Hezkuntza sailburuak Lanbide Heziketako Ikasleen prestakuntza eta jarrera ona baloratzen jarraitzeko eskatu die enpresei

0

Hezkuntzako sailburuak hainbat erakunderen arteko lankidetza goraipatu du, ikasleen prestakuntza praktikoan aurrera egitea ahalbidetu baitu, bai euskal enpresetan, bai atzerrian, eta EAEko LHren enplegagarritasun handia azpimarratu du.

Hezkuntzako sailburu Begoña Pedrosa izan da gaur goizean Bilbon egin den Euskadiko Enpresa & LH urteko ekitaldiaren buru. Bertan, euskal enpresetan LHko ikasketak amaitu dituzten 400 ikasle ingururi diplomak banatu zaizkie.

Confebaskek hogeita hamaikagarren urtez jarraian antolatu du ekitaldia, eta Estatu osoan egiten den ekitaldi bakarra da. Bertan, Lanbide Heziketako ikasketak amaitu dituzten 400 ikasle ingururi diplomak ematen zaizkie. 20.000 enpresa inguru ari dira Hezkuntza Sailarekin lankidetzan prestakuntza duala ahalbidetzeko; enpresetan praktikak egiteko eta ikasteko aukera ematen duen modalitatea da, ikasturte honetan EAEko LH osora zabaldua.

Hezkuntzako sailburuak erakundeen eta euskal enpresarien konfederazioaren lankidetza goraipatu du, ikasleen prestakuntza praktikoan aurrera egitea ahalbidetu baitu, bai euskal enpresetan, bai atzerrian. Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Lanbide Heziketaren etorkizunari aurre egiteko duen ilusioa helarazi nahi izan du Pedrosak. “Lanbide Heziketako eredu aurreratu eta propio baten alde egingo dugu, nazioartean bere bikaintasunagatik aitortua izan dadin. Erronka berriei aurre egiten dien Lanbide Heziketa, malguagoa eta balioaniztunagoa; gizartearen eta ekoizpen-ehunaren eskaeretara bideratzen den LHa”, azaldu du.

Pedrosak gogorarazi du LH ikasten duten pertsonen enplegagarritasun-maila % 90era iristen dela. Azaldu duenez, produkzio-sareak aldaketa teknologikoetara egokitu behar izan du, eta Lanbide Heziketak funtsezko zeregina izango du eraldaketa horretan. Etorkizuneko erronken aurrean, Pedrosak berretsi egin du ikasleei behar duten prestakuntza eskaintzeko Hezkuntza Sailaren “konpromisoa, talentua, sormena, konpromisoa eta konfiantza emango dituzten profesional bihur daitezen”.

Gizarteari mesede egiten dioten pertsonen gaitasunak

Sailburuak ekitaldian izan diren euskal enpresak aipatu ditu, eta aitortu du gizarte-ongizateak produkzio-sektore sendoa eta enpresa lehiakorrak eta gizartearekin konprometituak behar dituela. «Pertsonen ongizatea, garapen soziala eta enpresen lehiakortasuna eskutik doaz, eta Lanbide Heziketak dimentsio horiek guztiak konbinatzeko konpromisoa hartzen du» iragarri du Pedrosak. Izan ere, Hezkuntzako sailburuak argudiatu duenez, pertsonen gaitasunek eta ongizateak enpresen garapena errazten dute, eta euskal enpresen lorpenek gure gizartearen alde egiten dute.

Berdintasun handiagoa

Sailburuak aipamen berezia egin nahi izan die LHko emakume ikasleei, lanbide-arloetara sartzen diren “ikasleen artean genero-berdintasuna bultzatzen ari direlako”. “Euskal Hezkuntza Sistema izatearen, jakitearen eta bizikidetzaren zutabeetan oinarritzen da”, azpimarratu du. Eta ekitatearen, errespetuaren, kohesioaren eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren aldeko apustua egiten jarraitzeko beharra nabarmendu du. Amaitzeko, indarkeria matxistaren biktima izan diren emakume guztiak gogoratu ditu.