Albaitaritzako laborategi-diagnostikoko 120 profesionalek animalien gaixotasunak, transmisio-arriskua murrizteko, nola detektatu aztertuko dute Avedila sinposioan

0
PRUEBA

• Amaia Barredok nabarmendu du “NEIKERek egiten duen zaintza-, prebentzio- eta kontrol-lan bikaina ganaduari eta fauna basatiari eragin diezaieketen gaixotasunen jarraipenean”

• XXVII. AVEDILA Sinposioak albaitaritza-diagnostikoan egindako aurrerapenak aztertuko ditu Bilboko Euskalduna Jauregian

• Natalia Elgezabalek (NEIKER), Cinta Prietok (UCM) eta Mar Biarnések (CESAC) baserrien errendimenduan eta osasun publikoan eragina duten animalien gaixotasunen diagnostikoarekin eta kontrolarekin lotutako hitzaldiak emango dituzte

Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak, Bilbon egingo den Avedila sinposioaren inaugurazioan nabarmendu du “NEIKER – Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeak egiten duen zaintza-, prebentzio- eta kontrol-lan bikaina ganaduari eta fauna basatiari eragin diezaieketen gaixotasunen jarraipenean”.

AVEDILA sinposioak albaitaritza-diagnostikoan egindako aurrerapenak aztertuko ditu gaur eta bihar Bilboko Euskalduna Jauregian. Animalien osasunaren arloko profesionalek laborategietako azken aurrerapenei buruz eztabaidatuko dute. Edizio hau Leire Barañanok zuzentzen duen eta Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren mende dagoen NEIKER zentro teknologikoak antolatu du.

Natalia Elgezabal (NEIKER), Cinta Prieto (UCM) eta bihar, osteguna, Mar Biarnés (CESAC) ikertzaileek baserrien errendimenduan eta osasun publikoan eragina duten animalien gaixotasunen diagnostikoarekin eta kontrolarekin lotutako hiru hitzaldi emango dituzte.

Inaugurazioan Jose Luis Blanco AVEDILAko presidenteak, Guillermo Herrero Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariak eta Joseba Garrido NEIKEReko Animalien Osasun Sailaren arduradunak esku hartu dute.

AVEDILAk sektoreko 120 profesional baino gehiago hartzen ditu. Animalien gaixotasunak detektatzea eta kontrolatzea funtsezkoa da baserrien errendimendua eta ongizatea bermatzeko, bai eta osasun publikoa babesteko ere. Albaitaritzako laborategi-diagnostikoa oinarrizko tresna da animalien gaixotasunak goiz detektatzeko eta kontrolatzeko eta, horrekin batera, transmisio-arriskua murrizteko.

Prebentzioa

Zoonosien, gizakiei zuzenean edo elikagaien bidez kutsatu ahal zaizkien gaixotasunen, kasuan, baserritik hasita lan egiteak animalia-jatorriko produktuen kalitatea ziurtatzen eta elikagaien segurtasuna bermatzen laguntzen du.

Hegazti-gripeari dagokionez, Neikerrek zaintza-programa bat du Euskadin, eta, aurten, 253 hegazti basatiren eta baserriko 178 hegaztiren laginak aztertzea ahalbidetu du. Baserriko lagin guztiak negatiboak izan dira, eta influenza birusarekin infektatutako 12 hegazti identifikatu dira, guztiak patogenotasun txikikoak, horien artean H6N1 azpimota martinetan eta H13N2 azpimota Kortezeko kaioan.
Hain zuzen ere, egun hauetan mingain urdinaz hitz egin da –ez die pertsonei eragiten–, mingain urdinaren birusaren 8 serotipoa agertu baita, eta eltxo espezie batzuek transmititzen duten gaixotasuna da. Euskadi gaixotasun horretatik libre zegoen, orain dela egun batzuk Gipuzkoako artalde batean 8 serotipoaren foku bat detektatu zen arte. Protokoloak aktibatuta daude, eta, horien artean, mugimenduak mugatzea eta ardi- eta behi-aziendak nahitaez txertatzea aurreikusten da, aspalditik gomendatzen zen bezala.

