- Ekitaldian zehar «Elikaduraren alorreko jardunbide egokien gida» aurkeztu da, gastronomiak ohitura jasangarrien eta herritarren konpromisoaren eragile gisa duen zeregina azpimarratuz
- Gidak 2030 Agendaren GJHak betetzen laguntzen duten informazio eta gomendio sinpleak biltzen ditu
Basque Culinary Centerrek, BCC Innovation zentro teknologikoaren bitartez, eta Eusko Jaurlaritzako Komunikazio eta Berrikuntza Sozialaren Idazkaritza Nagusiarekin lankidetzan, «Elikaduraren bidez herritarrek GJHei egiten dieten ekarpena» ekitaldia egin du gaur Tabakalerako LABe Restaurant-en, Donostian. Ekimen honek bi erakundeek elikadura, jasangarritasuna eta herritarrak konektatzeko konpromisoa berresten du, 2030 Agendaren printzipioen esparruan.
Ekitaldian, «Elikaduraren alorreko jardunbide egokien gida» aurkeztu da, aurtengo uztailean argitaratua eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin BCC Innovation-ek egina. Baliabide praktiko eta irisgarri hau elikadura-ohitura jasangarriak sustatzeko diseinatuta dago, 2030 Agendaren Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) betetzen laguntzen duten informazio eta gomendio sinpleen bidez.
Jardunaldiak sektoreko profesionalak, jasangarritasunean adituak eta hainbat erakundetako ordezkariak bildu ditu, gure elikadura-erabakiek etorkizun iraunkorrago baten eraikuntzan duten eraginari buruzko hausnarketa-gune batean. Jarduerek elikagaien sektoreko jardunbide egokietan oinarritutako mahai-inguruak barne hartu dituzte; ; elkarrizketa bat egin zaio Andrés Torresi, Global Humanitaria GKEko presidentea eta Basque Culinary World Prize-ren bederatzigarren edizioaren irabazlea; eta Nahuel Pazos Basque Culinary Centerreko I+Gko arduradunaren showcooking batekin amaitu dira. Bere erakustaldian, elikagaiak aprobetxatzeko praktika zehatzak erakutsi ditu, gastronomiak jasangarritasuna sustatzeko tresna gisa duen boterea nabarmenduz.
Jardunaldi hau eragile guztien inplikazio aktiboagoa lortzeko hasierako urratsa da, gastronomiak elikatze-katearen eta gizartearen arteko lotura gisa duen funtsezko eginkizuna azpimarratuz. Helburua da mundu bidezkoago, osasungarriago eta ingurumenarekiko begirunetsuago baterantz aurrera egitea.