Hitzarmenak Arrisku Erradiologikoari Aurre Egiteko Larrialdi Plana planifikatzeko, ezartzeko eta mantentzeko lankidetza balioesten du, eta baliabideen eta esperientzia operatiboaren arloan bi aldeen arteko elkarlana lehenesten du
Gobernu Kontseiluak gaur onartu du larrialdi erradiologikoen arloko Eusko Jaurlaritzaren eta Segurtasun Nuklearreko Kontseiluaren arteko lankidetza-hitzarmena datozen lau urteetarako luzatzea. Hitzarmen horrek bi aldeen arteko lankidetza lehenesten du baliabideen eta esperientziaren arloan, eta Arrisku Erradiologikoari Aurre Egiteko Larrialdi Plana planifikatzeko, ezartzeko eta mantentzeko haien arteko lankidetza sustatzen du. Horretarako, plan hori hobetzeko beharrezko jotzen diren jarduketa bateratuak ezartzen ditu, bai eta haien komunikazio sistemen eta kanalen mantentze operatiboa ere.
Hitzarmenak azpimarratzen du, larrialdi erradiologiko bat gertatzen bada eta larrialdia bideratzea eta kudeatzea Jaurlaritzaren eskumena bada, honek Arrisku Erradiologikoari Aurre Egiteko Larrialdi Plana aktibatuko duela gertaeraren larritasunaren arabera dagokion erantzun-mailan, eta herritarrak babesteko beharrezko neurriak hartuko dituela.
Horrela Eusko Jaurlaritzak berehala emango dio Segurtasun Nazionaleko Kontseiluari biztanleengan edo ingurumenean eragina izan dezakeen edozein istripu nuklearren edo erradiologikoren berri, eta kontuan izango ditu Kontseiluak biztanleria eta istripuan jarduten dutenak babesteko neurriekin erlazionatuta ematen dituen gomendioak. Horrez gainera, erakunde horrekin etengabe harremanetan egongo da larrialdiak irauten duen bitartean, eta jarduketak koordinatzeko beharrezkoa den informazio guztia partekatu dute.
Bestalde, Segurtasun Nazionaleko Kontseiluak berehala emango dio Jaurlaritzari edozein istripu erradiologikoren berri, eta, horrez gainera, Larrialdiei Aurre Egiteko Planaren zuzendariari aholku emango dio salgai arriskutsuak errepidez eta trenbidez garraiatzeak dakarren istripu-arriskuari buruz, eta Arrisku Erradiologikoari Aurre Egiteko Larrialdi Planaren zuzendariari, berriz, larrialdiak izandako ondorioak arintzeko hartu beharko liratekeen babes-neurriei buruz.
Hitzarmena behar bezala garatzen eta betetzen dela zaintzeaz alde bakoitzeko hiru pertsonak osatutako Jarraipen Batzorde bat arduratzen da. Euskadiren kasuan, batzordekideak dira Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendaria, Zuzendaritza horretako Planifikazioaren arduraduna eta Industria Administrazio eta Segurtasuneko Zuzendaritzako Instalazio Erradiaktiboen Zerbitzuaren arduraduna.