Javier Hurtado sailburua: “Gure toki-merkataritzaren etorkizuna kontsumitzaileok egun erosteko egiten dugun hautuaren arabera dago”

0
PRUEBA

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok, Merkataritzako zuzendari Izaskun Gómezekin batera, Euskadin merkataritza indartzea helburu duten bi kanpaina aurkeztu ditu gaur: toki-merkataritzaren garrantziaren inguruko sentsibilizazio-kanpaina eta Euskadi Bono Dendaren bosgarren edizioa, azaroaren 15etik aurrera indarrean egongo direnak.

Bi kanpaina horiek Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren konpromisoaren parte dira, sektoreari laguntzeko eraldaketa globaleko testuinguru batean. Testuinguru horretan, merkataritzak hainbat erronkari aurre egin behar die, hala nola ingurumen-trantsizioari, digitalizazioari eta aldaketa soziodemografikoari.

Euskadi Bono Denda

Euskadi Bono Denda programa pandemiaren eta ondorengo gatazka belikoen testuinguruan sortu zen, merkataritzarentzako une zail batean kontsumoa sustatzeko. Aurreko lau edizioetan, 28 milioi euro bideratu ditu deskontu-bonuetara. Gaur, sailburuak bosgarren edizioa iragarri du. 3,5 milioi euroko aurrekontua izango du, eta programa honen azkena izango da, ezagutzen dugun moduan.

 “Euskadi Bono Denda egoera zail batean kontsumoari laguntzeko tresna bat izan da, baina orain sektorea modu jasangarri eta iraunkorrean indartuko duten egiturazko programetara bideratu behar ditugu gure ahaleginak”, azaldu du. Ildo horretatik, Saila Merkataritza 2030 Merkataritzaren Euskal Estrategia inplementatzen ari da. Estrategia horrek sendoa, lehiakorra eta etorkizunera zuzendua egongo den merkataritzarako ibilbide-orria ezarriko du.

Sailburuak azpimarratu du Sailaren merkataritza-aurrekontuaren % 63 saltokientzako eta haien elkarteentzako zuzeneko laguntzetara bideratzen dela, eta ia % 15 prestakuntzara eta digitalizaziora, egungo erronkei aurre egiteko. Merkataritza-establezimenduak modernizatzeko MEM programak, esaterako, gora egin du, 4,25 milioi euroko inbertsioarekin, eta 2025erako laguntza berriak sortu ditu belaunaldi-erreleborik ezari aurre egiteko eta ekintzailetza sustatzeko.

 “Pentsatu tokikoan”: hurbileko saltokian erostearen garrantzia

Deskontu-bonuez gain, sailburuak “Pentsatu tokikoan” sentsibilizazio-kanpaina aurkeztu du. Kanpainak helburu du herritarrei beren erosketa-erabakien garrantzia gogoraraztea. “Gure toki-merkataritzak produktuak baino askoz gehiago ekartzen du: jasangarritasuna, hurbiltasuna, aholkularitza eta gure kaleentzako bizitza dakar”, adierazi du, eta azpimarratu du hurbileko merkataritzak, era berean, Euskadiren hazkundean eta ongizatean laguntzen duela, zergak hemen ordaintzen dituelako eta tokiko ekonomia suspertzen duelako.

Kanpainaren helburua da erosle berriak erakartzea eta kontsumitzaileen eta hurbileko saltokien arteko lotura sendotzea: gure hiri eta herrien bizitasunerako funtsezko babesa.

Ekitaldiaren amaieran, Izaskun Gómez Merkataritzako zuzendariak hitza hartu du, Euskadi Bono Dendaren edizio berriaren atxikipenari eta funtzionamenduari buruzko xehetasunetan sakontzeko. Azaroaren 15etik abenduaren 5era bitartean izango da, eta 10 euroko deskontuak eskaintzen ditu erosketa-euro bakoitzeko. 16 urtetik gorako pertsona bakoitzak gehienez 3 deskontu eskuratu ahal izango ditu. Horiek atxikitako establezimenduetan bertan eskatu eta trukatzen dira.

www.euskadibonodenda.eus