- Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak errepidean arduratsuak izateko deia egin du Trafiko Istripuen Biktimak Oroitzeko Munduko Eguna dela-eta
- Urtea hasi zenetik 31 pertsona hil dira Euskadin (17 Gipuzkoan, 7 Bizkaian eta 7 Araban)
Estibaliz Olabarri Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak trafiko-istripuen biktimen omenez egin den ekitaldian parte hartu du. Ekitaldia Euskadiko Stop Bide Indarkeria elkarteak antolatu du Gasteizen, Trafiko Istripuen Biktimak Oroitzeko Munduko Eguna dela eta. Zuzendariarekin batera ekitaldian izan dira, besteak beste, Arabako hiriburuko Udaleko eta Arabako Foru Aldundiko agintariak eta trafiko-istripuen biktimen familiartekoak.
Olabarriren esanetan: “2024an, azaroak 11ra arte, 31 pertsona hil dira Euskadiko kale eta errepideetan (17 Gipuzkoan, 7 Bizkaian eta 7 Araban). 2023ko aldi berean, berriz, 36 hil ziren (24 Gipuzkoan, 7 Bizkaian eta 5 Araban)”.
Trafikoko zuzendariak azpimarratu du: “Joera beheranzkoa izan arren, hildako bakarra ere gehiegi da, Eusko Jaurlaritzan zero biktima ikuspenarekin ari baikara lanean, Bide Segurtasuneko eta Mugikortasun Segururako eta Jasangarrirako 2025 Plan Estrategikoan eta Bide Segurtasunaren Aldeko Euskal Itunean jasotakoari jarraituz. Erronka utopikoa dela iruditu daiteke, baina horrek bultzatzen gaitu aktiboki lanean jarraitzera trafiko-istripuz hildakorik gabeko Euskadira hurbiltzeko”.
Trafiko Istripuen Biktimak Oroitzeko Munduko Eguna azaroko hirugarren igandean egiten da urtero 2005etik, NBEk urte horretan eskatu baitzien gobernuei efemeride hori oroitzeko gizartea kontzientziatzeko helburuarekin.