Bizkaiko Ahaldun Nagusi Elixabete Etxanobek Impact Week kongresuaren hogeigarren edizioa inauguratu du, Euskalduna Jauregian. Impact Europe-k eta Bizkaiko Foru Aldundiak antolatu dute kongresua, hari atxikitako Seed Capital Bizkaia sozietatearen bidez, eta aste honetan egiten ari da, gure lurraldean. Halako ezaugarriak dituen Europako kongresurik handienaren inguruan antolatutako jarduerek gizarte-eragineko inbertsioan eta finantza jasangarrietan diharduten Europako eragile ekonomiko nagusien nazioarteko mila ordezkari inguru bildu dituzte astelehenetik aurrera.
Inbertsio- eta pentsio-funtsak, fundazioak, inpaktuko agente korporatiboak, finantza-erakundeak, finantzatzaile publikoak, unibertsitateak, inkubagailuak eta azeleragailuak etorri dira hitzordura, 2022an Europan 80.000 milioi euro mobilizatzea lortu zuen merkatu batean harremanak ezartzeko eta aukera berriak detektatzeko. Foroaren helburua da eragin ekonomiko eta soziala izango duten proiektuen garapenean inbertsioa sustatzea. Horretarako, jasangarritasuna, berdintasunik ezaren murrizketa, gizarte-kohesioaren sustapena eta bestelako gaiak landuko dira.
Etxanobek, bere hitzaldian, Bizkaiak inpaktuko inbertsioarekin betidanik izan duen konpromisoa nabarmendu du. Lurraldea bakarra den ekosistema bat eraikitzen ari da, proiektu berritzaile eta jasangarrien aldeko apustua egin duelako hainbat arlotan, hala nola energian, ekonomia zirkularrean, zilarrezko ekonomian, iraupen luzeko zainketetan, osasunean, hezkuntzan edo laneratzean eta lan-inklusioan. «Gobernu aitzindaria gara gizartean eragina duten proiektuak bultzatzen. Duela hamar urte, Bizkaiko Foru Aldundia izan zen gizarte-eragin handiko proiektuak babesteko funts bat abian jarri zuen Europako lehen administrazio publikoa». «Gaur ez gara soilik etorri zenbakiez hitz egitera edo zifrez eztabaidatzera; etorkizun berritzaile, jasangarri, inklusibo bat eraikitzen ari gara pertsona guztientzat. Izan ere, gure ustez, benetako aurrerapena neurtzeko, BPGa ez ezik, bizi-kalitatea, gure gizartearen kohesioa eta oreka eta gure enpresek balio partekatua sortzeko duten gaitasuna ere hartu behar dira kontuan», adierazi du.
Kongresuaren irekiera ofizialean Impact Europe-ko CEO Roberta Bosurgik ere parte hartu du. Erakunde horrek antolatu du ekitaldia, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta haren Ekonomia Sustatzeko Sailari atxikitako Seed Capital Bizkaia sozietatearekin lankidetzan. Bizkaiak Turinen lekukoa hartu du aurtengo edizioaren anfitrioi gisa, hazkunde ekonomiko integratzailea sustatzeko egin duen ibilbide nabarmenari esker. Bosurgik adierazi duenez, «Bizkaia gizarte-eragineko inbertsioa bultzatzen duen eskualde-gobernu baten adibide bakarra da mundu-mailan. Guretzat zirraragarria da aldaketa-eragileen gure komunitate globala Bilbon elkartzea, lurraldeko inpaktuko liderrengandik ikasteko eta elkarrekin etorkizun hobe baten alde lan egiteko».
Lidergoari buruzko solasaldiak
Irekieraren ondoren, hainbat solasaldi egin dira lidergo eraldatzailearen inguruan, gizarte-eragineko ekonomian nazioarteko eta tokiko adituekin. ClientEarth-eko programen Europako zuzendari Adam Weiss-ek Laudes Foundationeko CEO Leslie Johnston-ekin jardun du solasean klima-justizia lortzeko lidergoari buruz.
Bestalde, Athletic Clubeko presidente Jon Uriartek komunitatean oinarritutako lidergoari buruz duen ikuspegia partekatu du Seed Capital Bizkaiako zuzendari kudeatzaile Óscar Ugarterekin. Hirugarrenik, Ilunion-eko CEO Alejandro Oñorok lidergo inklusiboaren garrantziaz eztabaidatu du ONCE Fundazioko Nazioarteko Aliantzen eta Harremanen zuzendari Lourdes Márquez de la Callejarekin. Ondoren, Heading for Change-ren katalizatzaile nagusi Sana Kapadiak generoaren arloko lidergo adimendunari buruz hitz egin du Impact Europe-ko CEO Roberta Bosurgirekin.
Ondoren, Erik Bruun Bindslev inbertitzaile eta aholkulariak elikadura-sistemak eraldatzeko klima-finantzaketaren garrantzia jorratu du, IKEAko Gizarte Ekintzailetzako zuzendari nagusi Åsa Skogström Feldt-ekin izan duen solasaldian. Azkenik, ICEXeko Finantzetako eta Inbertitzaileekiko Harremanetako zuzendari Alberto Sanz Serranok inbertsioaren geografiako lidergoari buruz hitz egin du Open Value Foundation-en fundatzaile María Ángeles León Lópezekin.
Inpaktuko aurrekitaldi bat
Aste honetan, Bizkaia lehen mailako 150 eragile ekonomiko-finantzarioren baino gehiagoren topagune bihurtu da. Eragile horiek, astean zehar, inpaktuko inbertsioari eta finantza jasangarriei buruzko 70 saio baino gehiagotan parte hartuko dute, lurraldeko gune garrantzitsuetan, hala nola BAT-B Accelerator Tower-en, Guggenheim Bilbao Museoan eta Euskalduna Jauregian.
Kongresua ofizialki hasi aurreko egunetan, BAT inpaktuko inbertsiorako dozena bat topaketa funtsezkoren egoitza izan da. Topaketa horietan, Oxfam-ek, Anesvad-ek, Latimpacto-k, Microbank-ek, Fondo de Fundaciones de Impacto-k eta beste entitate batzuek parte hartu dute. Saio horiek ekonomia jasangarriago baten aldeko elkarrizketarako, sinergiak esploratzeko eta aukera berriak sortzeko gune bihurtu dira.
Inpaktuko aste honetan izan den beste topaketa aipagarri bat Impact Equity Forum foroaren lehen edizioa izan da, Euskalduna Jauregian. Europako Inbertsio Funtsak, Europako Inbertsio Bankuak eta Europako Batzordeak antolatu dute, InvestEU Europako programaren esparruan, eta ehun inbertsio-funts eta policy maker baino gehiago bildu ditu, inpaktuko inbertsioaren joerak aztertzeko eta inbertsio-aukera berriak ezagutzeko.
Bizkaia, ekonomia jasangarriaren sustapeneko liderra
Impact Week-en edizio honen egoitza izateko Bizkaia aukeratu izanak indartu egiten du Europan eredu ekonomiko jasangarri eta arduratsuak sustatzeko erreferente gisa duen posizioa. Kongresuaren helburua da nazioarteko aliantzak sendotzea eta Bizkaia gizarte-eragineko inbertsiorako lurralde lider gisa bultzatzea.
Impact Week 2024k bihar arte iraungo du (ostirala, azaroak 29). Jarduera, tailer eta topaketa ugari egingo dira, eta gizarte-eragineko lider globalak bilduko dira, hausnarketarako eta ekintzarako bakarra den gune batean.