2023/2024 ikasturtean, Euskadiko 5.600 ikaslek baino gehiagok parte hartu zuten eskola-esparruan egindako alkoholaren kontsumoaren prebentziorako tailerretan

0
PRUEBA

Azaroaren 15a, Alkoholik Gabeko Mundu Eguna

  • Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko Zuzendaritzatik 2002an programa horiekin hasi zenetik, gutxi gorabehera 100.000 ikaslek parte hartu dute ekimen horretan, eta ikasturte honetan Euskal Autonomia Erkidegoko 40 udalerritako, hiriburuak barne, 91 ikastetxetara iritsi da

Joan den 2023/2024 ikasturtean, guztira 5.630 ikaslek parte hartu zuten Euskadin eskola-esparruan egindako alkoholaren kontsumoaren prebentziorako tailerretan. Guztira, 300 tailer inguru egin ziren Euskadiko 40 udalerritako 91 ikastetxetako ikasgeletan.

Programa hori da, hain zuzen, euskal erakundeek arlo horretan garatzen duten programa nagusietako bat. Duela hamarkada bat Osasun Sailak Adingabeak eta Alkohola Programa abian jarri zuenetik, programa erabat finkatu da, gaur egun toki-erakundeekin koordinatutako ekimen-sare zabal bihurtu arte.

2002-2003 ikasturtetik 2023-2024 ikasturtera bitartean, guztira 98.772 ikaslek parte hartu dute eskola-esparruan alkohola kontsumitzearen ondoriozko arriskuak murrizteko programan.

Joan den ikasturtean 300 tailer inguru egin ziren. Tailer horietako 238 Eusko Jaurlaritzak eman zituen 36 udalerritako 75 ikastetxetako ikasgeletan, eta 4.481 ikaslek parte hartu zuten. Aldi berean, udalek eta mankomunitateek, beren ekimenez, 56 tailer egin zituzten 4 udalerritako 16 ikastetxetan, eta 1.149 pertsonak parte hartu zuten. Guztira, 5.630 gazte.

BESTE PROGRAMA BATZUK

Aipatutako programaz gain, Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeek arlo horretako beste programa batzuk ere garatu dituzte, hala nola alkoholaren kontsumoaren prebentzioa arte eszenikoen bidez. Iaz 43 emanaldi egin ziren, eta 2.256 ikasle bildu zituzten.

Era berean, 2023an, Eusko Jaurlaritzaren jai- eta aisialdi-esparruetako prebentzio-programak 40 esku-hartze egin zituen 33 udalerritan, eta 6.305 gaztek hartu zuten parte. Gainera, udalek eta mankomunitateek 30 esku-hartze egin zituzten 14 udalerritan, eta 4.786 neska-mutilengana iritsi ziren.

Aldi berean, osasun-agente gisa profesionalak sentsibilizatzeko eta prestatzeko programaren barruan, 2023an 30 tailer egin ziren. Gazteekin, ostalaritzako profesionalekin, aisialdiko profesionalekin, jai- eta txosna-batzordeekin eta udaltzaingoekin harremanetan lan egiten duten 369 profesionalek eman zituzten tailer horiek.

2023an, alkoholaren kontsumoaren prebentzioari buruzko 17.000 triptiko banatu ziren gazteen artean, baita alkoholimetro kualitatiboak, kartelak eta abar ere. Bestalde, Osakidetzak haurdunaldiari eta alkoholaren kontsumoari buruzko 3.500 triptiko banatu zituen. 

EUSKADI,  PREBENTZIOAN AITZINDARIA

Euskadik ibilbide luzea egin du alkoholaren kontsumoaren prebentzioaren arloan, ikuspegi integraletik helduta, hau da, substantzien eta mendekotasun-portaeren osotasunetik helduta.

Alkoholaren kasu zehatzean, debekatuta dago adingabeek alkohola kontsumitzea, Eusko Legebiltzarrak 2016an onartutako Adikzioen Lege Integralaren 33. artikuluaren lehenengo puntuan jasotzen denez —lege hori Euskadin onartutako arlo horretako hirugarrena izan zen, 1988ko eta 1998ko legeen ondoren—. Adingabeak babestea eta haien osasuna eta garapen pertsonala bermatzea da lege horren xedea; hori dela eta, adingabeek alkohola kontsumitzea debekatzeaz gain, 18 urte arteko ikasleei eskolak ematen dizkieten zentroetan eta kirol-lehiaketak egiten diren instalazioetan edari alkoholdunak saltzea eta hornitzea ere debekatzen du. Legeak, halaber, sustapenaren eta publizitatearen arloko murrizketak ezartzen ditu.

2016ko legea ez da zigor-arlora mugatzen; batik bat, prebentzioan eta gizarte-sentsibilizazioan oinarritzen da, kultura-aldaketa lortzeko funtsezko tresna den heinean. Euskadi, gaur egun, Adikzioei buruzko VIII. Plana garatzen ari da, eta alkoholaren kontsumoaren desnormalizazioan ere eragiten du, batez ere nerabe eta gazteen artean, eta aisialdi osasungarriko alternatibak sustatzen ditu.

2023ko Adikzioen Inkestak islatzen duenez, Euskadin nabarmen jaitsi da alkoholaren eguneroko kontsumoaren prebalentzia, batez ere belaunaldi gazteen eta adin ertaineko belaunaldien artean. Era berean, alkoholaren kontsumo intentsiboaren eta mozkorraldien prebalentziak ere behera egin du, nahiz eta prebalentzia horrek handia izaten jarraitzen duen.