Osakidetzak antibiotikoen erabilera egunero kontrolatzeko aukera ematen duen tresna digital bat hedatzeko lanak amaitu ditu

0
PRUEBA

AZAROAREN 18A: ANTIBIOTIKOAK ZUHURTZIAZ ERABILTZEKO EUROPAKO EGUNA

  • Estatuko lehen osasun-sistemetako bat da tresna hori bere erakunde guztien eskura jartzen, tratamenduak optimizatzeko eta antibiotikoen erabilera egokia errazteko
  • Gainera, tratamendu-denborak laburtzeko lan egiten da, eraginkortasunik galdu gabe, eta, erresistentziak sortzeko aukera txikiagoa duten medikamentuak lehenesten dira
  • Azken bost urteetan, Euskadin, antibiotikoen erabilera % 3,6 murriztea lortu da. Osasun Sailak eta Osakidetzak gogorarazi nahi diete herritarrei erabilera desegokiak arriskuan jartzen dituela osasun indibiduala eta kolektiboa

Gaur, Antibiotikoak Zuhurtziaz Erabiltzeko Europako Egunarekin bat eginez, beste behin, Osasun Sailak eta Osakidetzak gogorarazi nahi dute antibiotikoak modu egokian erabiltzea dela bide bakarra antimikrobioekiko erresistentzia geldiarazteko; izan ere, mundu osoari eragiten dion arazoa da. Euskadin, hain zuzen ere, halako medikamentuen erabileran beherakada nabarmena egon da azken hamarkadan, programa espezifikoak abian jarri zirenetik; ordurik, erabilera murrizteko joera hori mantentzen ari da, gainera. Azken 5 urteetan antibiotikoen kontsumoa % 3,6 murriztea lortu ez ezik, hainbat neurri eraginkor ere ezarri dira, antibiotikoen erabilera egokia bermatzen jarraitzeko eta horien eraginkortasuna galtzea saihesteko.

Erresistentzia antimikrobianoak kontrolatzeko dauden lehentasunezko ekintzen artean, antibiotikoak erabiltzeko jardunbide egokiak sustatzeko tresnen diseinua eta zabalkundea ditugu. Horren adibide dira Osakidetzako ospitaleetan eta Lehen Mailako Arretan Antibiotikoen erabilera optimizatzeko programak (PROA, gaztelaniaz). Programa horiek tresna baliagarria dira halako prozesuen diagnostikoan eta tratamenduan esku hartzen duten profesionalentzat, antibiotikoak preskribatzerako eta ematerako orduan. Gainera, antibiotikoen zentzuzko erabilera segurua sustatzen dute.

PROA programekin laguntzeko, ESI guztietan WASPSS izeneko aplikazio informatiko bat hedatu da, erabakiak errazago hartu eta alertak goiz atzeman ahal izateko. Arabako Unibertsitate Ospitalean eta Bidasoako Ospitalean jarri zen abian tresna hori, pilotu gisa. Baliabide horri esker, profesionalek pazienteen datuak, mikrobiologiako datuak eta tratamenduak ikus ditzakete, eta hauek egunero berrikusi tratamendurik egokiena eman ahal izateko. Beraz, tratamenduak optimizatzen eta antibiotikoak behar bezala erabiltzen laguntzen duen tresna bat da, eta, Osakidetza, esku-hartze hori amaituta, halako baliabide bat bere erakunde guztien eskura jartzen duen lehen osasun-sistemetako bat izan da Estatuan.

Gainera, bai Osasun Saila, Farmaziako eta Osasun Publikoko zuzendaritzetatik, bai Osakidetza, dibulgazio- eta sentsibilizazio-lana egiten ari dira, antibiotikoen erabilera egokiaren alde egiteko funtsezkoa baita, honako hauen garrantzia azpimarratuz: preskripzioen egokitzapena, dosifikazioaren optimizazioa eta tratamenduen iraupen egokia. Lan horretarako ezarritako ildoetako bat Osakidetzaren Gida Farmakoterapeutikoaren berrikuspena da, agiri horren bitartez lehenetsi nahi baita erresistentziak sortzeko aukera txikiena duten medikamentuen erabilera. Horretaz gain, profesionalentzako dibulgazio-ekintzak ere bideratu dira informazio-buletinen bidez, betiere arreta jarrita prozesu infekzioso askotako tratamendu-iraupena laburtzean, eraginkortasun klinikoari eutsita.

Osasun Sailak eta Osakidetzak nabarmendu nahi dute lehentasuna dela antibiotikoekiko erresistentziak kontrolatzea, zuzenean eragiten baitiete osasun indibidualari eta kolektiboari. Hain zuzen ere, hala jasota dago Pazientearen Segurtasunerako Estrategia 2030 delakoan, baita 2030eko Euskadiko Osasun Planean eta 2023-2025 aldirako Osakidetzako Plan Estrategikoan ere. Kalkuluen arabera, antibiotikoekiko erresistentziek 50.000 heriotza eragin zituzten Europan 2019an; horregatik, Osasunaren Mundu Erakundeak esana du gizadiari mehatxu egiten dioten osasun publikoko 10 erronka nagusien artean dagoela arazo hau.

NOLA SORTZEN DIRA ERRESISTENTZIAK?

Mikroorganismoek antibiotikoekiko erresistentziak garatzearen oinarrian fenomeno biologiko konplexu bat dago, zeinaren ondorioz antibiotikoek eraginkor izateari uzten dioten. Erresistentzia horien hautaketan, antimikrobianoak behar ez bezala eta gehiegi erabiltzea dira faktore nagusia.

Erresistentziak hedatzeko dinamika ere prozesu konplexua da; izan ere, ez dira pertsonen artean soilik transmititzen, baizik eta animalien eta pertsonen artean eta ingurumenean ere, eta horrek arazoa gero eta handiagoa izatea dakar. Giza osasunaren, animalien osasunaren eta ingurumenekoaren arteko erlazio horrek agerian uzten du esparru horietan guztietan jardun behar dela, ez soilik pertsonen osasunean.

GOMENDIOAK

Osasun Sailak eta Osakidetzak herritarrei jakinarazi nahi diete, beraz, erresistentziak gutxitzea eta antibiotikoak modu egokian erabiltzea denon ardura dela, osasun-sistemarena eta haiena ere. Hori dela-eta, honako gomendio hauek kontuan hartzea eskatzen diete:

  • Antibiotikoek soilik balio dute bakterioek eragindako infekzioak tratatzeko. Hortaz, ez dira baliagarriak birusek eragindako arnasbideetako prozesuetarako; hotzerirako edo griperako, adibidez.
  • Infekzio-prozesu arin gehienetan ez da antibiotiko bidezko tratamendurik behar, sistema immuneak berak gaindituko baititu.
  • Antibiotikoak soilik hartuko dira medikuak edo odontologoak agintzen baldin badu, ez norberak hala erabakitzen duelako.
  • Prozesu infekzioso ugari gainditzeko, nahikoa izaten da antibiotikoak egun gutxi batzuk hartzea. Hala ere, oso garrantzitsua da langile sanitarioen jarraibideen arabera hartzea medikamentuak eta preskribatutako denboran hartzea, lehenago hobera egin arren.