Ernesto Valverdek 2024-25 denboraldian lehoiak egiten ari diren partida eta ibilbidea goraipatu ditu
Entrenatzaile zuri-gorriak prentsaurrekoa eskaini du Athletic Clubek RC Celtari 1-2 irabazi ondoren. Joan den ostegunean Kopan jasotako belarrondokoaren ondoren, Ernesto Valverde harro agertu da bere jokalariek egin duten lanarekin: «Nire taldea asko gustatzen zait: gaur, irabazi egin dugula, galdu genuen beste egunean, eta FC Barcelonaren aurkakoan ere bai. Beti dugu lehiatzeko prestasuna. Nire jokalariek beti eskaintzen dute dena irabazteko eta partidaren pisua eramateko bermea, hori da nire taldearen onena».
Lehoiak ezin hobeto aritu dira Balaidosen, galiziarren aurka merezimenduzko garaipena lortu dutelarik. «Egiten dudan irakurketa da etxean aurkari indartsua izan ohi den eta norgehiagokaren pisua eramaten duen taldearen aurka neurketa bikaina jokatu dugula. Gaur ez diegu utzi eta, nagusitasunaren ondorioz, bi golak egin ahal izan ditugu. Gure ohiko mailan jokatu dugu, oso ondo lehiatuz. 0-2koarekin kolpea nabaritu dute, norgehiagoka nahi genuen tokian genuen eta jokaldi zentzugabe batean 1-2koa egin digute. Ofizioz erantzun dugu eta hiru puntu lortu ditugu azkenean», gaineratu du teknikari zuri-gorriak.
Athleticek LaLigan 11. neurketa jarraian kateatu du porrotaren berri izan gabe, eta laugarren postuan indartu da, FC Barcelonarekin 39 puntutan berdinduta. Ernesto Valverderen iritziz, «laugarren gaude, Txapeldunen Ligako postuetan, eta partidaz partida joan behar dugu lanean. Egoera honetan egotea sintoma ona da, eta gure zaleak gurekin ilusionatzea nahi dugu. Hala ere, asteazkenean Besiktasen aurka jokatu behar dugu eta igandean Leganesen aurka. Horiek dira ezarrita ditugun gertuko helburuak».