Datozen bi hilabeteetan, gunera baimenik gabe sartzen diren ibilgailuek arau-hausteari buruzko informazio-oharra jasoko dute
Donostiako Udalak datorren astelehenetik aurrera, urtarrilaren 13a, hasiko du Isuri Gutxiko Eremuko sarreren kontrolaren prozesu informatiboa. Hala, datozen bi hilabeteetan, eremura baimenik gabe lehenengo aldian sartzen diren ibilgailuek jakinarazpen bat jasoko dute, arau-haustearen berri emateko.
Etxean jasoko duten jakinarazpen horren bidez, pertsona hauei arau-hauste bat egin dutela jakinaraziko zaie (luzapen-aldi horretan ez da zehagarria izango), eta gogoraraziko zaie haien kasua baimena eskuratzeko salbuetsitako kasuen artean badago egoera arautu ahal izango dutela www.donostia.eus/ige web-orrian eta IGEak Arroka plazan dituen informazio-bulegoetan.
Kasua salbuetsita ez badago edo dagokion baimena izapidetu ez bada, martxoaren 14tik aurrera ibilgailu horiek 200 euroko isuna jasoko dute Isuri Gutxiko Eremura sartzean, eta kopuru hori % 30 igo daiteke berreroriz gero (arau-hauste bat baino gehiago urtebetean).
Lehen datuak
Azken asteetan zehar, Isuri Gutxiko Eremurako sarbideen aurretiazko kontrolak egin dira, eta horiek lehen gutxi gorabeherako datuak eman dituzte.
Indarrean sartu zen lehen astean (abenduaren 16tik 23ra) jasotako datuek erakusten dute eremura sartu diren ibilgailuen % 80k ingurumen-etiketa zutela, eta, beraz, inolako izapiderik egin beharrik gabe zuzeneko baimena zutela.
% 15 atzerritarrak edo DGTren erregistroan identifikaziorik ez zuten ibilgailuak izan ziren (nahitaezkoa da donostia.eus/zbe bidez hauek erregistratzea eremura sartu aurretik), eta gainerako % 5a ingurumen-etiketarik ez zuten ibilgailuak ziren, eta, beraz, ezingo ziren sartu, salbu eta salbuespenezko kasuetan baimena izapidetzen bazuten.
IGEa indarrean sartu zenetik jasotako salbuespeneko kasuetarako baimen-eskaerei dagokienez, mugikortasun murriztuko Europako txartela duten pertsonen garraioarekin lotutakoak nabarmentzen dira ( % 26), gunearen barruan dauden garaje-plazen jabe edo emakidaren titular direnenak ( % 23) eta ohiko zerbitzu edo errepikarienak ( % 22). Era berean, dagokion izapidearen bidez identifikazioa eskatu duten atzerriko ibilgailuen kopurua oso handia da (2.000 ibilgailu baino gehiago).
Lehen fasearen behin betiko ezarpena
Horrekin guztiarekin, IGEaren lehenengo fasea behin betiko ezarrita egongo da. 2025etik 2028ra bitartean, ingurumen-etiketarik gabeko ibilgailuak ezin izango dira eremura sartu, salbu eta baimen zuzena duten salbuespenezko kasuetan eta baimen puntuala, aldi baterakoa edo iraunkorra eskatu ahal izango den beste kasu batzuetan. 2028tik aurrera, bigarren fasean, ingurumen-etiketarik ez duten edo B etiketa duten ibilgailuak ezin izango dira IGEra sartu, salbuespenezko kasuetan izan ezik.
Etiketarik gabeko ibilgailuen artean, inolako izapiderik egin beharrik gabe zuzeneko baimena izango dutenak honako hauek dira: IGEan erroldatuta dauden eta DGTn erroldatutako helbidea eremuari dagokion ibilgailuak (bigarren fasean ez dira baimenduko etiketarik gabeko ibilgailuak, 70 urtetik gorako egoiliarrentzat izan ezik), IGEan erroldatuta ez dauden baina salbuespenezko TAO araubideei lotutako baimena duten pertsonen ibilgailuak (mugikortasun murriztua eta jarduera ekonomikoak), DGTk historikotzat jotako ibilgailuak eta taxi edo gidaridun garraio-ibilgailuak (bigarren fasean ez da etiketarik gabeko ibilgailurik baimenduko taxien eta VTCen kasuan).
Gainerako kasuak www.donostia.eus/ige web orrian kontsulta daitezke. Bertan, gainera, ibilgailu bakoitzaren ingurumen-bereizgarria ezagutu ahal izango da matrikula-zenbakiaren bidez. Azpimarratu behar da ez dela beharrezkoa izango bereizgarri hori ibilgailuan jartzea, hiriko sarreretan dauden kameren bidez egingo baita egiaztapena.
Informazio guneak
Udalak herritarrei informazioa eta arreta emateko hainbat bide jarri ditu martxan, hala nola herritarrek Isuri Gutxiko Eremuari buruz dituzten zalantzei erantzuteko bulego bat, telefono bidezko arreta eta tramiteak online egiteko webgune bat.
Arroka plazako 5. zenbakian dagoen bulegoak 4 arreta-postu ditu eta 6 hilabetez egongo da irekita, IGEari buruzko informazioa emateko eta behar diren izapideak aurrez aurre egin nahi dituzten pertsonei laguntzeko.
Erreferentzia-puntu hori astelehenetik ostiralera dago irekita, 9:00etatik 14:00etara (asteazkenetan ere 16:00etatik 18:00etara), eta, gainera, Udalinforekin harremanetan jartzeko ohiko zenbakiaren bidez telefono bidezko laguntza eskaintzen du (010 – 943481000, udalerritik kanpo).
Telefono bidezko arretaren kasuan, Udalak laguntza birtualeko sistema bat gaitu du bulegoak itxita edo linea guztiak okupatuta daudenean arreta emateko, etengabeko zerbitzua bermatzeko helburuarekin.
Aurrez aurreko eta telefono bidezko arretaz gain, Udalak donostia.eus/ige webgunea gaitu du Isuri Gutxiko Eremuari buruzko informazio guztia eskaintzeko, eta, gainera, baimenak eskatzeko izapideak egiteko bidea izango da, beharrezkoa izanez gero.
2025/01/10-an argitaratua