Plentziak Portuko Udal Kontseilua izango du gaurtik aurrera

0

Gaur asteartetik aurrera, Plentziak Portuko Udal Kontseilua izango du eta Euskadin eratuko den bosgarrena izango da, Amaia Barredo sailburuak Eusko Legebiltzarrean zehaztu zuen bezala.  Eusko Jaurlaritzak joan den irailean onartu zuen Portuko Udal Kontseiluak eratzeko dekretua. Portuen arloko kide anitzeko aholkularitza-, kontsulta- eta eztabaida-organoak dira, Eusko Jaurlaritzak erabiltzen dituen eskumenen esparruan.

Erakunde horren helburu nagusia bi erakundeen arteko lankidetza indartzea da, portuaren garapen jasangarria eta Plentziako udalerrian erabat integratzea bermatzeko. Portuko Udal Kontseiluak sortzeak Eusko Jaurlaritzak kostaldeko udalerrien beharretara egokitutako kudeaketa parte-hartzailearekin hartutako konpromisoari erantzuten dio. Foro berri horretan, beste hainbat gairen artean itsasadarraren antolamendua, portuko azpiegituren garbiketa eta mantentze-lanak eta aisialdiko amarralekuak eta beste erabilera batzuk bateratzea izango dira aztergai.

“Bileran Plentziako Udaleko, Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzako eta EKPko ordezkariek parte hartu dute. Portuko Udal Kontseilua eratzea portuen kudeaketa gertukoa, eraginkorragoa eta euskal kostaldeko udalerrien beharrekin lerrokatua izateko beste urrats bat da”, adierazi du Koldobika Goitiak, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Portuetako zuzendariak.

Portu batek hartzen duen espazio fisikoa hori kokatuta dagoen udalerriaren zati da, eta lotura estua du kokatuta dagoen lekuko bizitza sozial, kultural eta ekonomikoarekin. Bertan arlo ezberdinetako gizarte-eragileak elkartzen dira. Plentziako Portuko Udal Kontseilu berria administrazioen eta portua, portuko instalazioak eta bertako ur-lamina erabiltzen duten tokiko eragileen arteko topalekua izango da.

Plentziako Portuko Kontseilu berria eratzeko ekitaldian Eusko Jaurlaritzako Koldobika Goitia eta Edurne Egaña eta Aitor Garagarza alkatea izan dira. Foro horretan hartzen diren erabakiak ez dira lotesleak izango, eta “Euskadiko portu bakoitzean esku hartzen duten eragileentzat interesgarriak diren gaiak aztertzeko eta eztabaidatzeko elementuak izango dira”.

Portuko Udal Kontseiluak honako portuetan eratzen ari dira: Hondarribia, Donostia, Orio, Getaria, Zumaia, Deba, Mutriku, Ondarroa, Lekeitio, Ea, Elantxobe, Mundaka, Bermeo, Armintza eta Plentzia. Mutrikukoa, Ondarroako, Getariakoa, Elantxobekoa eta Plentziakoa eratu ondoren, datozen asteotan, 2024a amaitu arte, jada deituta dago Eako Portuko Udal Kontseilua. 2025eko lehenengo hiruhilekoan, gainerako kontseiluak deituko dira: Hondarribia, Donostia, Orio, Zumaia, Deba, Lekeitio, Mundaka, Bermeo eta Armintzakoak.