Etxetik atera eta osasun-zentrora hurbiltzeko zailtasunak dituzten paziente zaurgarriei zuzendutako bideokontsultak egingo dira, Maite Martínez de Albéniz Asistentzia Sanitarioko zuzendariak Euskadi Irratian azaldu duenez
Osakidetzako Asistentzia Sanitarioko zuzendariak, Maite Martínezek, gogorarazi du teknologia berriek eta adimen artifizialak funtsezko zeregina izango dutela arreta sanitarioa hobetzeko. Hala ere, ez dute inola ere ordeztuko asistentzia presentziala mota horretako arreta behar duten pazienteen kasuan. Hori azaldu du gaur goizean Euskadi Irratiko Faktoria programan izan duen elkarrizketa batean.
Izan ere, Osakidetza paziente zaurgarriei tele-kontsultak egiten hasiko da, hots, euren egoeragatik etxetik irteteko eta osasun-zentrora joateko zailtasunak dituztenei. Osakidetzak arreta sanitario publikoaren bilakaera digitala indartzeko eta biztanleriari baliozko zerbitzu seguruak emateko egiten duen teknologia berrien erabileraren adibide bat baino ez da hori. Eta ez da erabilera bakarra, hain zuzen ere, Osakidetza adimen artifiziala probatzen ari da bularreko minbiziari heltzeko. «Teknologiak osasun-sistema esparru guztietan eraldatzen lagunduko digu, baina horrek ez du esan nahi betiko arreta, hau da, presentziala, aldatuko dugunik», azaldu du Martínezek.
Itxarote-zerrendak ere tresna informatiko berrien onurak jasotzen ari dira, uztailetik azarora 15 egunetan murriztu baitira. Neurri-sorta bat aplikatu denez, kirurgiako batez besteko atzerapena 52 egunekoa da gaur egun. Ebakuntza-gelen erabilera hobeto antolatzeko aukera ematen duten teknologiez gain, neurri horien artean honako hauek ere sartzen dira: batzorde kirurgikoak sortzea edo jarduera areagotzea, fakultatibo berrien kontratazioaren ondorioz.
Era berean, ospitale-sarea eta Lehen Mailako Arretako osasun-zentroak zer egoeratan dauden aipatu du Martínezek, gripearen intzidentziaren gorakada kontuan izanda. Ildo horretan, iazkoaren antzeko egoera ematen ari dela eta parametro normalen barruan dagoela azaldu du, eta esan du sisteman presio handiagoa nabaritzen hasi den arren, «Osakidetza prest dagoela» egoerari aurre egiteko. Txertaketa-kanpaina funtsezkoa izan da, horri esker kasu larri gutxiago egotea lortu baita. Izan ere, aurten guztira 531.000 pertsonek jaso dute txertoa, hau da, iaz baino % 4 gehiagok.