Gipuzkoako enpresek aurreko urtean baino % 1,1 gehiago saldu zuten urtarriletik urrira

0

Gipuzkoako enpresen salmentak % 5,7 igo dira urrian, 2023ko hil beraren aldean. Gipuzkoako Foru Ogasunak enpresen egoerari buruz egindako txosteneko datuek erakusten dutenez, urriko datuak oso positiboak izan dira barne salmentei (+% 4,5) eta esportazioei (+% 7,8) dagokienez. Sektoreei dagokienez, salmentak gehiago hazi dira zerbitzuen sektorean (+% 9,0). Industrian ere % 4,8ko hazkundea antzeman da aldi berarekin alderatuta. Aitzitik, eraikuntzaren sektorean jaitsi egin dira (-% 13,5). Enpleguari dagokionez, urrian % 1,7 hazi da.

Datu metatuei dagokienez, urtarriletik urrira bitarteko salmenten datuak positiboak izan dira. Barneko salmentak zein esportazioak ere % 1,1 hazi dira iazko denbora tarte berarekin alderatuta. Esportazioen kasuan, igoera hori, batez ere, urrian zehar kanporako salmentek izan duten portaera onari zor zaio.

Sektoreen arabera, urteko lehen hamar hilabeteetako guztizko salmenten hazkunde nagusia zerbitzuen sektoreari zor zaio batez ere (+% 2,7); industriaren kasuan, aldiz, hazkundea oso txikia izan da (+% 0,2) eta eraikuntzaren kasuan salmentak jaitsi egin dira denbora tarte horretan (–% 3,9).

Kanpo merkataritzaren xedeari dagokionez, Europar Batasunerako esportazioak % 1,5 jaitsi badira ere, gainerako herrialdeetarako salmentak % 4,4 igo dira. Inportazioen kasuan ere nabarmen igo dira urrian (+% 10,6), baina horrek ez du eragotzi maila metatuan pixka bat jaitsi izana (-% 0,2) denbora tarte horretarako aurreko urteko datuekin alderatuta.

Enpleguari dagokionez, Gipuzkoako lan merkatua indartsu mantendu da, eta horren erakusgarri da lan merkatuak azken hiru urteetan lurraldean izan duen etengabeko hazkundea. Horrela, urtarriletik urrira, enplegu adierazleek % 1,8ko hazkundea izan dute, aurreko urteko denbora tarte beraren aldean. Enplegua sektoreka banatuz gero, ikus daiteke enplegua modu esanguratsuan hazi dela industrian (+% 2,4) eta intentsitate txikiagoarekin zerbitzuen sektorean (+% 1,1); eraikuntzan, berriz, behera egiten du (–% 0,8). Soldatei dagokienez, % 7,3 igo dira urteko lehenengo hamar hilabeteetan, eta industrian nabaritu da gehien igoera hori (+% 8,3), ondoren zerbitzuen sektorean (+% 6,0) eta eraikuntzan (+% 2,6). Kontuan hartuta enplegua soldatak baino erritmo motelagoan hazi dela, langile bakoitzeko batez bestekoa % 5,5 igo da, datuen arabera.

Foru Ogasunak aurkeztutako zifrei jarraituz, Gipuzkoako ekonomiak salmentei eusten jarraitzen du, bai barruan, bai kanpoan, eta lan merkatuak gorantz jarraitzen du soldatekin batera.

Ogasun eta Finantza Departamentuak egin ohi duen txosten horrek hilero datu interesgarriak eskaintzen ditu lurraldeko ekonomiaren osasunaren egoera eta bilakaera neurtzeko. Dokumentu osoa Ogasunaren webgunean egongo da eskuragarri, ohi bezala, edozein kontsultarako.