Eusko Jaurlaritzak “Ezagutza Partekatuz” jardunaldien beste saio bat egin du gaur goizean Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako ekitaldi-aretoan. Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzak antolatzen dituen topaketa horiek polizia-agenteei zuzenduta daude, eta ezagutzak eta jardunbide egokiak partekatzea dute helburu, era horretara Euskal Poliziaren jarduketak eta euskal herritarren segurtasuna eta ongizatea indartzeko.
PROGRAMA
Ricardo Ituarte Segurtasuneko sailburuordeak, Amaya Angulo Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Administrazio eta Zerbitzuetako zuzendariarekin eta Asier Erkoreka Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendariarekin batera, eman dio hasiera “Ezagutza Partekatuz” jardunaldiaren zazpigarren edizioari, eta bertan Ertzaintzako Inteligentzia Bulego Nagusiko agenteek azaldu dute “patruilatze fokalizatuak” duen garrantzia polizia-tresna gisa.
Lehenengo, Inteligentzia Bulego Nagusiko buruak, Juan Vicente Bilbaok, hartu du hitza, eta patruilatze mota horri buruzko azalpena eman du. Ondoren, Inteligentzia Bulego Nagusiko Krimen Antolatuaren Ataleko buruak, Aitor Lasak, erabakiak hartzeko oinarri gisa, datuen analisian eta informazioa/inteligentzia biltzean oinarritzen den kudeaketa taktiko eta estrategikoko eredu berri hori azaldu du. Jarraian, Inteligentzia Bulego Nagusiko Kriminalitatea Aztertzeko Taldeko Jose Alberto Martínez agenteak zehaztu du nola eta zergatik egin behar den patruilatze-mota horren aldeko apustu, eta hori gauzatzeko orduan herritarren segurtasuneko agenteek duten garrantzia azpimarratu du.
Azkenik, hirian patruilatze fokalizatua ezartzean izandako esperientziak partekatu dituzte bertaratuekin Juan Carlos González Donostiako Ertzain-etxeko buruak, Fermín Álvarez Donostiako Ertzain-etxeko Ikerketako buruak, Patxi Anguera Donostiako Udaltzaingoaren komisariordeak eta Xabier Erkudia Donostiako Udaltzaingoaren ofizialak.