Protokoloak

Osasun Publikoko Zuzendaritzarekin lankidetzan, zaintza- eta monitorizazio-protokoloak ezarri dira, osasun publikoan eta animalien osasunean duten eraginagatik.

“Gaixotasunen diagnostikoari eta kontrolari dagokionez, Neiker infekzioak goiz detektatzen lagunduko duten biomarkatzaile berrien bila ari da; errapearen mikrobiotak mastitisean duen papera aztertzen ari gara; behi-aziendaren hautaketa genetikoa egiten da gaixotasun jakin batzuekiko toleranteak diren animaliak lortzeko, gaixotasun horietakoren batentzat une honetan ez baitago kontrolerako alternatiba eraginkorrik; eta animalien immunitate-sistema sustatzen dugu txerto inaktibatu berriekin, besteak beste, tuberkulosiari eta paratuberkulosiari aurre egiteko”, adierazi du Amaia Barredok.

NEIKERen Animalien Osasun Sailak analisi-zerbitzuen laborategi bat du, eta bertan sektoretik oso gertu lan egiten da, aholku emanez eta albaitari klinikoek, elkarteek eta beste era bateko erakundeek bidalitako laginak aztertuz, animalien osasuna ziurtatzeko, I+G lerro propio batzuei laguntza ematen dien aldi berean. Autonomia Erkidegoaren mailan, osasun-krisi handiei aurre egin die, eta nabarmendu behar da laborategiak azkar egokitu izana eta langileen prestakuntza behi eroen edo mingain urdinaren krisiei aurre egiteko.

Erronkak

Animalien Osasun Saila diziplina anitzeko talde batek osatzen du, eta ganaduari eta basoko espezieei eragiten dieten gaixotasunak zaintzen, diagnostikatzen eta kontrolatzen lan egiten du, gaixotasun zoonotikoetan arreta berezia jarriz. Ikerketa-ildoak hiru multzo nagusitan banatzen dira: 1) animalien ekoizpena mugatzen duten gaixotasunak, 2) gaixotasun zoonotikoak eta mikrobioen aurkako erresistentziak, eta 3) biosegurtasuna, fauna basatia eta bektoreak, gizakientzako eta animalientzako infekzio-iturri gisa.

Zaintzari dagokionez, basoko fauna etxeko ganaduari eta pertsonei gaixotasunak transmititzeko bidetzat hartzen da. Hegaztien influenza bezalako gaixotasunak, basoko hegaztiek nahiz etxekoek izaten dituztenak, garrantzi berezia hartzen ari dira azken aldian, beste espezie batzuetara igarotzen direlako, baita gizakietara ere, eta espezie horien artean transmititzeko aukera dagoelako.

Gainera, bektoreak, batez ere eltxoak eta akainak, bere kezka handienetako bat dira. Aldaketa globalaren ondorioz, horietako batzuk Euskadira iritsi dira edo irits daitezke, eta klima-aldaketaren ondorioz, finkatzeko baldintza egokiak aurkitu ditzakete. Osasun Publikoko Zuzendaritzarekin lankidetzan, zaintza- eta monitorizazio-protokoloak ezarri dira, osasun publikoan eta animalien osasunean duten eraginagatik. Bektore horiek gai dira, besteak beste, Zika, Chikunguña, Dengue edo West Nile birusek edo Crimea Congo gaixotasunaren eragileak eragindako gaixotasunak transmititzeko.

NEIKERen bi erronka zientifiko nagusiak dira One Health, gizakien, animalien eta ingurumenaren osasuna multzo berean biltzen dituena, eta abeltzaintzako ustiategien errentagarritasuna eta lehiakortasuna hobetzea. Errentagarritasun ekonomikorik ez badute, ustiategiak ezin dira mantendu, eta, ondorioz, nekez egin ahal izango da beharrezkoa den belaunaldien arteko erreleboa.