Gasteizko EUNEIZ Unibertsitateak TEKgunearen laugarren edizioa hartu du gaur goizean Eta orain zer? Nola erabili teknologia emergenteak izapideak arindu eta errazteko lelopean. TEKgunea, Euskadiko Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien (IKT) sektoreko erreferentzia-jardunaldia da. Topagune honek aukera ematen du kasu arrakastatsuak ezagutzeko eta administrazioen artean proiektuak eta esperientziak partekatzeko. EAEko administrazio guztietako (Eusko Jaurlaritza, aldundiak eta udalak) 17 hizlari eta 250 arduradun eta teknikari baino gehiagok parte hartu dute gaurko jardunaldian (aurrez aurre eta streaming-ez) eta beraz, arrakastatsua izan da, laugarren edizio hau.
Maria Ubarretxena Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak eman dio hasiera jardunaldiari, eta nabarmendu du lankidetza beharrezkoa dela administrazioa desburokratizatzeko, arintzeko eta sinplifikatzeko. «Administrazioa modernizatu eta arintzea ez da aukera bat, betebehar bat baizik egungo testuinguruan; teknologia baliatu behar dugu zerbitzuak hobetu eta zerbitzuetara sarbidea errazteko, tresna teknologikoak eta gaitasun digitalak garatu behar ditugu, sinplikazioan, eraginkortasunean eta etengabeko hobekuntzan aurrera egiteko eta arreta presentzial zein telematikoa hobetzeko, arreta pertsonalizatuago, integralago eta zentralizatuago baten alde”, azpimarratu du Ubarretxenak.
«Herritarrak erdigunean jartzen dituen administrazio arinagoa, eraginkorragoa eta modernoagoa bultzatu nahi dugu, pertsonen egunerokotasuna errazteko helburuarekin” gehitu du sailburuak. Ildo horretatik, Eusko Jaurlaritzak agenda amankomun bat helarazi die euskal administrazioei, ikuspegi bakarrarekin eta elkarrekin, eraldaketa digitalean, sinplifikazioan, elkarreragingarritasunean eta leihatila bakarraren ereduan urratsak egiteko. «Euskadiko Administrazio Publikoaren Estrategia Digitala lantzen hasita gaude eta pertsonek eta enpresek gehien eskatzen dituzten 8 zerbitzu eta izapideak identifikatu ditugu eta horiek arintzeari ekingo diogu datorren urtean, 335.000 pertsona baino gehiagoren mesedetan» azpimarratu du sailburuak.
Hauek dira Eusko Jaurlaritzak datorren urtetik aurrera arindu eta sinplifikatuko dituen zerbitzu eta izapideak:
- Emantzipa
- Gaztelagun (etxebizitzak alokatzeko Alokabideren laguntzak)
- Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzak
- BetiOn Telelaguntza Zerbitzu Publikoa
- Etxebizitza babestuen eta zuzkidura-bizitokien eskatzaileen erregistroan izen ematea
- Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta
- Hondakin metalikoak kudeatzen dituzten enpresentzako komunikazio-zerbitzua
- Seme-alabengatiko laguntzak
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu sailburuaren hitzen ostean, hasiera eman zaie herritarren arreta aurreratuari, administrazioan Adimen Artifiziala erabiltzeari edo administrazioaren sinplifikazio, berrikuntza eta eraldaketa digitalari buruzko ponentzia laburrei. Hiru foru-aldundietako ordezkarien parte hartzea izan duen «Herritarren arreta teknologia disruptiboen aroan. Arreta-eredu aurreratuak» mahai inguruarekin amaitu da TEKgunaren aurtengo edizioa.