Euskadi arduratu da, Txileko Gobernuak antolatuta, abenduaren 3an eta 4an Santiagon izan den “Parte-hartzea eta balio publikoa kulturan” foroan inaugurazio-hitzaldia eskaintzeaz. Nazioarteko topaketa honetan 150 bat lagunek parte hartu dute, eta honen helburua kultura-demokrazia eta komunitateen parte-hartzea sustatzea izan da kultura-politika publikoak diseinatzen eta ezartzen. Testuinguru horretan, Txileko Gobernuko Kultura, Arte eta Ondare Ministerioak Euskadi gonbidatu du bere kultura-politika publikoak aurkeztera. Andoni Iturbe Kulturako sailburuordea arduratu da euskal ikuspegia emateaz. Andoni Iturbe Kultura sailburuordeak eredu eta politika kulturalak kontrastatzeko aukera izan du Carolina Arredondo Txileko Gobernuko Kultura ministroarekin.
Kulturako sailburuordeak defendatu du kulturak funtsezko zeregina duela herrien etengabeko garapen bai pertsonalean, bai kolektiboan. Kultura balio publiko gisa eta ondasun komun gisa hartuta landu du bere hitzaldia: “kultura gizakiari errealitatea ulertzeko, interpretatzeko eta eraldatzeko gaitasuna ematen dion elementu bat da, eta, aldi berean, herritarrak askeagoak eta kritikoagoak izan daitezen laguntzen du”. Hitzaldian, azaldu du esperientzia kulturalek zer-nolako eragina duten ulertzea zergatik den beharrezkoa, haiei balioa eman eta haien aldeko apustu publikoa egin ahal izateko.
Foroa Santiagoko Los Almendros ekitaldi-zentroan egingo da. Bertan, hainbat herrialdetako 150 bat lagunek parte hartu dute, besteak beste, Kultura, Arte eta Ondare Ministerioko kontseilari erregionalek (herrialdeko eskualde guztietako kultura-guneez arduratzen dira), kultura-proiektu nortasundunen eragileek, udal-eragileek, erakunde komunitarioetako ordezkariek, kolektibo artistikoek, kultura-herritartasuneko eskualde-koordinatzaileek, Kultura Sarea programako eskualdeko arduradunek, Eskualdeko Kultura Nortasuna Indartzeko (FICR) programako eskualde-arduradunek eta Kultura Komunitarioko Puntuak programako eskualdeetako arduradunek.
Eusko Jaurlaritza euskal kultura-sistema indartzeko helburuan murgilduta dago legegintzaldi honetan. Horretarako, jarduera-ildo hauek lantzen ari da:
- Sormen-aukerak ugaritzea, artisten kolektiboa zainduta.
- Eskaintza kultural irisgarria.
- Kulturaren ondarea eta haren transmisioa hurrengo belaunaldiei.
- Eta zeharkako ildoak, hala nola nazioartekotzea, berdintasuna eta kulturaren arloko erakunde eta eragileen arteko talde-lana.
Funtsezko proiektuetako bat Euskadiko Kulturaren Legea garatzea izango da. Lege horren helburua izango da pertsonen (kultura-kontsumitzaileen eta -sortzaileen) kultura-eskubideak bermatzea, sistemaren definizioaren eta arkitekturaren bidez.
Euskadi-Basque Country
Txile lehentasunezko herrialdea da Euskadi Basque Country Nazioartekotze Estrategian. Eusko Jaurlaritzaren zeharkako estrategia bat da, Euskadik munduan duen presentzia indartzeko. Eusko Jaurlaritzak Txilen duen ordezkaria, Rafael Kutz, ere bertan izan da.