Europan integratzeko prozesuak ikuspegia, ausardia eta borondate politikoa eskatzen ditu. Premisa horretan oinarrituta, Juan Alberdi Eusko Jaurlaritzako Politika Ekonomikoaren eta Europako Kohesioaren zuzendariak hau adierazi du: “Euskadik ahotsa eskatzen du Europan funtsezko partaide izan nahi duelako 2028+ urterako Europar Batasunaren etorkizuneko finantzaketa-esparrua eta programak diseinatzerakoan”. Adierazpen horiek egin ditu Ekonomia eta Gizarte Kontseiluak “Europar Batasuneko Gobernantza Ekonomikoa” gaiari buruz Bilbon, gaur, antolatutako jardunaldian.
Alberdik foro horretan adierazi duenez, Europako politikan “maila anitzeko gobernantza eraginkorra, hurbilekoa eta kohesionatua, subsidiariotasun-printzipioan oinarrituko dena” egituratzeko premian oinarritzen da asmo hori, legegintza-eskumenak dituzten eskualdeek eta nazionalitateek Europar Batasunaren esparruan botere konstituzionalak erabat garatu ahal izan ditzaten. “Horrela, eztabaidak aberastu ahal izango dira, eta, hartara, haien legitimitatea indartuko da, parte-hartze eta kontrol demokratikoak areagotuko dira, eta Europa eraikitzeko eta integratzeko prozesuan lagunduko da”, haren iritziz.
Joan den astean, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoan euskal erakundeek nazioarteko hainbat erakunde eta foro fiskaletan parte hartzeko lortutako akordioa maila anitzeko gobernantza eraginkorraren “adibide ona” da, Alberdiren ustez, eta “Europar Batasun hurbilago eta kohesionatuago baten eraikuntza indartzen du”.
Akordio horri esker, euskal erakundeek ECOFIN erakundeko organoetan parte hartu ahal izango dute, baita Goi Mailako Taldeetan eta osoko bilkuretan ere. Euskadik Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen fiskalitateari buruzko nazioarteko foroetan parte hartuko du, baita Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen eta G-20 taldearen oinarri-zergei eta etekinen transferentziari (BEPS) buruzko esparru inklusiboko lanetan ere.
Nazioarteko presentzia horrek are eta garrantzi handiagoa hartzen du etengabe aldatzen ari den mundu batean. “Egokitzeko prest egon behar dugu. Mandatariei erabakiak hartzeko ausardia eskatzen dien mundu-ordena berri baten definizioaren lekuko izaten ari gara”, nabarmendu du Politika Ekonomikoaren eta Europako Kohesioaren zuzendariak.
Testuinguru hori hobetzeko aukera gisa ikusi beharko litzateke: “Egungo egoera geoestrategikoa aukera handia da eredu ekonomiko berri bati eta mundu jasangarriago, zuzenago eta bidezkoago bati forma emateko. Aukera paregabea da, egoerak eskatzen duen bezala badihardugu”.