Laguntza-lerroetan sartzen dira inbertsio produktiboak, enplegua sortzea eta inbertsio ez-produktiboak
Koldo Goitia Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Itsasertzaren Garapenaren, Portuen eta Itsas Gaien zuzendariak jakitera eman du irekita dagoela 2025erako laguntzen deialdia toki-garapeneko estrategia parte-hartzailearen (EDLP) esparruan. Laguntza horiek hiru milioi euroko zuzkidura izango dute, eta arrantza-eremuen garapen jasangarria sustatzen duten proiektuetarako izango dira, batez ere arrantza-sektorearen dibertsifikazioari eta ekonomia urdinari lotuta daudenetarako. Laguntza-lerroek barne hartzen dituzte inbertsio produktiboak, enplegua sortzea eta inbertsio ez-produktiboak
Inbertsio produktiboetarako laguntza-lerroa enpresa eta negozio-lerro berriak sortu eta martxan jartzeko dira, eta horietan lehentasuna dute arrantza-sektorearen jarduera dibertsifikatzen duten ekimenek eta arrantza-udalerrien ekonomia urdina sustatzera eta haztera zuzendutako ekimenek.
“Ondasunak edo zerbitzuak sortzeko jarduera ekonomiko bat egitea dakarten jarduerak izan beharko dira. Inbertsio produktiboen barruan sartzen da mikroenpresak eta enpresa txiki eta ertainak sortzeko eta garatzeko edozein proiektu, bai eta enpresa bihurtuko diren pertsona fisikoak ere. Kanpoan geratzen dira arrantzako eta akuikulturako produktuak eraldatzeko proiektuetan egiten diren inbertsioak, baldin eta ez badira euren jardueraren dibertsifikaziotzat hartzen”, zehaztu du Goitiak.
Enplegua sortzeko, inoiz enplegurik izan ez duten edo lehen zuten enplegua galdu duten langileak besteren kontura kontratatzen lagunduko da, arrantza-sektorea dibertsifikatzea dakarten jardueretan edo ekonomia urdinarekin zuzenean lotuta dauden ekimenetan. Edonola ere, kasu bakoitzean aplikatzen den hitzarmen kolektiboan ezarritako orduen % 50 duen enplegu berria izan beharko da.
Laneratzeak
Era berean, langile autonomoak instalatzea edo gizarte-ekonomiako araubide juridikoaren barruan enpresetan sartzea sustatzen duten jarduera independenteak sortzen ere lagundu ahal izango da. Arrantza-sektorea dibertsifikatzea dakarten jarduerak edo zuzenean ekonomia urdinarekin lotutako ekimenak lehenetsiko dira.
Inbertsio ez-produktiboek edo jarduera ekonomiko bat hastea edo garatzea ez dakarten jarduerek edo jarduera ekonomiko bati lotuta ez daudenek ere jaso ahal izango dituzte laguntzak. Era berean, izaera hori izango dute interes publikoa duten proiektuek, baldin eta jarduera ekonomiko bai izanda ere edo jarduera ekonomiko bati lotuta egonda ere, dagokion lurraldeko eskumen-araubidean eragiten ez badute.
Adibide batzuk: arrainaren kontsumoa bultzatzeko sustapen-kanpainak, arrainaren ezaugarri eta propietate nutrizionalen balioa ezagutzera ematen dutenak; pertsonen garapena sustatzeko gaikuntza eta prestakuntza ematen duten enpresen sustapena; itsasoko eta arrantzako ondarea eta arrantza-teknikak ezagutzera emateko jarduerak; arrantza-eremuetako ekosistemen ingurumen-azterketak; erabiltzen ez diren arrantzako aktiboak berrerabiltzeko azterlanak; arrantza-baliabideen ustiapen jasangarrirako azterlanak; energia-efizientziari buruzko azterlanak edo klima-aldaketari aurre egiteko jarduketak; arrantza-sektorean trantsizio digitala sustatzeko azterlanak; ura aurreztu eta berrerabiltzeko azterlanak; logistika, garraio eta banaketako operazioek eragindako inpaktua murrizteko azterlanak. Proiektu berriak sortzeko bideragarritasun tekniko eta ekonomikoari buruzko azterlanak. Arrantza-sektorearen higienea, osasuna, segurtasuna eta lan-baldintzak hobetuko dituzten jarduerak.
Proiektuak
Diruz lagundu daitezkeen proiektuek eta jarduerek honako hauek lortu beharko dituzte: balioa handitzea, enplegua sortzea, emakumeek parte-hartzea baloratzea eta sustatzea, gazteak erakartzea eta berrikuntza sustatzea arrantzako eta akuikulturako produktuen ekoizpen- eta hornidura-katearen fase guztietan, eta produktu horien irudia eta tokiko ekoizpen-jarduera hobetzea lurraldeko elikadura-kulturan txertatzeko.
Era berean, helburuak dira ekonomia urdina sustatzea arrantzako eta akuikulturako eremuetan, merkataritzarako arrantzaren sektorearen barruan eta kanpoan dibertsifikazioari, etengabeko ikaskuntzari eta arrantzako eta akuikulturako eremuetan enplegua sortzeari laguntzeko; arrantzako eta akuikulturako eremuetan ingurumen-ondarea bultzatzeko eta aprobetxatzeko, klima-aldaketa arintzeko eragiketak barne; arrantzako eta akuikulturako eremuetan gizarte-ongizatea eta kultura-ondarea sustatzeko, arrantza-, akuikultura- eta itsas-kulturaren ondarea barne; arrantza-komunitateek tokiko garapenean duten eginkizuna indartzeko, bai eta tokiko arrantza-baliabideen eta itsas jardueren gobernantza ere.