Justiziako sailburuak biktimekiko konpromisoa indartu du eta biktimagileen buruzko erabakietan gardentasun handiagoa hitzeman du

0
PRUEBA

Antonio Beristain Topaketa Biktimologikoaren itxieran, San Josék aurreratu du biktimak informazio eta gardentasun handiagoa jasotzen hasiko direla, ETAko presoekin hartzen diren erabaki batzuen arrazoien inguruan.

Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen sailburu María Jesús San Josék Sailak terrorismoaren biktimekin duen konpromisoa indartu du gaur, baita biktimagileekin zerikusia duten erabakiak hartzean gardentasun handiagoa bermatu beharra ere, eta aurreratu du biktimak jada hori egiaztatzen hasiko direla.

San Josék Antonio Beristain XIV. Topaketa Biktomologikoan parte hartu du gaur Donostian, eta gogorarazi du “agintaldiaren hasieratik” hartu zuela Sailak konpromisoa biktimekin, hain zuzen ere, biktimagileekin lotutako erabakiak hobeto ulertarazteko konpromisoa. Horretarako, “hemendik aurrera” biktimek erreferentziatzat izango dute, ez Biktimen Zuzendaritza soilik, baizik eta baita Justizia eta Espetxe Kudeaketa arloa ere.

Justizia eta Giza Eskubideen arduradunak onartu du egungo testuingurua konplexua dela; izan ere, ETAk bere jarduna eten zuenetik 13 urte igaro badira ere, “Euskadik Europako anomalia handia izatea utzi zuenetik”, espetxean zigorra betetzen ari diren biktimagileak Legeak jasotako Eskubideak baliatzen hasi dira, eta horrek ezinegona eragin du biktimengan, eta horrek, era berean, arazo “nuclear” bat eragin du. “Inork ez zuen momento hau prestatu”, baieztatu du.

Gradu-bilakaerak

Egoera honi aurre egiteko, sailburuak Saila egiten ari den ahalegina azpimarratu du, biktimak espetxe gaien inguruan erabakiak hartzen dituzten arduradunengana hurbiltzeko. “Seguruenera biktimek ez lukete Biktimen Zuzendaritzaren leihatilan bakarrik arreta jaso behar, izan ere, horrek erabakiak ez ulertzea eragin lezake” ETAren presoen inguruko erabakien inguruan, azaldu duenez. Horregatik, bere lantaldearen lana nabarmendu du, gradu-bilakaeren inguruko erabakiak hartzen dituztenen leihatiletara hurbiltzeagatik.

«Bide berri baten hasieran gaude, eta badakigu konplexua dela. Baina ez ginen Sail honetara etorri txalo bila, baizik eta oraindik ere badirauten arazoei konponbidea ematera etorri gara”, adierazi du. Era berean, azpimarratu du garrantzitsua dela biktimen informaziorako eskubidea bermatzea, “ahaztu gabe biktimagileen datuek dituzten pribatutasun eskubideak”. Hori dela eta, biktimak izango dira informazioa baliatuko dutenak “nahi duten punturaino”, izan ere, onartu duenez, “ezer jakin nahi ez duen biktimak badaude”.

Bere hitzaldian, sailburuak erabakia bizikidetza “osoa” sendotzeko eta ziklo “berri” baterako ekarpen gisa aurkeztu du. Ildo horretatik, Zigor Zuzenbideko katedratiko eta Kriminologiaren Euskal Institutuko sortzaile Antonio Beristain aipatu du, `in dubio pro víctima´ printzipioa defendatzen zuena; horrela, delitu bat sufritu dutenen beharrizanetan arreta jartzea zen helburua, birbiktimazioa saihesteko.

Era berean, bizikidetza osotasunez eta errespetuz kudeatzeko premia azpimarratu du: indarkeriak ez duela inongo justifikaziorik bermatu, bereziki pertsonen osotasun fisiko edo psikikoaren aurka egiten duen izaera politikokoa. Izan ere, aitortzen da oraindik ere badagoela defizita arlo horretan, eta adierazi du “agian, hurrengo belaunaldiei utzi nahi diegun bizikidetza kudeatzeko unerik latzenetako batean gaudela”. Horregatik, konpromisoa hartu du “ahal den guztietan” lan egiteko indarkeriaren arduradunekin, damutzeko eta eragin zuten mina sekula ere ez zutela eragin behar aitortzeko, Beristainen ideiak gogoratuz, espetxe-sistemaren ingurukoak, izan ere, espetxea birgizarteratzeko eta biktimen mina erreparatzeko espazio gisa ulertzen zuen.

“Gure esku dagoen guztia egingo dugu biktimak xede dugun Euskadi horren protagonista sentitu daitezen, inoiz inork ez dezan izan arrazoi edo aitzakiarik inor hil edo jazartzeko”. Horretarako, adierazi du “are gehiago” kontatuko duela Kriminologiaren Euskal Institutuarekin, Antonio Beristain XIV. Topaketa Biktomologikoaren antolatzaileak. Helburua Beristain irakaslearen ondare biktomologiko eta kriminologikoa ezagutaraztea eta zabaltzea da.

Azkenik, sailburuak bere Sailaren konpromisoa berretsi du, asmo handiko helburu batekin: justizia eskuragarri, berdinzale eta gizarteratzeara bideratutako justizia baten alde lan egitea; horrez gain, biktima “arretaren eta kezken erdigunean” jartzea. Gainera, esan duenez,  pertsona guztiek, ezagutza edo egoera ekonomikoa kontuan izan gabe, justiziara jotzeko aukera bermatua izateko lan egiten du. Horrez gain, birgizarteratze “osorako” eta biktimen erreparazio “osorako” ere lan egiten dela adierazi du.

 

Donostia, 2024ko azaroaren 19a