Noël d’Anjou Ogasun eta Finantzetako sailburuaren esku-hartzea, 2025eko aurrekontu-proiektuari egindako osoko zuzenketei buruzko eztabaidan

0

Noël d’Anjou Ogasun eta Finantzetako sailburuak Eusko Legebiltzarraren ohiko osoko bilkuran parte hartu du gaur, 2025eko aurrekontu-proiektuari egindako osoko zuzenketei buruzko eztabaidan. Zuzenketa horiek Sumar, PP eta Vox talde politikoek aurkeztu dituzte.

D’Anjou sailburuak azpimarratu du kontu publikoek 15.728 milioi euro izango dituztela datorren urterako, “egungo eta etorkizuneko Euskadi eraikitzeko aukera aprobetxatzeko. Eta hiru ardatzen inguruan egingo dugu: zerbitzu publikoak indartzea, etorkizuna prestatzeko eraldaketetan inbertitzea eta, hirugarrenik, gure komunitate-zentzua indartzea”.

Era berean, aditzera eman duenez, Eusko Jaurlaritzak “hilabeteak daramatza desberdinen arteko akordioak lortzeko lanean, entzute aktiboko jarreraz. Horretarako, akordiorako aukerak planteatu ditu, alternatiba bideragarri eta egiazkoekin”. Azaroaren 11n hasitako negoziazio-prozesuaren berri eman du, eta jakinarazi du hiru lan-bilera egin direla Sumarrekin, lau PPrekin eta sei EH Bildurekin.

Prozesu horretatik, d’Anjou sailburuak ondorio hau atera du: “osoko zuzenketek Ganbera honen % 12ren babesa baino ez dute. Beste modu batean esanda, gizarteak Ganbera honetan duen ordezkaritzaren % 88k negoziazio-bidea zabalik du oraindik ere”.

Taldeekin izandako elkarrizketa- eta negoziazio-prozesuak banan-banan azaldu ostean, Ogasun eta Finantzetako sailburuak aipamen berezia egin dio EH Bilduri, osoko zuzenketarik ez aurkeztea erabaki baitu: “Gaur, abenduak 10, hitz egiten jarraitzen dugu, modu diskretu eta serioan. Zuzenketa partzialak adosten saiatzen ari gara. Elkarrizketaren ateak zabalik jarraitzen du”. Legebiltzarrean izandako esku-hartzean azken mezu hau eman du: “Gure aldetik, pribatuan dugun jarrera berari eutsiko diogu jendaurrean: seriotasuna proposamenetan, diskrezioa formetan, eta ikuspegi zabala, esku artean dugun gaiaren garrantziaren aurrean”.