Eusko Jaurlaritzak eta Ordiziako Udalak duten lankidetza 146 etxebizitza publiko eraikitzeko ekimen berrien bidez sendotu dute

0

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasok, Etxebizitzako sailburuorde Miguel de los Toyos eta Visesako zuzendari nagusi Carlos Quindós aldamenean zituela, Ordiziako alkate Adur Ezenarrorekin batera bisitatu ditu ostegun honetan Gipuzkoako udalerrian 146 etxebizitza publiko garatzeko funtsezkoak diren hainbat partzela. Ekitaldiak Eusko Jaurlaritzaren eta Ordiziako Udalaren arteko lankidetza emankorra erakusten du, eta etxebizitza babestuen eskaera gero eta handiagoari erantzuteko estrategia bateratu baten barruan kokatzen da.

Bisitan, Floreagako partzelak ikuskatu dira; bertan, Sailak 36 etxebizitza babestu eraikitzeko lanak martxan daude. Sailburuak azaldu duenez, «proiektu hau urteetan baztertuta geratutako lurzoruak garatzeko etengabeko ahaleginaren adibide da». Zentzu horretan, Itxasok nabarmendu du «lehen 12 etxebizitzen sustapena esleipen-fasean» dagoela, eta obrak, 1,89 milioi euroko (+ BEZa) kostuarekin, «udaberrian hasiko direla». Beste 24en sustapena, berriz, aurten lizitatzeko programatuta dago.

Etxebizitzen ezaugarriak

Alokairuko 12 BOEren sustapenak bi logelako 11 etxebizitza eta gela bateko 1 izango ditu, eta guztiek kanpoko espazioa (terraza/balkoia), garajea eta trastelekua izango dituzte. Etxebizitza horien azalerak 54 eta 65 m2 erabilgarri bitartekoak dira.   Gainera, mugikortasun urriko pertsonentzat egokitutako etxebizitza bat du proiektuak. DGA (Miguel Ángel Díaz, Elena Chavarri eta Andrés Taberna) izan da proiektua idazteaz arduratu den enpresa.

Alokairuko 24 BOEren sustapenari dagokionez, 23 etxebizitza 2 gelakoak izango dira eta 1 logela bakarrekoa. Etxebizitza guztiek kanpoko espazioa (terraza/balkoia), garajea eta trastelekua izango dituzte. Kasu honetan, azalerak 55 eta 65 m2 erabilgarri bitartekoak dira. Sustapenak mugikortasun urriko pertsonentzat egokitutako etxebizitza bat du, eta obraren aurrekontua 4.509.087,09 eurokoa (+ BEZa) da. Apeztegia arduratu da proiektua idazteaz. Bi eraikinek kalifikazio energetiko altuena (A) izango dute.

Bestalde, Ordiziako Udalak paraleloan lan egiten du San Joan esparruan. Bertan, iaz Visesak, Udalak eta Ordizia Lantzen udal-sozietateak sinatutako hitzarmen bati esker, etxebizitza babestuen eskaintza handitu ahal izango da hainbat partzela estrategikotan, babes ofizialeko 60 etxebizitza izatera iritsiz a.40.6/1 partzelan (Eraikuntza Instalazio eta Obren gaineko Zergaren % 95eko hobaria du). Gaur egun, Udala Plan Partzialaren aldaketa bat onartzeko lanean ari da, etxebizitzen kopurua hitzartutako kopuruetara handitzeko eta, aldi berean, partzela bakoitzean etxebizitza bakoitzeko aparkaleku-plaza bat arautzeko. Onarpen horren ondoren, jabe pribatu batekin akordio bat lortu ahal izango da a.40.6/2 lurzatian babes ofizialeko beste 50 etxebizitza sustatzeko.

146 etxebizitza izatetik 226 izatera igarotzea

Era berean, Visesa lanean ari da a.40.7/1 eta a.40.7/2 partzelak eskuratzeko. Partzela horietan beste 80 etxebizitza eraikitzeko aukera legoke (40+40). Partzela horien hitzarmena sinatzeko, etxebizitza bakoitzeko garaje bat izateko eta garaje librerik ez egoteko formula aurkitu beharko da (gaur egun, Plan Partzialaren aldaketa egiten ari dira, aparkaleku-plazak murrizteko). Akordio hori lortuz gero, Eusko Jaurlaritzak 226 etxebizitza jarriko lituzke herritarren eskura Gipuzkoako herri horretan.

Bestalde, bisitaren aurretik Udaletxean egindako bileran garrantzi bereziko gaiak jorratu dira, hala nola, udalerriak eremu tenkatu izendatzeko duen interesa, neurri horrek alokairuaren merkatuaren erregulazioa eta kontrola indartuko bailituzke. «Ordizia eremu tenkatu izendatzea, onartuz gero, gehien behar duten familiei etxebizitza eskuratzeko aukera bidezkoagoa bermatzea ahalbidetuko digun tresna da. Ezinbestekoa da udalekin batera lanean jarraitzea, kolore politikoa edozein dela ere, herritarren benetako beharrei erantzuteko», aitortu du Itxasok.

Bestalde, Adur Ezenarro alkateak proiektu hauetan aurrera egitearen garrantzia azpimarratu du, udalerrian dagoen eskaera altuari erantzuteko.

Etxebideren azken datuen arabera, 430 bizikidetza-unitatek eskatzen dute etxebizitza babestua Ordizian, eta horietatik 392k alokairu-erregimenean. «Zifra horiek erakusten dute premiazkoa dela Eusko Jaurlaritzarekin batera egiten ari garenaren moduko ekimenak bultzatzen jarraitzea», adierazi du alkateak. Aldi berean, Ordizia eremu tenkatu izendatzea eskatzeko lanean ari dira. «Laster aurkeztuko den etxebizitzari buruzko diagnostikoa egin da jada, eta etxebizitza-plana lantzen ari gara», ziurtatu du Ezenarrok.

2025eko azken lauhilekorako aurreikusitako San Joan esparruko Plan Partzialaren aldaketa puntualaren behin betiko onarpenarekin, etxebizitza babestuen eskaintza finkatzea espero da, tokiko eskariari erantzuteaz gain, Ordiziari hirigintza-garapen jasangarri eta irisgarriko eredu bihurtzeko aukera ere emango dio.

Ekitaldia amaitzeko, bertaratutako erakundeen konpromiso-mezua eman du. «Gure lehentasuna argia da: herritar guztiei etxe duina bermatzea. Eta ahal den modu bakarrean egiten dugu: ahaleginak batuz eta gure ezberdintasunak alde batera utziz Euskal Autonomia Erkidegoaren etorkizuna elkarrekin eraikitzeko», esan du Itxasok.