Gobernu Kontseiluak lankidetza-hitzarmena onartu du Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuarekin, euskarazko ekoizpenak sustatzeko

0
PRUEBA

Gobernu Kontseiluak onespena eman dio Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzaren bitartez,  Kultura eta Kirol Ministerioaren Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuarekin (ICAA), euskarazko zinema- eta ikus-entzunezko industriaren ekoizpena, banaketa eta hedapena sustatzeko sinatutako hitzarmenari. Horrela, ICAA-k 1.087.252,99 euro transferituko dizkio Eusko Jaurlaritzari, 2023ean euskarazko ikus-entzunezkoen ekoizpena, banaketa, erakusketa eta hedapena sustatzeko Euskadin egin zen inbertsioari dagozkionak.

Transferitutako funtsak bat egingo du Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak joan den apirilaren 23an onartutako ikus-entzunezko produkziorako deialdiarekin, 7.280.000 euroko zuzkidurarekin. Zuzkidura deialdi honetara, aurreko ekitaldian baino 4,8 milioi euro gehiago bideratu dira eta, hori, Kultura 2028 Plan Estrategikoan jasotako Euskadiko talentu sortzailearekiko Sailaren konpromisoaren ondorio da. Horrela, ikus-entzunezko ekoizpena (film luzeak eta laburrak) sustatzeko laguntzen bi modalitateak handitu egin dira, eta, era berean, aurten modalitate berri bat sortu da, nazioarteko bokazio argia eta berritzailea duten euskarazko serieen sorkuntza sustatzeko.

Eusko Jaurlaritza 2019an hasi zen funts hori berreskuratzeko negoziatzen Kultura eta Kirol Ministerioarekin, eta lan-mahai bat sortu zen gainerako autonomia-erkidegoekin, baldintzak negoziatzeko. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren ustez, funts horiek berreskuratuz euskarazko ikus-entzunezko ekoizpena indartuz joango da.