Gaur, azaroak 25, Emakumeen aurkako Indarkeria Matxista Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela eta, Lehendakaritzako eskaileretan egin den elkarretaratzearen buru izan da Imanol Pradales Lehendakaria. Lehendakariak Eusko Jaurlaritzak indarkeria matxistaren adierazpen guztiak gaitzesten dituela adierazi nahi izan du, eta erakutsi beste erakunde batzuekin eta gizarte osoarekin koordinatuta lan egiten jarraitzeko konpromisoa indarkeria desagerrarazteko.
Elkarretaratzearen ondoren, Emakundeko zuzendariak, Miren Elgarrestak, indarkeria matxistaren ondorioz eraildako emakume guztiak gogoratu ditu, eta baita bizirik iraun duten emakumeak eta haien seme-alabak ere, eta babesa eta erakundeek eskaintzen dituzten baliabide eta zerbitzu guztiak eskaini dizkie. Indarkeria matxistarekin amaitzeko gizarte osoaren batasunerako deia egin du Elgarrestak: «Erakundeak, herritarrak, familiak, enpresak, ikastetxeak, komunikabideak, elkarteak… Indarkeria matxistaren prebentzioak lehentasuna izan behar du arlo guztietan «, adierazi du. Bestalde, indarkeria matxista ukatzen edo hutsaltzen duten diskurtsoez ohartarazi du: «Diskurtso horiek gero eta leku handiagoa hartzen ari dira, batez ere hedabide digitaletan, eta gazteria da horien publiko objektiboa». Ildo horretan, «erne egon behar dugu, baina ezin dugu ahaztu gure gizartearen gehiengoa, eta gure gazte gehienak, berdintasunaren aldekoak direla eta indarkeria matxista arazo larri bat bezala ikusten dutela». Bere hitzetan, uste horrek «emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte baterantz aurrera egiten jarraitzeko indarra ematen digu».