Lehendakariak Bizkaiko Caritasen egoitza eta instalazio batzuk bisitatu ditu Joseba Segura Bilboko gotzainarekin batera

0

Imanol Pradales lehendakaria, Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuarekin batera, Bizkaiko Caritasek egiten duen lana bertatik bertara ezagutzera hurbildu da gaur goizean. Joseba Segura Bilboko gotzainarekin batera, lehendakaria eta sailburua erakundeko zuzendaritza-taldeak hartu du, Elena Unzueta Bizkaiko Caritasen zuzendaria buru zuela.

Caritasek lurralde historikoan egiten duen lana ezagutu ondoren, lehendakaria eta gotzaina, Melgosarekin eta Unzuetarekin batera, Bilboko San Frantzisko auzoko Hargindegi zentrora hurbildu dira. Zentro horretatik, Caritasek ekintza integraleko eredu bat eskaintzen du, batez ere familiei zuzendua, eta 94 nazionalitate ezberdinetako pertsonei arreta zuzena ematen die.

Caritas Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeetako bat da, eta Eusko Jaurlaritzarekin lankidetza estuan jarduten du. Besteak beste, Caritas Boluntariotzaren Euskal Kontseiluaren osoko bilkurako eta batzorde iraunkorreko kidea da. Valentziako uholdeek eragindako krisi humanitarioaren ondorioz Euskadin sortutako lantaldeko kide ere bada, eta bertatik bertara lan egiten du eta informazioa zuzenean helarazten du. Berez, Sailak dirulaguntzak biltzeko sortutako diptikoan ere sartu da Caritas. Gainera, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak zuzenean diruz lagundutako zazpi proiektu ere sustatzen ditu Caritasek; adineko pertsona kalteberei, gizarte-bazterketako arriskuan edo egoeran dauden gazteei edo gizarte-zaurgarritasuneko egoeran dauden eta seme-alabak dituzten familiei zuzendutako proiektuak dira.

Caritas errefuxiatuei harrera eta integrazioa eskaintzeko Babes Komunitarioa programako kide ere bada, bai eta atzerritartasunari buruzko informazioa, orientazioa eta aholkularitza juridikoa ematea helburu duen Aholku Sarearen parte ere. Gainera, borondatezko ekintzak sustatzen dituen lanak eta gaitasunak aitortzeko eredua edo sistema lantzeko prozesuan oinarritzen den Re-compensa proiektuaren buru da.

Martxora arte behin betiko daturik emango ez bada ere, Caritasek ia 11.000 pertsona artatu zituen Bizkaian abenduaren hasierara arte, zehazki 10.978 pertsona, eta horietatik % 52 emakumeak ziren. Caritasek pobreziari, zaurgarritasunari eta gizarte-bazterketari aurre egiteko arreta, laguntza eta hainbat zerbitzu eskaini zizkien.

2024ko hamabigarren hilabetera arte, Bizkaiko Caritasek 4.400 pertsona inguru artatu zituen seme-alabak zituzten familietan, eta horietatik 1.890 inguru (% 43) emakume bat buru zuten guraso bakarreko familietakoak ziren. Caritasek nabarmendu du hori dela pobrezian eta gizarte-bazterketako arriskuan presenteena dagoen taldeetako bat. Eta, gainera, belaunaldien artean pobrezia transmititzeko arriskua dakarrela dio; izan ere, pobrezia-baldintzetan eta gizarte-bazterketako arriskuan hazteak areagotu egiten ditu helduaroan baldintza eta egoera horiek jasateko aukerak.