Gizarte Ekintza departamentuak indarkeria mota horren biktima diren emakume eta adingabeei arreta emateko instalazioak berritu ditu eta lantaldea indartu du
Donostiako Udalak indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei eta haien ardurapeko adingabeei zuzendutako prestazioak indartu ditu. Horretarako, emakume horiei arreta emateko lantaldea handitu du eta haien harrerarako instalazioak hobetu ditu.
Mariaje Idoeta Gizarte Ekintzako zinegotziak nabarmendu duenez, «zerbitzua hobetzeko arrazoia emakumeen eta haien seme-alaben aurkako indarkeria matxista da. Izan ere, azken horiek izaten dira amek pairatzen duten indarkerien biktima zuzenak. Horregatik, arretarako instalazioak egokitzeaz gain, adingabeen beharretan aditua den profesional bat ere arituko da lantaldean”.
Hala, astelehen honetatik aurrera, Gizarte Ekintza departamentuak indarkeria mota horren biktimei arreta emateko eta harrera egiteko gune berritu bat izango du Urdaneta kalean dauden bulegoetan. Bulegoak udan birmoldatu dira, eta, horri esker, edukiera bikoiztu egin da.
Hemendik aurrera,
- bulegoak bi arreta-gune izan beharrean 4 izango ditu (hiru areto beheko solairuan eta bat hurrengo solairuan).
- Gainera, itxarongela integratu berri bat ere sortu da emakumeentzat eta haien senideentzat. Gune hori aparteko leku batean egongo da, bertara iristen direnen intimitatea bermatzeko.
Horretaz gain, biktimen arretarako lantaldea indartu da, hiru profesional izatetik lau izatera igaro baita; laugarren hori psikologo bat izango da. Profesional hori gehitzeak aukera emango du indarkeria matxista jasaten duten biktimei begirada globalagoa eskaintzeko; izan ere, indarkeria hori jasaten duten bizikidetza-unitateetako adingabeengan jarriko du arreta bereziki, eta, beraz, esku-hartzea haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean erabat babesteko ikuspegitik ere egingo da.
Indarkeria matxistaren biktimentzako arreta
Donostiako Udaleko Gizarte Ekintza departamentuak laguntza integrala eskaintzen die indarkeria matxistaren biktimei. Horretarako, informazio eta babesa emateko berariazko programa bat dauka departamentuak, eta dituen baliabideen bitartez eta beste departamentu edo erakunde batzuen baliabideak erabiliz sustatzen du.
Programaren arduradunak kasu bakoitzaren diagnostikotik abiatzen dira eta biktimarekin esku hartzeko plan bat adosten dute. Plan horretan honako baliabide eta zerbitzu hauek sar daitezke:
- Informazioa eta orientazioa
- Laguntza psikologikoa
- Laguntza soziojuridikoa
- Harrera-zerbitzuak: egonaldi labur, ertain eta luzeko larrialdiko eta harrerako pisuak (GFA)
- Larrialdiko laguntza ekonomikoak
- Emakumeei laguntzea
Zerbitzuaren datuak:
Urdaneta kalea, 20006, Donostia
Jendaurreko ordutegia: 9:00etatik 14:00etara
Aurretiko hitzordua: 943 48 14 00Larrialdi egoera batean, 112 telefonora deitu behar da, eta hotik aktibatuko dira beharrezko polizia- eta laguntza-baliabideak.
2024/12/09-an argitaratua