Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok gaur aurkeztu du Euskal Autonomia Erkidegoak 2025eko Nazioarteko Turismo Azokan (Fitur) izango duen parte-hartzea. Azoka urtarrilaren 22tik 26ra egingo da Madrilen. Lander Imaz Basqueturreko Marketing Zuzendariarekin batera egin du prentsaurrekoa Sailburuak. Bertan, euskal turismo-industriak bizi duen une garrantzitsua azpimarratu du, pandemiaren erronkak gainditu ondoren sektore sendo, lehiakor eta berritzaile gisa indartuta baitago.
«Euskal Autonomia Erkidegoko turismoa ez da 110.000 familia baino gehiagori lana ematen dien BPGd-ren % 6,6 soilik, beste sektore batzuetarako motorra ere bada, hala nola garraioarentzat, kulturarentzat eta merkataritzarentzat. Arrakasta hori hamarkada bat baino gehiago bultzatzen daramatzagun gure turismo jasangarriaren ereduan datza, bisitarien, sektoreko profesionalen eta gure herritarren arteko oreka lehenetsiz», nabarmendu du Hurtadok.
Aurtengo edizioan, Euskal Autonomia Erkidegoak bi ardatz nagusi izango ditu Fiturren: jasangarritasun turistikoarekin duen konpromisoa eta profesionalen lan bikainaren aintzatespena. Protagonista izango diren ekimenen artean, sailburuak turisten eta egoiliarren arteko bizikidetza sustatzeko sentsibilizazio-kanpaina bat aurkeztuko dela azpimarratu du, baita Euskadiko Turismoaren Kode Etikoa finkatu dela ere; azken horretara dagoeneko 800 enpresa baino gehiago daude atxikita. «Kode Etikoa ez da asmoen adierazpen bat soilik; sektoreak jasangarritasunarekin eta kalitatearekin duen konpromisoa islatzen duten prestakuntza, ebaluazioa eta auditoriak barne hartzen ditu kode horrek», azaldu du.
Euskal Autonomia Erkidegoaren stand-a 900 metro karratuko espazio berritzailea izango da, tradizioa eta modernitatea uztartzen dituen txalaparta handi gisa diseinatua. Pantaila handiek irudi inprimatuak ordeztuko dituzte, Grand Tour Euskadi Basque Country-ari bizia emanez. Zortzi etapako ibilbidea da, eta ekoturismo, zikloturismo, industria-turismo, familia eta gastronomiako esperientziak uztartzen ditu. Diseinu horrek turismoaren desestazionalizazioa eta lurralde osoan barrena bisitari-mugimendu handiagoa sustatzea du helburu.
Gainera, stand-ak 200 metro karratu baino gehiagoko bilera-gune zabal bat izango du, harreman eta topaketa profesionalak gauzatzeko. Hurtadok adierazi duenez, aurreko edizioan 800 bilera baino gehiago egin ziren, eta aurten kopuru hori gainditzea espero da, Fiturrek turismoaren sektorerako funtsezko plataforma gisa duen garrantzia indartuz. Halaber, 25 aurkezpen instituzional eta enpresarial baino gehiago egingo dira, streaming bidez ikusi ahal izango direnak, Euskal Autonomia Erkidegoaren ikusgarritasuna indartzeko nazioarteko bisitarien aurrean.
«Euskal Autonomia Erkidegoan turismoa zifrak baino askoz gehiago da; gizarte kohesionatuagoa eta orekatuagoa eraikitzeko tresna da. Herritarrak turismoaren onuren partaide izatea nahi dugu, ez bakarrik ekonomikoki, baita kulturalki eta sozialki ere», azpimarratu du sailburuak. Azkenik, Hurtadok berretsi egin du bere sailak turismo arduratsua garatzeko duen konpromisoa, sektorearen eskubideak zein herritarren ongizatea defendatuz.