Haize-boladak 120 km/h-tik gorakoak izan litezke bi lurraldeetako mendebaldeko haizeguneetan eta 90-100 km/h ingurukoak haizeguneak ez diren tokietan
Eusko Jaurlaritzak alerta laranja aktibatu du haizeagatik bihar asteazkena, urtarrilak 8, goizeko 06:00etatik 12:00etara bitartean, Bizkaiko eta Arabako haizeguneetan, batez ere mendebaldeko mendi inguruetan, 120 km/h-tik gorako haize-boladak izan baitaitezke. Era berean, Bizkaiko eta Arabako haizeguneak ez diren tokietan, goizean zehar, boladak 90-100 km/h ingurukoak izan daitezke mendebaldeko zenbait lekutan.
Euskalmeten arabera, gaur arratsaldetik aurrera, Iberiar penintsulako presio altuen eta Kantauriko presio baxuen artean sortutako hego-mendebaldeko fluxua nabarmen indartuko da. Altueran ere mendebaldeko eta hego-mendebaldeko haizea nagusituko da, eta horrek gainazaleko haizearen indarra areagotuko du.
Aldi berean, Eusko Jaurlaritzak abisu horia ere aktibatu du gaur asteartea, 18:00etatik 24:00etara, haizeagatik Bizkaiko eta Arabako haizeguneetan, batez ere mendebaldeko mendi inguruetan. Abisu horia bihar egun osoan zehar egongo da indarrean haizeguneetan, eta 00:00etatik 15:00etara bitartean haizeguneak ez diren tokietan.
BIZTANLERIARENTZAKO GOMENDIOAK
Haizearen intentsitate handieneko orduetan:
- Urrundu erlaitzetatik, hormetatik, zuhaitzetatik edo publizitate-hesietatik, eta kontuz ibili eraikitzen ari diren edo egoera txarrean dauden eraikinen ondoan.
- Ondo itxi eta segurtatu ateak, leihoak eta toldoak.
- Kendu loreontziak eta kalera eror daitezkeen objektu guztiak.
UDALENTZAKO GOMENDIOAK
- Erreparatu ondo udalerrian jarrita dauden aldamio, garabi eta obrako beste elementuei, denak ondo tinkatuta daudela ziurtatzeko.
- Tinkatu ondo hiri-altzariak, zabor-ontziak edo istripua eragin dezakeen beste edozer gauza.
- Erreparatu instalazio ez egonkor, eramangarri edo desmuntagarriei (adibidez, karpak), eta tinkatu ondo.
Gomendatzen da pronostikoen eta abisuen eguneratzeak Euskalmeten web-orriaren (www.euskalmet.euskadi.eus) eta X kontuaren (@Euskalmet) bidez jarraitzea.