Donostian ospatu den «Euskal industriaren erronkak eta aukerak» ADEGI – Kutxabank XIII. Lan Gosariaren protagonista izan da Mikel Jauregi sailburua. Ekitaldian zehar, Euskadiren testuinguru enpresariala eta industriala sakon aztertu du sailburuak, ekonomia-adierazle nagusiak aipatuz, hala nola, hazkunde-aurreikuspenak, etorkizuneko erronkak edo Eusko Jaurlaritzak proposatzen dituen ekonomiaren arloko lan-ildo nagusiak. Berarekin batera bertan ere izan dira Isabel Busto, ADEGIko presidentea eta Anton Arriola, Kutxabankeko presidentea.
«Europaren, Euskadiren eta Gipuzkoaren egoeraren argazki finkoa oso ona da», nabarmendu du Jauregik, «biztanle bakoitzeko errenta eta gizarte-ongizate maila maximo historikoetan daude, eta pobrezia absolutuaren eta langabeziaren maila, berriz, minimoetan. Hala ere, argazki dinamikoa konplexuagoa da; fokua Mario Draghiren txostenean jartzen badugu, hobetzeko esparru batzuk ere baditugu. Horregatik planteatzen dugu Euskadi, bere industria-sendotasunetik, Europako berrindustrializazioaren aitzindari izatea. Etorkizunari baikortasunez eta ilusioz begiratzen diogu».
Sailburuak azpimarratu duenez, «Gipuzkoako adierazle ekonomikoek hobetu egiten dituzte Euskadikoak alderdi askotan. Gipuzkoan, industria BPGren % 27 da, eta Euskadin, berriz, % 24. Gipuzkoako aurreikuspen ekonomikoak positiboak dira eta Euskadikoak oro har gainditzen dituzte, % 2,1eko hazkundearekin 2024ko lehen seihilekoan, Euskadiren % 1,9aren aldean «.
«Industriari dagokionez, alderdi nabarmenak ere badaude, eta erreferentziazkoak gara makina-erremintan eta fabrikazio aurreratuan, adibidez. Makina-erremintako negozio-zifraren ia hiru laurden, % 72, Euskadin sortzen da. Eta Gipuzkoak sektore honetan duen protagonismoa ukaezina da, sektoreko enpresen % 60rekin eta langileen eta fakturazioaren % 75ekin baino gehiagorekin. Gipuzkoa ere lurralde dinamikoa eta erreferentea da etorkizuneko industrian, sektore biosanitarioaren, mugikortasun iraunkorraren edo konputazio kuantikoaren aldeko apustu oso garrantzitsuarekin» azaldu du Mikel Jauregik.
Industria sailburuak esan duenez, «eraldaketa handiak hemen daude, eta atzean geratu nahi ez badugu, gure aurrekoengandik ikasi eta etorkizuneko Euskadi eta Gipuzkoaren oinarriak ezartzen hasi behar dugu. Egin dezagun orain eguzkiak dir-dir egiten duenean, eta ez euritan eta krisi baten hotzean. Lan egin dezagun elkarrekin gure seme-alabei utzi nahi diegun industria bultzatu eta eraikitzeko. Ziur nago hemen gauden guztiok bat gatozela helburu horrekin «.