Noemí Lópezek, duela 51 urte Leonen jaioa eta duela 24 urte Donostiak adoptatuak, gaur goizean Espainiako Gobernuaren Gipuzkoako ordezkariorde kargua hartu du Gipuzkoako Ordezkariordetzaren egoitzan egindako ekitaldi batean, Marisol Garmendia EAEko Gobernuaren ordezkaria, Mar Dabán eta Carlos García Buendía Arabako eta Bizkaiko Gobernuaren ordezkariordeak, eta Gipuzkoako gizarteko hainbat agintari eta ordezkari bertan zirela. Noemí Lópezek Guillermo Echenique ordezkatuko du, azken sei urteetan Gipuzkoako Gobernuaren Ordezkariordetzaren buru izan dena.
Prestakuntzaz ingeniaria, Noemí López Ingurumen Ministerioko Erakunde Autonomoetako Goi-mailako Teknikari Fakultatiboen Eskalako funtzionarioa da, eta ibilbide luzea egin du jabari publiko hidraulikoaren kudeaketan, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako udalekin eta gainerako administrazio publikoekin koordinatuta, bai eta Frantziako Gobernuko hainbat departamenturekin ere. Uholdeek eragindako krisi-mahaietako kide izan da Euskadin.
Bere hitzaldian, Noemí Lópezek bere agintaldia aurrera eramateko hainbat erronka hartu ditu helburu Ordezkariordetza batean zeinek «oraindik ere euskal eta gipuzkoar herritarrentzat eskumen oso garrantzitsuak kudeatzen dituen, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionaletik hasi eta atzerritartasun- edo trafiko-zerbitzuetaraino». Kontzienteki onartzen duenez, «gure funtzionarioen talde teknikoak indartu behar ditugu gipuzkoarrei zerbitzurik onena eskaintzeko. Eta horretan tematuko naiz funtzionario naizen aldetik, zerbitzari publiko naizen aldetik».
Noemí López Gobernuaren Gipuzkoako ordezkariorde gisako lehenengo emakumea izango da eta emakumeak gizartean duen papera aldarrikatu du. «Sakonki sinesten dut gizonen eta emakumeen arteko berdintasunean eta emakumeok, biztanleriaren % 50 baino gehiago garenok, dagozkigun lidergo- eta aginte-postuetan egoteko premian. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiet Espainiako Gobernuari eta Pedro Sanchez presidenteari gure alde,emakumeon alde apustu irmoa egiteagatik eta berdintasuna, duintasuna eta indarkeria matxistaren aurkako borroka defendatzeagatik «.
Administrazioa herritarrei hurbiltzea da beste helburu nagusietako bat. «Administrazio hurbila eta, batez ere, eraginkorra, efikaza eta erabakitzailea izatea helburu ukaezina da niretzat. Administrazio digitala herritarrei hurbiltzeko gai izan behar dugu. Gipuzkoarren zerbitzura gaudelako. Hala izan da, hala da eta hala izaten jarraituko du etorkizunean ere», nabarmendu du.
Gogotsu egoteaz gain, elkarrizketarako eta lankidetzarako jarrera izango du herritarrei zerbitzu hobea emateko helburu nagusia. «Partekatzea, hitz egitea, adostea zein akordioak lortzea da proiektuak eta politikak aurrera ateratzeko errezetarik onena. Bizi dugun mundu nahasi eta polarizatu honetan, inoiz baino beharrezkoagoa dugu erakundeen eta sektore ekonomiko, sozial eta kulturalen arteko lankidetza. Alderdien lubakietatik ez da eraikitzen desberdinen arteko bizikidetza, ezta aurrerabidea eta gizarte-ongizatea ere. Interes orokorrak eta guztion ongia, zerbitzu publikoak, gizarte-eskubideak eta kohesioa, aniztasuna eta aniztasunarekiko errespetua defendatuz bakarrik jarraitu ahal izango dugu aurrera eta aurrera egiten Gipuzkoan», adierazi du.
Bestalde, Marisol Garmendia Gobernuaren ordezkariak jakinarazi dio ordezkariorde berriari bere lanpostu berriak zer dakarren. «Espainiako Gobernuaren ordezkari garen aldetik, zerbitzari publiko eta Estatuko Administrazio Orokorraren ordezkari garen aldetik, gure lurraldean Espainiako Estatuaren presentzia normalizatzeko zeregina eta erantzukizuna dagozkigu; presentzia, bai, normalizatua eremu guztietan, Estatuko Segurtasun eta Indar Armatu eta Kidegoak barne; Estatuaren eskumenak ez direlako desagertuko, ezta Estatuaren interes eta onura orokorreko zerbitzu, erantzukizun, proiektu eta azpiegitura estrategikoetan duten presentzia eta partaidetza ere, batzuek hori nahi eta fermuki negoziatu arren. Ezin da eta, gehiago esango nuke, ez du desagertu behar».
Garmendiak ongi etorria eman dio Noemi Lopezi, haren balioa eta prestutasuna goraipatuz. «Politikaren ospea galdu eta gizartearen polarizazio populista nagusi den garai honetan, garrantzi politiko eta instituzionaleko kargu bat betetzeari, hau da, Gipuzkoako Espainiako Gobernuaren ordezkariorde izateari baietz esan dion pertsona aurkitu dugu. Zure erabakiak, Noemí-k, ausardiaz eta erabakitasunez hitz egiten du ordezkatzen duzun aurrerapen-gobernuarekin duzun konpromisoaz; herritarrei zerbitzu publikoa emateko duzun bokazioaz, funtzionario zaren aldetik eta orain ordezkariorde izanik ere; emakume gisa, genero-berdintasuna defenditzearen alde egin duzun apustuaz eta emakumeei gure merituengatik dagokigun lidergo-gaitasunaz».
Marisol Garmendiak Guillermo Echeniqueri, Noemí Lópezen aurrekariari eta azken sei urteetan Gobernuak Gipuzkoan izan duen ordezkariordeari, esker ona adierazteko eta eskerrak emateko hitzak ere izan ditu. «Gipuzkoar oso gipuzkoarra da, eta diskreziotik, elkar ulertzetik eta desberdinen arteko akordiotik abiatuta jardun du bere karguan, arazoei irtenbidea emateko. Eta Konstituzioarekiko, Indar Armatuekiko, Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoekiko eta Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde-sarearekiko errespetutik».
Halaber, tokiko eragile instituzional, ekonomiko, sozial eta kulturalekiko Espainiako Gobernuaren bitartekaritzak dakartzan onurak gogorarazi ditu. «Gure lotura-, bitartekaritza- eta elkarrizketa-lana funtsezkoa da lehiakortasunean, kalitatezko enpleguetan, ingurumen-jasangarritasunean eta gizarte-kohesioan hazten jarraitzeko. Jakin behar duzue, eta behar adina aldiz esan eta errepikatu behar dugu, Espainiako Gobernua Next Generation funtsetako 840 milioi euro baino gehiago ematen ari dela enpresei eta Gipuzkoako ekoizpen-sareari erronka horietan laguntza erabakigarria eta irmoa emateko. Eta ez bakarrik enpresa txiki, ertain eta handiei, baita autonomoei, udalei, mankomunitateei, auzo-komunitateei eta hezkuntza-sare publikoari haurtzaindegi berriak sortzeko ere, hala nola Donostian, LHko plazak edo indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei etengabeko arreta emateko larrialdi-zentroak».