Zinema eta Zientzia zikloaren zortzigarren edizioak denboraren kontzeptuan sakontzea proposatzen du. Helburu horrekin, hamabi film proiektatuko dira, urtarriletik martxora bitartean, Gasteizen (Artium Museoa), Donostian (Tabakalera, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa), Bilbon (EHUren Bizkaia Aretoko Mitxelena auditoriuma), Iruñean (Golem Baiona zinemak) eta Donibane Lohitzunen (Le Sélect zinema). Horretaz gain, Euskadiko Filmategiak, Donostia International Physics Centerrek (DIPC) eta Donostia Zinemaldiak antolatutako proposamen honetan, publikoak aukera izango du nazioarteko ospea duten hogei bat zientzialarirekin eztabaidatzeko, hainbat gairi buruz: zulo beltzak, denboran zeharreko bidaiak, multibertsoa eta bizitza modu artifizialean sortzea, besteak beste.
Gaur Donostian egin den prentsaurrekoan, honako ordezkariek hartu dute parte: Joxean Fernández, Euskadiko Filmategiko zuzendaria; Ricardo Díez Muiño, DIPCko zuzendaria; Edurne Ormazabal, Tabakalerako zuzendari nagusia; Adolfo Morais, Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordea; eta Andoni Iturbe, Eusko Jaurlaritzako Kulturako sailburuordea. Ekitaldian izan dira, halaber, Pedro Miguel Etxenike, DIPCko presidentea; Miguel Zugaza, Arte Ederren Bilboko Museoko zuzendaria; Jose Luis Rebordinos, Donostia Zinemaldiko zuzendaria; Beatriz Herráez, Artium Museoko zuzendaria; eta Xabi Garat, Donibane Lohitzuneko Le Sélect zinema-aretoetako arduraduna.
Zikloak, lehenbiziko ediziotik bertatik, kultura zinematografikoa eta zientifikoa transmititzea hartu zuen xedetzat, eta honela definitu du Joxean Fernándezek: “Artearen eta jakintzaren ospakizuna da; filmei kalitatea eskatzen diegu, beti bezala, baina baita, kasu honetan, begirada zientifiko estimulatzailea pizteko gai izatea ere. Eta, hori lortzeko, aparteko zinemagile- eta zientzialari-sorta dugu”.
Bestalde, Díez Muiñok gogora ekarri du “zikloak publikoaren artean duen arrakasta, 5.600 ikusle baino gehiago izan baitzituen 2024. urtean», eta nabarmendu du “zinemaren eta zientziaren arteko uztarketak” aukera eman duela, alde batetik, “zientzia kulturaren parte dela eta berez giza jarduera bat dela erakusteko, eta, bestetik, zinema-sorkuntzei begirada ezberdin eta original bat emateko, haien esanahia aberastuz».
Informazio gehiago Filmoteka.eus-en.