Euskadik beste urtebetez eutsi dio emate- eta transplante-tasari, estatuko batez bestekoaren gainetik eta nazioartekoaren gainetik

0
  • Pandemia jasan arren, azken bosturtekoan emate-tasa 50 emailetik gora mantentzea lortu du milioi biztanleko (pmb)
  • 2024an 269 pertsonari egin zitzaizkien transplanteak Euskadin edo Euskadirekin hitzarmena duten autonomia-erkidegoetan, hau da, 121 pmb-ko tasa lortu zen

Euskadik, 2024an, 56,6 emaileko tasa erregistratu zuen milioi biztanleko (pmb), eta horrek Estatuko batez bestekoaren gainetik egoten jarraitzen du, eta are gehiago nazioartekoaren gainetik, organoak eta ehunak emateari eta transplantatzeari dagokionez.

Eboluzioa aztertuz gero, azken bosturtekoan, eta pandemia jasan izan arren, Euskadik urteko batez besteko tasa 50 pmb-tik gora eustea lortu du, eta kopuru hori da Espainiako Estatuaren egungo helburua.

2024an, emaileen heriotzen % 48, istripu zerebrobaskularraren ondorioz gertatu ziren, eta zirkulazio-istripuen ondoriozko traumatismo kraneoentzefalikoaren kopurua % 2,7 murriztu zen. Nabarmentzeko modukoa da, halaber, Osakidetzaren esperientzia pilotu gisa Estatuan sortutako zirkulazio-irizpideen (asistolian) ondoriozko heriotzen osteko donazio-prozesuak finkatu izana; izan ere, irizpide neurologikoek (heriotza entzefalikoan) eragindako heriotzen ondorengo emate klasikoarekin parekatzen dute aurten. Emaileen batez besteko adina 59 urte izan zen.

Transplanteen jarduerari dagokionez, 2024an, guztira 269 pertsonari egin zitzaien organoen transplantea Euskadin edo honekin hitzarmenak sinatuta dituzten beste autonomia-erkidego batzuetan; hau da, 121 pertsona milioi biztanleko.

2024an, Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea giltzurruneko 5.000 transplante egitera iritsi da programa 1979an abian jarri zenetik. Gibeleko transplante-taldeak Estatuko batez bestekoaren gainetik mantentzen du transplante-tasa, emaitza bikainekin.

Donostia Unibertsitate Ospitaleak, hezur-muinaren transplantea egiteko erreferentziazko zentroak, 71 transplante alogeniko (ahaidetuak eta ahaidetasunik gabeak) egin zituen, hau da, hazten ari den eta iparraldeko zona deiturikoan erreferentziazkoa den jarduera bat.

Bestalde, Galdakaoko Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroak transplanteari begira giza ehuna biltegiratzeko, prozesatzeko eta banatzeko lan handia egiten jarraitzen du. 2024an, 368 kornea eman ziren, eta 73 hezur zati eta tendoi.

Datu horiek ikusita, Osasuneko sailburu Alberto Martinezek esker ona adierazi die emateak eta transplanteak koordinatzeko prozesu konplexuan parte hartzen duten profesional guztiei: bai osasun-arlokoei (ospitalekoak eta lehen mailakoak), bai osasun-arlotik kanpokoei (epaileak, auzitegi-medikuak, organoen garraio-taldeak eta sanitarioen lekualdaketak, aireportuak, Ertzaintza, besteak beste).

Eta, jakina, euskal gizarte osoari helarazi dio bere esker ona —beste behin ere elkartasunaren eta altruismoaren eredu—, eta bereziki nabarmendu ditu hain une zailetan beren eskuzabaltasun handiaren erakusle diren pertsona eta familia guztiak. Gaixoen elkarteak ahaztu gabe, gizartea kontzientziatzeko egiten duten lan goresgarriagatik.