Eusko Jaurlaritzak 500 milioi euroko laguntza-programa bat abiatuko du Enpresa Txiki eta Ertainentzat. Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak aurreratu du martxotik aurrera eskatu ahal izango dituztela laguntzak EAEko ETEek.
Sailburuak gogorarazi du joan den urteko programaren baitan, onuradun izan zirela 4.100 enpresa baino gehiago (batez ere ETEak) eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko 68 eragile. Era berean, 272,3 milioi euroko inbertsio publikoak 745 milioiko inbertsioa bultzatu zuen sektore pribatutik.
Mikel Jauregik Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan adierazi duenez, «Eusko Jaurlaritzak sustatutako politikek ekarri dute inbertitutako euro publiko bakoitzeko 2,73 euro inbertitzea enpresetatik”. Sailburuaren ustez, inbertsio publikoak enpresa-inbertsioa bultzatzen du I+G, eraldaketa digitala, nazioartekotzea edo deskarbonizazioa bezalako arlo garrantzitsuetan.
Sailburuak emandako datuen arabera, industria sustatzeko programek 751 lanpostu berri sortu eta 2.411 finkatzea lortu zuten.
Azkenik, Mikel Jauregik adierazi du iazko laguntza-programak 31 enpresa ezartzen lagundu zuela eta enpresa horiek, 68,4 milioi euroko inbertsio berriak egin zituztela. Enpresa horien erdiak baino gehiago industria-jarduerarekin lotuta daude. Nabarmentzekoak dira energiaren sektorea ( % 14), ABEak eta elektronika ( % 13), automobilgintza ( % 12) eta ekonomia zirkularra ( % 11).
Administrazio Orokorreko langileen bitartekotasuna-tasa %14koa
Administrazio Orokorreko langileen bitartekotasuna %14koa izango da martxoan, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak azaldu duenez.
«Beraz – adierazi du Maria Ubarretxena bozeramaileak –, euskal administrazio orokorreko langileen egiturazko bitartekotasun-tasa 2025. urtearen amaieran %8ra hurbiltzeko helburuari eusten diogu”.
Jaurlaritzaren bozeramaileak azaldu du, helburua dela bitarteko 2.378 langile izatetik martxoan 1.073 izatera pasatzea. Sailburuaren hitzetan, “Eusko Jaurlaritzak Administrazio Orokorreko plantilla egonkortzeko prozesuko lanpostuen behin betiko esleipenarekin amaitu zuen 2024.urtea; Administrazio Orokorreko 3.400 funtzionario ingururen postua finkatu da dagoeneko eta 2025ean lekualdatze-lehiaketak egingo ditugu”.
2022., 2023. eta 2024. urteetan, Jaurlaritzak 3.400 plaza egonkortzeko deialdiak egin zituen 140 Lan Eskaintza Publikoren bidez.
Lanpostu horiei, 2024aren amaieran iragarritako ia 4.000 lanpostuko LEPa gehitu behar zaie; horietatik, 420 dagozkie administrazio orokorrari.
«Gure konpromisoa da – esan du bozeramaileak- urtero, enplegu publikoko eskaintzak eta funtzionarioen artean lanpostuak betetzeko prozesuak deitzea».
Amaitzeko, bozeramaileak argitu nahi izan du aipaturiko datuak egiturazko behin-behinekotasunari dagozkiela, “egiturazko behin-betikotasun tasak ez ditu aurreikusten laneko bajak eta horien ondorioz, aldi baterako ordezkapenak egiten ari diren langileak, ez eta, premiak behartuta, salbuespenezko egoera gisa, eginkizun jakin batzuetarako kontratatzen diren langileak ere”.
Lehendakariaren agenda Katalunian
Bestalde Lehendakariak datorren asteko ostegunean lan-bilera bat izango du Salvador Illa Kataluniako Generalitateko presidentearekin. Lehen topaketa instituzional hau Generalitatearen Jauregian egingo da eguerdiko 1ak aldera.
Landu beharreko gaien artean, Estatuko egoera sozioekonomikoa eta migrazio-politikak nabarmentzen dira, besteak beste. Bi presidenteek aukera izan dute dagoeneko Bruselan eta Santanderreko presidenteen Konferentzian gai instituzionalak aldebiko moduan jorratzeko.
Ostegun arratsaldean ere, La Vanguardia Foroan parte hartuko du Lehendakariak eta ostiralean Josep Rull, Kataluniako Parlamentuko presidentearekin izango du bilera.