalik eta immunizaziorik osoena lortzearen aldeko apustua.

Gastu farmazeutikoa 20,5 M€-raino igoko da, hau da, % 3,5eko gehiago.

Bitartean, osasun-arloko ikerkuntzan eta berrikuntzan egindako inbertsioari eusten zaio, urteetan gorakada handiak izan ondoren. Edonola ere, Osasun Ikerketa eta Plangintzako programaren esleipenak behera egin du inguruabarrek eraginda; izan ere, iaz 2,2 milioi euroko ezohiko inbertsioa egin zen terapia aurreratuak garatzeko tresna teknologikoetan.

Aurrekontuek 2025erako aurreikusitako Euskadiko Onkologia Plan berria ere jasotzen dute. Arlo horretan, Onkologikoa zentroa Osakidetzan integratzeak eta protonterapia-ekipoa martxan jartzeak —minbiziaren tratamendurako punta-puntako teknologia duen eraikin berri horretarako 51,7 milioi euroko inbertsioa aurreikusi da— jauzi kualitatiboa ekarriko dute Euskadiko onkologiako prestazioen garapenean. Donostia erreferentziazko ospitale bihurtuko da Europako hegoaldean.