Osasun Sailaren Zaintza Epidemiologikoaren azken txostenaren arabera, 2025eko lehen asteko tasa 100 mila biztanleko 47,7 kasutan kokatu da; aurreko astean, berriz, 33,8 kasutan kokatu zen
Gripearen birusak gora egiten jarraitzen du Euskadin, bilakaera-parametro normalen barruan, eta datozen bi asteetan kopuruak goia jotzea aurreikusten da. Gabonetako oporraldiaren ondoren —ez da gorabehera nabarmenik izan bertan—, eskolako eta laneko jarduerari ekin zaio berriro, arnas-birusek goranzko bilakaera izango dutela aurreikusiz.
Sailaren Zaintza Epidemiologikoko arloak astero egiten duen 2025eko lehen asteari dagokion txostenaren arabera, gripe-sindromearen tasa 47,7 kasura igo da 100.000 biztanleko; 2024ko azken astean 33,8 kasukoa zen tasa hori. 2 urtetik beherakoen artean bronkiolitis-tasa 694,7tik 641,3ra jaitsi da 100.000 biztanleko, eta COVID-19arena egonkor mantendu da balio txikietan (1,6 aste honetan eta 1,3 aurrekoan). Datu horien berri eman du gaur goizean Bilbon Osasuneko sailburu Alberto Martinezek, Osakidetzako Osasun Laguntzako zuzendari Maite Martínez de Albeniz aldamenean zuela.
2025eko lehen aste honetako asteko intzidentzia aurreko kanpainako azken hamabostaldian erregistratutakoaren antzekoa da; horrek adierazten du gora egiteko fasea ez dela amaitu eta litekeena dela hurrengo bi asteetan iristea gailurra. «Kanpaina hasi zenetik, gripearen birusak aurreikusitako moduan jokatu du, eta noraino iritsiko den aurreikustea erraza ez den arren, muturreko adinetan eta arriskuko pazienteetan txertoarekiko atxikidura handiagoak eta orain arte ikusitako portaerak adierazten dute kasuen kopuru altuena ez dela aurreko denboraldian izan zuen inpaktua baino handiagoa izango», adierazi du Osasuneko sailburuak. Gaur egun, goranzko joera erakusten duen intzidentzia handia da, garai honetan ohikoa den bezala, eta aurreko denboraldien antzeko parametroetan kokatzen da.
Martinezek azaldu duenez, egun hauetan lana, bai Lehen Mailako Arretan bai ospitaleko arretan, «handia da, urte-sasoi honi dagokion bezala, nahiz eta ospitaleetan eta ZIUn gripeagatik ospitaleratzeen kopuruak aurreko denboraldian baino txikiagoak izan». 2024ko urriaren 1etik aurtengo urtarrilaren 6ra bitartean, 737 lagun ospitaleratu dituzte, aurreko kanpainako aldi berean, berriz, 1.011 lagun; ZIUn 11 ospitaleratu dituzte kanpaina honetan, aurreko kanpainan 61 ospitaleratu zituzten bitartean.
«Eskaintzen ditugun ospitaleratze-tasak —azaldu du Osasun Laguntzako zuzendariak— gripean positibo eman duten eta ondorengo 7 egunetan edozein arrazoirengatik ospitaleratzen diren pazienteei buruzkoak dira. Pazienteak adinekoak eta patologia anitzekoak dira, eta aurretik zuten patologia kontuan hartuta desorekatuta daudelako ospitaleratzen dituzte, eta ez hainbeste arnasketa-koadro larriengatik «.
Lehen Mailako Arretako kontsulten kopuruari dagokionez (kasu honetan, 2024ko urriaren 1etik abenduaren 31ra), % 2,47 igo da aurreko urteko aldi beraren aldean: Osakidetzako profesionalek 2.476.987 kontsulta erantzun dituzte, aurreko kanpainan 2.417.255 kontsulta erantzun zituzten bitartean. Aitzitik, EAGko (Etengabeko Atentzioko Gunea) kontsulten kopurua % 6,99 jaitsi da aurreko urteko aldi beraren aldean: 150.681 kontsulta izan dira 2024an eta 162.010 kontsulta 2023an.
Abenduaren hasieran Martinez sailburuak Osakidetzako zuzendaritzarekin batera prentsaurrekoan aurkeztu zuen bezala, baliabide osagarrien dispositibo bat planifikatu da egon daitezkeen beharrei eta eskariei aurre egiteko. Errefortzu horrek, lehen mailako arretan zein ospitaleko arretan, 508 ohe gehiago aurreikusten ditu ospitaleratze-kasuetarako. Gaur egun, intzidentzia handiko egoera horretan, 282 ohe erabili dira: 44 Araban, 115 Gipuzkoan eta 123 Bizkaian. Gainera, errefortzu-plangintzak larrialdietan behaketa- eta aurreospitaleratze-eremuak gaitzea ere jasotzen du, eta eguneko ospitalea eta kirurgia handi anbulatorioa erabiltzea erraztu da. Epe laburrean, 62 ohe gehiago gaitu daitezke (32 Gipuzkoan eta 30 Bizkaian).
Osasuneko sailburuak adierazi duenez, txertaketa da arnas-birusen aurrean dugun tresnarik eraginkorrena. Ildo horretan, gogorarazi du gripearen eta COVIDaren aurkako txertaketa-kanpainak —abenduaren 31n amaitu da, 6-59 hilabeteko haurrak martxoaren amaierara arte txertatu daitezkeen arren— oso ondo funtzionatu duela, aurreko kanpainarekin alderatuta % 4ko hazkundea izan baitu.
Hauek dira 2024 kanpainako datuak:
- Aurreko kanpainetan bezala, Gabonetan txertaketa kopurua oso txikia izan da, eta azken bi asteetan gripearen aurkako txertoaren 5.311 dosi eta COVIDaren aurkako 1.912 dosi jarri dira.
- Kanpainako 13 aste horietan, gripearen aurkako txertoaren 531.722 dosi eta COVIDaren aurkako 366.114 dosi jarri dira Osakidetza osoan. Aurreko kanpainako aldi berarekin alderatuta, gripearen aurkako txertoaren % 4 dosi gehiago jarri dira, eta COVIDaren aurkako txertoaren % 7 dosi gutxiago.
- Gripearen eta COVIDaren aurkako txertaketaren aldiberekotasunari dagokionez, kanpaina-aldi osoa kontuan hartuta, % 61,6koa da.
- Gripearen aurkako txertoaren 22.404 dosi jarri zaizkie 6 hilabetetik 5 urtera bitarteko haurrei. 2023ko kanpainan, guztira 12.971 dosi jarri zitzaizkion adin-talde horri.
- Haurdun dauden emakumeen kasuan, gripearen aurkako txertaketaren estaldura % 51,5ekoa da gaur egun. 2023ko kanpainaren azken estaldura % 53koa izan zen.
Osasun Sailak eta Osakidetzak, gainera, gripea eta beste arnas-gaixotasun batzuk (COVID, adibidez) prebenitzeko gomendio gisa hainbat neurri errespetatzea gogorarazi dute, hala nola eskuen higienea, pilaketak saihestea, espazio itxiak aireztatzea eta maskara erabiltzea.